Maisu baten oroitzapenak. Jarraipena
www.danbolin kultur elkarteko komunitatean argitaratua
Placido Navas, Aizarnako maisua izan zen 1934 urtetik 1938 urtera arte. Errepublika garaian iritsi zen Aizarnara, hemen ezustean harrapatu zuen gudak eta honen eraginak bultzatu zuen maisutza utzi eta etxerako bidea hartzera. Maisu honek 30 urte zituen Espainiako beste muturretik irten (Cadiz) eta Penintsula zeharkatuz Aizarnara iritsi zenean.
Geroztik Placidok izan zituen harremanak Aizarnako biztanleekin. Hauetako bat Jose Iturri zen, Cadizen soldadu zegoen bitartean, eta ondoren ere jarraitu zuten harremanetan 1963. urtean zendu zen arte. Iturriren esanetan maisu honek beti izan zuen hemengo egoera ezagutzeko jakin-mina. Urte batzuk badira Aizarnara begira dagoen webgune honekin topo egin zutela. Geroztik izan ditudan harremanetan jaso ditut gonbidapenak Cadiz aldera bidaia bat eginez elkar ezagutzeko, baina azkenean berauek izan dira lehen pausoa ematera ausartu direnak.
Urte pila bat igaro arren familiak beti izan du gogoan Aizarna, batik-bat aitak askotan kontatu zizkietelako hemengo oroitzapenak. Orain bere alaba eta honen semea emaztearekin etorri dira, aita maisu egon zen lekua bisitatu eta ezagutzera. Felicitas bere alabak, hainbeste aldiz aitari entzundako herria ez baitzuen ezagutzen oraindik.
Aizarna auzoa, bere aita maisu egon zen eskola, askotan aipatutako eliza eta Gurutze Donearen ermita ere ezagutu dituzte bisita honetan. Ondoren aitaren argazkietatik ezagutzen zituzten lekuetan kokatu eta argazkiak atera ere bai, bidaia honen oroitzapenak etxean jasotzeko. Berauen esanetan ez zuten espero hain paisaia berde eta herri polita ezagutzerik, zuri- beltzeko argazkietatik ezagutzen zutelako izango da seguruenik.
Bidaia honen helburua, Aizarna eta Zestoa ezagutuaz Placido maisuak zuen agiri-bilduma udaletxearen esku uztea ere bazen. Eta hala izan zen, dena egoki irten zitzaien. Guztia denborarik galdu gabe eta egoki gauzatu zenez udaletxeko alkate eta kultura teknikariari eskerrak eman behar.
Felicitas bere alabaren ilusioa Bainuetxean ostatua hartzea zen, aita hemen egon baitzen atxilotuta Errepublikanoa zela akusatuta. Orain lortu du bere ilusioa betetzea eta ezagutu du Bainuetxea. Dena den aitak ezagutu zuen baino egoera hobean egin izango du seguruenik.
Atxiloketa honi lotuta ikusten da idatzi bat agiri-bilduma honetan, garai hartan Aizarnako erretorea zen Franzisco Yereguik sinatua, gudako komiteari zuzendua. Honek aske uzteko eskatzen die Aizarnako maisua, gizon honek beti jarrera zuzena izan duela esanez, bai maisu lanetan, bai herriko harremanetan, elizarekiko bete beharretan... eta beste hainbat arlotan.
Badirudi karta honek izan zuela bere eragina eta berehala utzi omen zuten aske. Aizarnan maisu izaten jarraitu zuen, etxera itzuli zen arte. Bere alabak kontatu zuenez Aizarnan jarraitzeko asmo tinkoak omen zituen, baina garai bortitz haiek planak aldatzera behartu omen zuen eta etxerako bidea hartu zuen.
Guda eta ondorengo urteak garai zailak ziren arazorik gabe bidaiatzeko eta etxera joateko Penintsula zeharkatu behar zuenez “salvoconducto” edo bidaiatzeko baimena behar zuen eta beraren esanetan hau eskuratzeko Aizarnarren laguntza ezinbestekoa izan omen zen.
Bidaia honen gora beherak egoki argitaratu dituzte lehen ere Zestoako hedabide eta Gipuzkoako egunkariak, nik ere ezin dut utzi aipatu gabe berauekin pasa dudan egun zoragarri hau eta amaitzeko esan behar udaletxean utzi duten agiri-bilduma honek, seguru lagunduko duela Aizarnako historiaren zati bat ezagutzen.
Eskarrikasko Felicitas, bere seme Antonio eta emazteari
Jon Egiguren