Los Xey una historia de pelicula zinemako irratia
Gaurko gazteek ez dituzte gehiegi ezagutuko Donostian sortutako Los Xey taldearen kantak. Berauen kantak oso famatuak izatera iritsi ziren, nahiz Euskal Herrian edo Espainian zehar. Zeinek ez du ezagutzen berauek kantatzen zuten “ Pollo asao,asao,asao con ensalaada, buen menu, buen menu tenemos hoy” kanta ezaguna!
Askotan entzun nituen berauen kantak, 60ko hamarkadan, garai horretan gailur-gailurrean baitzeuden talde honek sortutako kantak Arrate, Segura eta antzeko irratietan. Donostian sortu arren Euskal Herritik kanpora egin zituzten urte asko, Argentina, Mexiko, Venezuela eta beste hainbat tokitan.
Nire helburua ez da talde honen historia azaltzea, orain arte berauen berri gutxi bainekien, nahiz eta azkoitiar lagun batekin askotan hitz egin talde honen gora- beherak aipatuaz. Dakizuen bezala azkoitiarra baitzen talde honetan kantatzen zuen Xipri Larrañaga.
Los Xey, una historia de pelicula” inauguratu berria da Victoria Eugenia Antzokian. Berau ikusteko aukera izan dut eta esan beharra daukat talde honen berri askoz gehiago dakidala orain. Kantak entzun bai, baina berauen ibilbidea jakitea beste gauza bat da. Filma honek argazki eta elkarrizketa ugari jasotzen dituenez, merezi duela ikustea esango nuke.
Talde eta filma honen aipamena egin ondoren, beste aipamen bat egingo dut, honek Aizarnarekin lotura zuzena duelako. Filma honen ekoizleetako batekin baditut hartu emanak eta honek lehen baserrian genuen irrati zaharra Aizarnan ikusi zuenean aparailua filman sartu arteko onik ez zuen izan.
Familiako altxor bat da guretzako irrati hau, 50eko hamarkadakoa nire ustez, Los Xey taldeak kantatzen zuen garaikoa eta egia esan berauen kanta ugari entzundakoa naiz irrati honetan.
Pasarte batzuetan ikusten da irrati hau filmean, taldearen kantuak irratian entzuten ari bagina bezala. Egia esan nire baserriko garaiak gogoratzen dizkit.
Niri eskerrak eman besterik ez zait gelditzen David Berraondo ekoizleari, irratia eraman zuen grabaketarako, nire gustuko irudia bat utzi du etorkizunerako eta xuxen itzuli zuelako matxurarik gabe.
Garai haietan ezinbestekoa zen irratia baserrian, albiste eta eskainitako doinuak entzuteko. Nire amak ondo zaindu zuen bere garaian, orain arte, semeok zaindu dugu eta aurrerantz filma honetan geldituko da bere irudia, euskarri magnetiko hauek irauten duten bitartean.
Jon Egiguren