Loiolako hegiak liburua
Loiolako Hegiak izenburuarekin, Imanol Murua kazetari eta idazle Zarauztarrak liburu berri bat argitaratu du bake prozesuko datu guztiak bildu ondoren. Bilera hauetan parte hartu zuten partaideekin hitz egin du Muruak eta hauek kontatutakoaz idazten du. Kontraesan handirik ez da ikusten hiru partaideen artean, hori bai, bakoitzak bere aldera tiratzen dio sokari.
Elkarrizketa hauen berri eman duten pertsonaietako bat Jesus Egiguren dugu, Arnaldo Otegi eta Iņigo Urkulurekin batera. EAJ ordezkatu zuen Iņigo Urkuluk, txikitatik politikan zaildutako pertsonaia dela azaltzen digu; Otegik berriz HB ordezkatu zuen, ETA politiko-militarreko militante ohia, elkarizketarako gaitasun handia duen gizona; eta PSE alderdia Jesus Egigurenek, Aizarnako baserri batean jaio eta Euskal Herria ondo ezagutzen duen politikaria dela azaltzen du.
Denok dakigun bezala elkarrizketa hauek porrot egin zuten eta porrotaren erruduna aurkitu nahi duenak, liburua irakurri eta azterketa sakon bat egin ostean berak atera beharko du emaitza.
Azaltzen duenez Loiolako elkarrizketara iritsi aurretik Egigurenek eta Otegik, lan asko aurreratuta zeuzkaten "Txillarre" baserriko elkarizketetan. Egunkariak ere eman zuten hartu-eman hauen berri, baina liburua irakurtzean jabetzen da bat, zenbat lan eginda zegoen hona iritsi aurretik.
ETAren su etena lortzeko hartu-emanetan hasi zen garaiko lehen bidaiaren berri ere ematen du bertan: Galibierreko etapa batean nola Jesus Egigurenek topo egin zuen ezagun batzuekin eta birako etapa ikustera etorri zela kontatu zien beraiei, egia ezin zuelako esan, isilik egin baitzituen bidaiak guztiak.
Zakur zaharrak dira Eguiguren eta Urrutikoetxea euskal politikintzan eta Suitzako hirian aurrez aurre jarri zirenerako elkar ezagutzen zuten.Baina ez aspalditik, gurutzatu ez ziren bideetan ibili baitziren bata eta bestea 2000.urtean Eusko Legebiltzarrean topo egin zuten arte. Honelako pasarte ugari azaltzen ditu bertan.
Liburua irakurri ondoren antzematen da bakea zein gertu egon zen Loiolan, baina ate hau itxi izanak zerbait bide ertzean utzi dugula pentsarazten dit.
Euskaraz bakarrik argitaratu dute, orain arte.Irakurtzeko nahiko atsegina dela esango nuke eta merezi du Arrupe etxean gertatutakoaren berri izatea.
Zer moduz idatzita zegoen galdetzeko aukera izan nuen Jesus Egigureni eta zuzen kontatuta zegoela erantzun zidan, baina Loiolakoez aparte ere beste liburu bat idazteko gain eduki badagoela esan zuen.
Jon Egiguren