Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Mus txapelketa herrikoia 2015

Otsaileko ‘Morroi feria’ egunean eta erretore etxeko elkartean du jatorria Aizarnako mus txapelketa herrikoiak. Urteak joan ahala Morroi feria honen garrantzia galtzen joan da, alde batetik morroirik ez baserrietan eta bestetik nagusiek ohitura hau alde batera utzi dutelako.

Arrazoia agerian dago, baserritarrek ferian egiten dituzten salerosketak behea jo dute eta beste bide batzuk hartu dituzte horretarako. Gainera lagun arteko bazkariaz apartekorik ez dago feria honetan.

Nahiz eta otsaileko feriak garrantzia galdu, mus txapelketarenak jarraitu egiten du oraindik. Garai bateko xarmarekin ez behar bada, baina jarraitu egiten du behintzat. Ferian ibili ondoren musera etortzen ziren baserritarren lekukoa, kaletarrek hartu dute orain.

Elkarte berrian lehen aldia mus txapelketa hau ospatzen dela, eta orduak muslariei begira egoteko ere berogailuari esker giro atsegina du oraingoak; lehengoak gabezia zuen horretan, negu gorrian ospatzen baita txapelketa.

Lehiaketa honek beti izan du bere xarma herrian. Iazkoa azkena zelako Erretore etxean eta aurtengoa lehena delako berrian, doble xarma duela esango nuke. Elkarte honetan lehen txapelketa ospatu da, aurrera jarraitzeko toki paregabea daukagu eta Aizarnako ohiturak aldaketa handirik izaten ez badute, urte pila batean jarraituko duelakoan nago.

Txapel dotoreak buruan oroigarritzat eta sari ugari eskuan dituztela ikusten dira argazkian. Elkarte berriko lehen irabazleak direnez argazkia berezia dela esango nuke, beraz ondo gordetzea merezi dute etorkizunean balentria hau gogoratu nahi badute behintzat.

Zorionak!

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>