Organo kontzertua Aizarnan
Entzun berria dut Aizarnako Parrokiko organo zaharrarekin Loreto F. Imazek eman duen kontzertua. Honen harira, organo zahar honen historiaren zati txiki bat kontatuko dut lerro hauetan, ondoren Aizarnara begira dagoen Web orrian jasotzeko.
Esan behar jende multzo polita inguratu zela bertara eta kontzertu honetan, beste batzuen artean, Juan de Antxieta urrestildarrak orain dela 500 urte konposatutakoak entzun genituela. Garai haietan konposatutako musika entzuteak ere badu bere xarma, Urrestilakoa zela jakinda gehiago gainera.
Haizearekin baliatzen den instrumentu honen berri oso gutxi dakit nik, baina elizak bisitatzera sartzen naizen bakoitzean beti begiratzen diet organoei; argazki bat jaso gabe gutxitan irten ohi dut bertatik.
Tresna hauei aurretik begiratuta, teklatua eta tutu batzuk besterik ez dira ikusten, berauek sostengatzen dituen altzariaz aparte. Baina ateratzen dituzten soinuak ateratzeko, barruan duten antolaketa ikaragarri dela zalantzarik ez.
Azken aldi honetan organo hauen barrua ikusteko aukera ere izan dut, eta esan behar barruko tresneriari harriduraz egon naizela begira. Gutxienez 1200 tutu bazituen ikusi nuen organoak, eta bakoitzak bere nota zuen. Hortik pentsa zer tresneri daukaten barruan instrumentu hauek.
Musika kontuan ere oso gutxi dakit, gustura entzuten ditudan doinuak nire gazte garaian dantzalekuetan entzuten nituenak dira. Baina organo baten edozein doinu isilean eta arretaz entzutea erlaxatzeko lagungarria dela esango nuke. Niri hala gertatu zait behintzat.
Aizarnako organo hau badakigu ez dela ikaragarria, baina 200 urte baino gehiago dituela badakigu, eta honek ematen dio balio historikoa zalantzarik gabe. Organo hau Jose Manuel Betolaza donostiarrak egin zuen, Aizarnako eliztarren aginduz. Adituek 8.910 errealeko salneurria jarri zioten.
Barrokoa, 1792. urtean egina, teklatu bakarra du eta 56 nota ditu, Jose Amezuak zaharberritu zuen 1880 urtean, eta Hernaniko Alejandro Usabiaga organogileak 1982.ean. Balio historikoa duenez zaindu beharreko organoa daukagu Aizarnan.
Amaitzeko, pasarte bitxi bat kontatuko dut organo honekin lotura duena. Lehen ere artikuluren bat bada webgunean hau aipatuz, baina aitzaki honekin berriz azalduko dut labur bada ere. Betolaza organogileak, koruan muntatzen ibili zenean, hamaiketakoa egitera plazara irteten omen zuen, eta hauetako batean liskar baten lekuko izan omen zen. Liskar hau Gurutze Donearen berrikuntzari lotuta dago, berrikuntza honek ermita luzatzea zuen helburu eta kalte egiten zion nonbait aurreko etxeari. Egañatarra bizi zen bertan, eta herriko sendagilea zen. Berak argudiatzen duenez, kalte handia egiten zion etxeari. Epaitegira jo zuen kontu honekin, eta herritar batzuen arteko plazako liskarrak hemendik omen zetozen.
Kontzertua entzun bakarrik ez, webgunerako argazki batzuk ere jaso nituen, bideo txiki batekin batera. Bertara hurbildu ez zirenak aukera dute tresna honen doinu goxoa entzuteko.
Jon Egiguren