Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Oilasko biltzea Aizarnan

Aizarnako herri jaiak edo Amabirgiñak hurbil direnez, goraipatu egin behar urtero ospatzen ditugun egun bitxi hauek. Ekitaldiak ugariak eta alaitasunez beteak izaten ditugu, eta ekitaldi horien artean bereiztekoa, oilasko-biltzea dugu, beste ospakizunei ezer kendu gabe.

Aizarnako jaiak ezin dira ondo ulertu, aspalditik datorren ohitura zahar hau, urtero berritzen ez badugu. Bizilagun gutxi dituen herria izanik, zailtasun handiak daude horrelako ohitura zaharrei eutsi ahal izateko, baina Aizarna gora doan herria izanik ez dezagun itxaropenik galdu.

Oilasko biltzea herrian noiz finkatu zen jakin nahirik galdera bat baino gehiago eginak ditut gai hauetan aditu direnei, baina hala ere ez dut ezer argitzerik lortu. Dena dela, ohitura hau gure artean aspalditik dagoela nabaria da.

Ohitura honen gain lehendik idatzita dagonari ez dago asko gehitzerik, lehen ere badugu eta liburuxka bat hori ondo argitzen duena. Mikel Legorburu Arzamendik argitaratutako liburu horretan oso garbi azaltzen da nola ospatu izan den ohitura hau herrian azken urteetan.

Gipuzkoan herri jaietako azken egunean ospatzen zen dantza bat bezala jaso zuen J.Ignacio Iztuetak, 1826an Gipuzkoako dantzen bilduma batean jaso zuenean. Zahagi dantza honek inauterietan omen du bere jatorria, J.Ignacio Iztuetak dioenez, nahiz eta gero talde batzuk dantza tradizional bihurtu.

Dantza honetan, dantzari batek ezpata hornituarekin zortzikoa egin ohi du taldeari begira; ondoren taldeak jorra dantza egiten du makilaz lurra astinduaz, eta mutil bat taldearen erdian egon ohi da makurtuta zahagia bizkarrean duela mozkorrarena eginez. Atzean bi gizon sorbaldan makila bat dutela, oilaskorik bada zintzilikatzeko prest, eta oilaskorik ezean poltsa bat txanponak biltzeko.

Etxez etxe soinu edo txistu alaiarekin egiten dute dantza, jaiak bukaera hurbil dutenean. Nahiko esanahi garbia ikusten da, laster etxera joan behar dutela soroak jorratzera, eta zahagia hutsik dutela dagoenekoz, beraz zerbait lortzera irten direla kalera dantzara jaiak ondo bukatu ahal izateko.

Eguerdian herriko plazara hurbildu eta oilaskoak utzi ondoren, aurreskua egin ohi da plazan, jaiak ospatzen daudenen ohorez eta beste ikusle ez-ohikoren bat edo beste baldin bada hauentzat ere bai.

Arratsaldean beste ekitaldi bat ere ospatzen zen garai batean, gaur desagertua dagoena. Dantza edo jolasa biak lotuta behar bada, goizean jasotako oilaskoari lepoa mozten zitzaion, soinu jolearen doinuaz, ezpata hornitua eskuan duela eta begiak estalita zortzikoa dantzatuaz. Plaza erdian lotuta zegoen oilaskoari lepoa moztea izaten zen dantza honen helburua. Bitartean ziri ugari egiten zen, beste oilasko batekin dantzariaren oinetara hurbildu eta kenduaz. Helburua jendearen irribarrea lortzea izaten zen, dantza, jolasa eta irribarrea hirurak lotuta. Honek ere Zahagi dantza bezala, bere oinarria inauteritan izango du.

Gaur egun ez dira herri asko ohitura hau jarraitzen dutenak, eta Aizarna horietako bat dugu. Ez dago ospakizun hau ondo deskribatzerik ikusi gabe, eta Amabirgiñak hurbil direnez, guztioi gonbidapen bat luzatzen dizuegu Danbolin aldizkaria bitarteko dela, Aizarnara hurbil zaitezten, ospakizun hau ezagutu eta berarekin gozatzeko.

Joan artikuluen zerrenda osora>