Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

OTSAILA AIZARNAN

OTSAILEKO GORA-BEHERAK AIZARNAN

Kristau zibilizazioan barne urteak kontatzen hasi ondoren, 2004garren bira ematen hasia da gure mundu zahar borobil hau. Bira ematen hasi eta berehala iritsi zaigu otsaila, urteak duen hilabeterik motzena, nahiz eta lau urtean behin, egonkortasuna ematearren, egun bat gehitu egutegiari.

, Euskal Herriak dituen lurraldeen arabera izen askorekin bataiatutako hilabetea hain zuzen ere. Izen hauen artean ditugunak “Otsoila”, “Otzaila”, “Zezeila”, “Barantaila”, “Katuila” eta emakumeen hila ere bai bailara batzuetan.

“Otsaila firili faraila” dio esaera batek. Negu gorrian dagoen hilabetea izanik, eguzkia neguko letargiatik esnatzen hasitako urte garaia ere bada, eta badirudi horrekin lotura badutela ospakizun gehienek.

Teknikaren eragintasuna dela medio, gizakiak urtaro eta eguraldiarekin izan duen lotura asko murriztu da gaur egun. Hala ere hartu eman hoiek sortu dituzten ohiturak, jaiak, sinismen eta ospakizunak irauten duten oraindik gure artean. Hilabete honetako ospakizunik berezienak Ihauteriak izango dira behar bada, eta hain berezia ez izan arren Santa Ageda egunaren inguruko jaiak ere bai

San Blas eguneko opil edo janari bedeinkatzea, eta Kandelari eguneko argizari edo kandela bedeinkatzea ere otsaileko ospakizunen artean dauzkagu, egun gutxiren barruan gainera. Aizarnan ere izan dute eta badute sustraia tradizio edo ohitura hauek. San Blas egunean otarra ugari hurbiltzen zen elizara, barruan janari ugari zutela, eta eztarriaren zaindariak bedeinkatu ondoren, urte osorako janari osasuntsuak eskatu ere bai zaindariari.

Kandelaria egunean berdin, argizari eta kandela ugari bedeinkatu ohi zen Aizarnako elizan, gehienak herrian bertan eginak. Gogoan dut oraindik nola egiten ziren Puertekoan, hariak biribilean jarri zintzilik, behar diren osagaiak sutan urtu, eta ondoren burruntzali batekin ariari salda estaliaz, behar zen lodiera hartu arte.

Kandela bedeinkaturik gabe ezin zitekeen gelditu etxean, urtean zehar gertakizun ugari ohi zirelako argi bedeinkatua erabili beharrekoak: halanola, ekaitz gogorrak hurbiltzean, familian gaisotasun larri bat zegoenean, prozesioetan, eliza barruan, kaxa barruan etxetik etxera zebilen amabirjinak ere gau eta egun behar zuen aurrean argi bedeinkatua, eta argi horniduran ere hutsuneak ugariak zirenez, bedeinkatutako argizaria edukiz gero ere hobe.

Emeteri Sorazuk Euskal Herriko ohitura zaharrak aztertu ondoren dioenez, Santa Agedaren inguruko ospakizunek zerikusi handia omen dute ihauteriekin, eta ihauteriek bezala paganismoan omen dute gainera oinarria. Tradizio honen kutsuak nabaritzen dira oraindik ere herrian, eta urteetan atzera joaten bagara, kintakoak zirenek osatzen omen zuten lehen koroa, soinu eta bertsolariekin. Kantak dioen bezala, “ohitura zaharrak berritzeko asmoz” eta parrandarako diru pixka bat lortzekotan ibili ohi ziren, soldadu joan beharreko urtean gainera.

Ihauteriak inausketa garaiko jaiak ditugu, behar bada hortik izenaren jatorria. Egun hauen barruan “SASI KOIPETSU” deritzona daukagu Aizarnan, bertakoak gehien ospatu izan dugun eguna hain zuzen ere. Mendira irten eta txingar artean erretako lukainkarekin tertulia eginez ospatu izan da eguna. Aspaldiko ihauteriei buruzko datu handirik ez dudan arren, badirudi Kristau erlijioak atseginez ikusi ez dituen jaien tradizio handirik ez dela Aizarnan.

danbolin aldizkarian argitaratua

Jon Egiguren -----------------------------------------------------------------------------------------

Joan artikuluen zerrenda osora>