Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

PEZETA LAGA EUROA HARTU

PEZETA LAGA, EUROA HARTU

Diru berria erabiltzeko ordua gertu dagoenez, gure artean gero eta gehiagotan dabilkigun gaia dugu euroarena. EUROA gora eta EUROA behera gabiltza aspaldian gure arteko elkarrizketetan, solasaldietan, eta taberna bazterreko tertulietan.

Nahiz eta arazoa handia ez izan, badugu barruan halako kezka bat beti erabili dugun PEZETA desagertu egiten delako martxoaren 1ean gure poltxikoetatik.

Gure bizitzan zehar beti pezeta erabilli dugunok eta adinean aurrera doazenak arazo batzuk edukiko ditugula dirudi sal-erosketa guztiak euroarekin egitean, nahiz eta matematikoki euroa eta bere zatiak ondo erabili.

Gure adinean salneurri guztiak pezetatan memorizatuta dauzkagunok, euroarekin erosketak egitean erreferentzi bezela pezeta erabiliko dugula iruditzen zait, epe batean behintzat, nahiz eta diru mota hori desagertuta egon gure poltxikoetatik.

Atzera begiratzen badut, ohartzen naiz gure gurasoak beti errealetan mintzatzen zirela salneurriak aipatzean, halanola: “1000 erreal”, “4000 erreal”, eta abar. Gu berriz errealak pezetetara itzultzen ibiltzen ginen, pezeta baikeguen guk erreferentzi buruan. Gaur laguntza ugari dugu aldaketa hau ondo bideratzeko, telebistak eta irratiak askotan errepikatzen dute “6 euro 1000 pezeta”, eta “60 euro 10000 pezeta” direla gogoratuaz.

Kutxak eta beste banketxeek ere bere orriak bi eratara idazten dituzte, baina hala ere gure buruak badu nahiko lan aldaketa hau ondo kalkulatzen. Eskerrak gaur egun ditugun poltxikoko kalkulagailu horiei, hauek berehala bihurtzen baitituzte pezetak eurotara. Denboraldi batean hauen beharra izango degula iruditzen zait.

Desagertzera doan pezetaren historiari begiratzen badiogu, XIX. Mendera joan beharrean gara. 1808an Napoleon Espainiara etorri zenean bere anaiak egin omen zituen lehenengo pezetak, armarri kataluniarra atzean zuelarik. Zilarrezkoak omen ziren, nahiz eta artean estatu espainiarrean ofizialtasunik ez izan.

Ofizialtasuna 1869an lortu zuen moneta honek, behin-behineko gobernua agintean zegoelarik, eta honekin batera sistema metrikoak ere hala lortu zuen. Lehenengo egin ziren pezetak zilarezkoak omen ziren, eta bere pisua 5 gramokoa omen zen. 200 pezetak kilo bat zilar osatzen zuen eta azkenengo aldiz 1934an egin ziren pezetak zilarrezkoak, geroztik materiala aldatu zioten, brontzea eta beste aleazio batzurekin egitera pasa zirelarik. Kolorea aldatu zitzaion eta hortik dagor “peseta rubia”-ren izena.

Pezeta izenaren jatorriaz bi bertsio badira gutxienez. Batek dio hegoameriketatik etorria dela, han PESO deitzen ziotela diru mota bati, femeninora aldatu eta peseta. Besteak dio Kataluniatik datorrela, han diruari “PECA” deitzen zioten, “pieza” gazteleraz, eta hau txikia zenez diminutibora aldatu eta “peceta”. Hortik peseta izena. Adituek diotenez bigarren bertsio hau omen da fidagarriena.

Izenaren jatorria bat edo beste izan badirudi pezetaren bizitza gure artean luzea izan dela, 1869an sortu eta 2002an desagertu, bere iraupena 133 urte, nahiz eta beti bezela batzuk asko izan esku artean eta beste batzuk beti faltan poltxikoan.

Konparaketa bat aipatuko dugu pezeta agurtzeko: 1869an sortu zenean 5 gramo zilarrek pezeta baten balioa zuen, “lau errial”, eta 2002an desagertzera doanean 5 gramo zilarrek 500 pezeta, “bi mila errial”. "ONGI ETORRI EUROARI AIZARNARA"

Jon Egiguren

danbolin aldizkarian argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>