Mario Onaindia daraman saria, Aizarnakoarentzat
Aizarnako Jesus Egigurenek, Mario Onaindia izena daraman saria jaso du, honen barruan Felipe Juaristik idatzitako poema batzuk ere bai. Juaristi eta Aizarnakoak batera egin bai zituzten ikasketak eta garai horretako kontuekin osatuta daude, errimarik gabeko poema libre edo bertso hauek.
Poema hauek irakurri ondoren, beste gauza asko berritu ditu nire buruak, batik bat ikasketak egiten ari zen garaikoak, teilatupe berean hazitakoak baikara. Gogoan dut ikasketak egiten ari zen garaiko bere gelaren itxura, dena liburuekin beteta izaten zuen: Karl Marx, Lenin, Leon Trotsky, Mao eta Euskal Herriko historia erakusten zuten beste pila bat. Gehienak legediaz kanpo izango ziren seguruenik, baina amak ikasketarako behar zituenak zirela pentsatuko zuen, bestela sutara botatzeko arrisku galanta.
Garai haietan Aizarnatik goi mailako ikasketak egitea ez zen hain erraza, hirira joan behar zen horretarako eta etxeko laguntza gehiegi ez zuen izango seguruenik. Baina ausart jokatu zuen eta Donostiara joan zen zuzenbide ikasketak egitera.
Donostiara gutxitan joaten ginen garaiak ziren haiek, baina gogoan dut behin baino gehiagotan egin nuela topo berarekin hiriko kaleetan propaganda politikoak zintzilikatzen. Gazte-gaztetatik izan zuen sozialismo demokratikoa bultzatzeko grina.
Askotan pentsatzen dut orain aipatuko dudan egoera honekin ere, bere amak ez zuen ikusi ikasketak amaitzen eta bazuen ilusioa egun hura iristeko. Ez zuen ordea aukerarik izan, lehenago joan baizen mundu honetatik.
Familiakoek izan genuen aukera egun hau ikusteko. Baita ikasketak amaitu eta berak militatzen zuen alderdikoekin batera, bizkartzainekin ikusteko ere. Erakundeetan izan dituen karguek egoera zaildu egingo zioen, baina hala ere familiarentzat etxeko bat bizkartzainekin ikusteak, ez du bizitza batere alaitzen.
Euskal Herrian, zenbait alderdietako kide izan eta lan egiteak arrisku asko sortzen zituen garaiak ezagutu ditugu eta honek garai zail haien pisua eraman zuen. Nahiz eta egoera zailean bizi, bake bidea jorratzen buru belarri hasi zen, Euskal Herriko historia eta pentsaera ondo ezagutzen baitzituen, Aizarnan jaiotakoa baita. Zailtasun guztien gainetik, tinko jarraitu zuen bere lanarekin.
Lan hauek emaitzak ari da ikusten. Alderdi eta erakundeen errekonozimenduak ere orain ari da jasotzen. Bidean osasuna ere urratuko zuen seguruenik, baina esan behar merezitako errekonozimenduak dituela eta etorkizunak esango digu zenbateko merezimendua duen Aizarnako politikari honek, naiz eta inor ez den izaten profeta bere herrian.
Jon Egiguren
==========================================================
Pozak, izan ere, bakarrik kantatu eta bakarrik dantzatzen du.
Udazkena Urolan.
Garai hartan Urola gure bizitzaren ardatza zen, Jesus.
Ez da asko aldatu ordutik hona.
Ura bere bidetik lasai joan ohi zen,
bihurguneetan ura marruskatuaz.
Baina urte batean ibaia bere bidetik atera zen.
Autobus bat osorik irentsi zuen uholdeak:
Hogeita bi izan ziren hildakoak.
Uztapidek kantatu zuen, bailarakoa bera.
Bestiak beste Urola erreka
Arrats artan arrotua
Bere lekuan kabitu ezinda
Zebilen amorratua
Etxetik Izarraitzeko tontorrak ikusten genituen:
bareak,naroak,eskura.
Orain zuhaitz gutxiago dago,
dena da gorriago eta hutsagoa.
Donostiako etxetik ikusten ditut:
urruti daude arrotzak dira.
Udazkenean, egunak,batzuetan asteak,
pasatzen ziren laino lodia joan arte.
Azpeitiara autobusez joaten ginen,
Institutora.
Eta Zumaiara trenean,
hondartzara.
Korrika egiten genuen salto,andenera,
motorra gelditu aurretik,
bakeroen pelikuletan ikusi genuen bezala.
Urak burdina lantzen zuen
Fabriken kolore bera zeraman azalean:
Arrea batzuetan, gorrikara besteetan
txatarra sobran zegoen.
Etxean ez bai genuen
ezer botatzen.
Behin zineman pelikula bat eman zuten
Txalupa bat egin nuen txapa batekin
ibaia aldenik alde zeharkatzeko.
Herriko bigarren zubian bazterra jo zuen, ordea,
eta denak izan ziren lekuko, eta ni lotsagarri geratu:
nire mendekua bakardadea izan zen.
Orain ez dago hainbeste lantegi, eta txatarra apenas,
ura garbiago ageri da, egia da.
Irakurri dut izokin bat edo beste ere sartua dela
itsas-ahotik.
Baina jendeak, orain ere,
bere bizimoduarekin segitzen du,
ezer gertatu ez balitz bezala.
Isiltasunaren legea,legearen isiltasuna.
Garai hartan ozenki esan genuen,
aldarrikatu ere bai,
libertatea zein garrantzitsua den
bizitzarako.
eta bizia zein beharrezkoa
gure baitan dagoen onena besteei eman ahal izateko,
gaztainak bere fruitua ematen duen bezala.
Udazkenean gaude,
hego haizeak zelaiak harrotzen ditu,
ganadua ezkutatzen da
eta maitaleak noiz elkartuko ote desiratzen daude.
Zain gaude , Jesus oraindik,
dena gure alde pixka bat konponduko ote den.
Ez dezala inork alferrikako malkorik isuri.
Betor beste Uztapide bat
iraganeko oinazea kantatzera.
Hori ere giza legea baita.
Felipe Juaristi