Lurdes Iriondo abeslaria Aizarnan
Aizarnak badu egun bat abeslari baten ibilbidean erreferente izatera iritsi dena. Lurdes Iriondok 1965. urteko maiatzean egindako kantaldiaz ari gara. Urte hartako maiatzaren lehen igandean kantaldi bat eman zuen Aizarnan Lurdes Iriondok, eta artista honen ibilbidearen hasiera izan zen berau.
Aizarnan izan zuen arrakastaren ondoren, berehala Loiola irratiko esatari zen Jose Mari Iriondok eraman zuen irratian abestera. Aizarnan arrakasta eduki izango zuen, baina irratiko uhinen bitartez lortutakoa ez zen gutxiagorako izan. Berehala zen herriz herri kantaldiak eskaintzen Urnietan bizi zen neska abeslaria.
Adinekoek bakarrik gogoratzen dute Aizarnako kantaldiaren eguna, eta beraz saiatu egin naiz nolabait egun haren inguruko argibideak aurkitzen. Testigantzak ez dira asko izan, baina saiatuko naiz berauek lerro hauetan aipatzen.
Mariaren Alaben Kongregazioak Gazteria Eguna antolatzen zuen, eta egun horretan abestu zuen Lurdes Iriondok, “goiko eskola” deitzen diogun gelan. Kongregazio honek antzerki talde bat antolatu eta kudeatzen zuen. Badirudi Urnietan eman zuten emanaldiaren ordainetan, Urnietakoak etorri zirela Aizarnara. Berauekin etorri zen Lurdes Iriondo abeslaria ere.
Kantaldia entzutera jende ugari hurbildu zela esan didate eguna ondo ezagutu zuten Aizarnarrek. Abestu zuen gela ez da oso txikia; kantaldiak, antzerkiak eta zinema ikusteko ere egoki antolatutako gela zen orduan Goiko Eskola. Egun lozorroan dago urte pila batean.
Zer kantu abestu zituen jakin nahian aritu naizen arren, gehiengo batek ez ditu gogoratzen zehazki. Baina abesti bat oso gogoan du Aizarnako batek, eta bere esanetan “La del pañuelo rojo” nola kantatu zuen garbi gogoratzen du eta txalo zaparrada handia jaso zuela ere bai.
Hasiera batean euskarazko kantuekin bakarrik ez zuen emanaldirik ematen, garai zailak baitziren euskararentzako. Baina aurrera joan hala ondo moldatu zen euskaraz bakarrik ere.
Urte haietan Mikel Atxaga zegoen apaiz eta honelako antolaketa asko egin zituen gazteak kanpora irten gabe herrian gozatzeko. Mikel Atxaga Urnietakoa izanik elkar ezagutuko zuten, eta seguruenik berak antolatuko zituen bi herrien arteko harreman hauek.
Aitona Urrestillakoa eta amona Aizarnakoa, Mujika abizena, aurretik ere bazuen lotura herri honekin beraz abeslariak, nik jakin dudanez. Gaztetan denboraldi labur batzuk egiten omen zituen herrian, beraz ezaguna izango zuen Lurdesek Aizarna.
Abizenaren nondik norakoarekin ez naiz sartuko, seguru bainago hanka sartzea egingo dudala, baina abizen hau oso ezaguna dugu Aizarnan.
Datu eta pasarte gehiago ere izango ditu egun honek seguruenik, baina aspaldiko kontua izanik zaila egin zait pasarte guztiak jasotzea. Dena den, Lurdes Iriondo abeslariaren ibilbidean Aizarnak erreferente izaten jarraitzen du eta beste datarik ez dudanez honekin amaituko dut idatzi xume eta labur hau.
Jasotako pasarte batzuk, eguna bizi izan zuten biztanleen bitartez lortu ditut eta besteak, Joxe Mari Iriondok Lurdesen ibilbideari idatzitako liburutik.
Jon Egiguren