Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Erlojuaren igoerako ekitaldia.

Iritsi da azkenean Santa Engraziako erloju zaharra bere txokora. Irailean hasi ziren erloju honen berrestrukturaketa lanak eta amaitu ondoren jaso dugu ermitara, hemen baitu makina zahar honek bere tokia.

Aizarnako Gurutze Donea ermitan zegoen erlojua kokatuta Pazko jai eguneko erakustaldirako, eta ekainaren 9a eguna jarrita ermitara jasotzeko. Goizean hasi eta egitaraua antolatuta zeukaten Al Borde Films taldekoek. Igoera grabatu, erloju honekin egin diren lanen berri eman eta “denborari” buruz dokumental bat osatu nahi omen dute.

Ermitarako bidea erloju honek festa giroan egin zuen: ttuntturroak, trikitilariak, txalaparta eta abar. Grabaketa lanak egin ahal izateko bakoitzak bere eginkizunak zituen eta bi edo hiru aldiz egin behar gainera , lehenengoan beti ez baitzuen ondo irteten. Erlojua konpontzea eta antzeztea ez baita berdina.

Dena den gure funtsezko helburua erlojua ermitara jasotzea zen eta bitartean dokumentala egiteko balio izanak Aizarnara onura ekarriko duelakoan nago. Bailara gehiago ezagutzeko baliagarri izango delakoan, alegia.

Orain ermitako txoko berrira egokitzea falta du, gehi azken proba egitea eta martxan jarri ondoren zaharberritzeko ekitaldiaren zain geldituko da. Ekitaldia uztailaren 2rako dago antolatuta. Nahi duen guztiak egun honetan izango du aukera ekitaldian parte hartuz, ermitaren itxura berria ezagutu eta erlojuaren berrikuntzaz jabetzeko.

Jarraian, igoerako egunean jaso nituen bideo eta argazkiak jarriko ditut ikusgai, bertara hurbildu ez zena ere egun honetako festa giroaz jabetu dadin.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>