Elkarteari begira ( 8 )
Herriko elkarteari buruz, asko idatzi dute egunkariak azken aldian, gai honek duen arazoa azaldu nahian irakurleari.
Egunkari gehienak eman dute albiste hau, baina behar bada denak ez dute izan aukera irakurtzeko, hemen azaltzen dena, Gara eta Noticias de gipuzkoa, egunkariak azaldu dutena kopiatu dut argazki eta guzti.
Beste egunkariak azaldu dutena irakurtzeko ere badago aukera orrian, Diario Vasco eta Hitzak erakutsi duena adi-bidez, lerro ugari idatzi duen arazoa dugu hau ea konponbide egoki bat lortzen den herrirako.
Jon Egiguren
------------------------------------------------------------------------------
Aizarnako erretorea eta herritarrak epaitegietan, auziak konpondu nahian
«Ez al luke erretoreak herritarren alde egin behar?», diote Aizarnako bizilagunek. Ia 40 urtean herritarrek erabili duten Errotoko etxean, erreto- reak etxebizitzak egin eta saldu nahi ditu. Gotzaitegiak euren jabetzekin nahi dutena egingo dutela argitu die.
Janire ARRONDO
Eztabaidarik ez da falta azkenaldian Aizarnan. Zestoako auzo txiki honetako kultur elkartea eta herriko erretorea adostasunera ezin iritsi dabiltza. Zalapartaren erdi-erdian Errotoko etxea dago; azke- nean, honen etorkizuna epaitegietan erabakiko dute. 1971. urteaz geroztik, legez parrokiaren jabetza den Errotoko etxean du egoitza Aitzbarna kultur elkarteak. Gaur arte, inongo arazorik ez da izan bi aldeen artean; orain ordea, herriko erretore Prudentzio Auzmendik «beste proiektu batzuk» ditu eraikin horretarako. Elkartekoek, aldiz, erretore-etxea «herriaren ondare» dela defendatzen dute; horregatik diote: «Herriak egina, herriarentzat».
Kultur elkarteko kideen esanetan, Auzmendik 2007ko irailean, ezohiko batzar batean, eman zien bere asmoen berri. Bilera hartan hitz egindakoaren arabera, eraikinean erretorearentzako etxea eta saltzeko beste hainbat etxebizitza egiteko asmoa zuen. Kultur elkartekoen ustez, «proiektu honek ez du inolako justifikaziorik, Aizarnan dagoeneko ba delako apaizetxea, erretorearen egungo bizilekua». Gainera, «herri ondarea pribatizatzea zentzugabekoa da» euren hitzetan. Auzitan den erretore-etxea legez parrokiarena izan arren, herritarrek eraikia dela diote Aitzbarnako bazkideek, beraz, argi dute, «Aizarnak behar duen kultur etxeak hor izan behar du».
Egoera honetan, batzorde berri bat sortu zuten aizarnarrek, Errotoko kultur etxe bihurtzeko asmoz. Orain gutxi, gainera, Aizarnako Elizako batzordeko hainbat kiderekin ere harremanetan jarri dira. Hasteko, Aitzbarna elkartearen proposamenak zenbaterainoko oniritzia zuen jakiteko sinadura bilketa egin zuten. Horrela, aizarnarren %80k erakutsi zuen aldeko jarrera; emaitza horiek Udalean aurkeztu zituzten.
Zestoako Udalak, auzia konpontze aldera, auzoan den eskola zaharreko eraikina eskaini zien Aitzbarnakoei. Elkarteko kideek, ordea, eskola zaharreko eraikina parrokiak hartu eta etxebizitzak bertan egin zitzan proposatu zuten, eta Errotoko etxea beraiei utz ziezaietela.
Elkarteko kideek legez ez dute eraikinean inolako konponketa lanik egiteko eskubiderik, jabearen baimena izan ezean. Aitzbarnakoek, ordea, etxearen «egoera kaskarra» ikusirik, «aldaketa txiki» batzuk egin zituzten: harraska aldatu, armairu berriak jarri eta paretak txukundu.
Azurmendik, azkenean, konponketa horiek aitzakia harturik, epaitegietarako bidea hartu zuen, eta uztailaren hasieran Aitzbarna elkartekoek epaiketarako deia jaso zuten Azpeitiko auzitegitik. Elkarteko kideek, ezohiko batzar batean, «orain arteko bideari eustea» erabaki zuten eta ez ziren epaiketara agertu.
Auzmendi erretoreari, bestalde, behin eta berriro eskatu diote elkarteko bazkideek parrokiako batzordearekin bilera bat egiteko, «baina, hark beti ezezkoa eman digu», diote. GARAri ere ez dio gai honen gaineko azalpenik eman nahi izan erretoreak, eta epailearen erabakiaren zain jarraituko du.
Egoera honetan, auzia Zestoako Udala eta Gipuzkoako Gotzaitegiaren artean konpontzea beharrezko ikusi zuten Aitzbarnakoek.
Gotzaitegian ezezkoa
Uztailaren amaieran, Zestoako alkate Alazne Olaizola eta Aitzbarna elkarteko hiru kide, abokatu batek lagunduta, Gipuzkoako Gotzaitegiko ordezkari Jose Maria Madinarekin elkartu ziren. Aizarnarrek argi zuten euren jarrera; «ez dugu herriko ondare den eraikin bat esku pribatuetara pasatzerik nahi».
Aizanarrek diotenez, Madinak, «argi utzi zuen ezinbesteko baldintza dela apaizetxea hor kokatzea». Elkartekoen abokatuak, ordea, epaia ateratzean ez betetzeko eskatu zion Artzapezpikutzari, horretarako bost urteko epea duela eta bitartean akordioren bat bilatzen saiatuko zirela-eta. Hala ere, «Artzapezpikutzaren proiektuek eta euren baldintzek negoziaketetarako bidea erabat ixten dute», kexatu dira Aitzbarnako kideak. «Madinaren jarrera irmoa ikusirik», elkartekoek eliza berritzeko obrak ere herritarren diruarekin egiten zirela esan zioten Gotzaitegiko ordezkariari. Hark, ordea, herritik gutxi jasotzen zela argitu zien, dirua Aldunditik zetorrela. Hala, honakoa galdegin zioten aizarnarrek Madinari: «Nondik ateratzen du ba Aldundiak dirua, herritarren poltsikoetatik ez bada?».
Bilera inongo akordiorik gabe amaitu bazuten ere, Aitzbarna elkartekoek argi utzi zuten: «Ez gara eskuak gurutzatuta geratuko eta negoziaketa baterako bideak jorratzen jarraituko dugu». Gipuzkoako Artzapezpikutzakoek aldiz, ez diote GARAri gai honen inguruko euren asmoen berri eman nahi izan.
Kontuak kontu, epailearen erabakiaren zain daude aizarnarrak. Oraingoz, irailaren 21ean jarria dute Errotoko uzteko data.
Gara egunkariak argitaratua
------------------------------------------------------------------
Aitzbarna, aizarnatarren auzia
Aitzbarna kultur elkarteak 38 urte ditu, baina egoitza Aizarnako parrokiarena da eta Prudentzio Auzmendi erretoreak lokala uzteko agindua eman die. Herritarrek, ordea, ez dute amore ematen eta "derrigorrean" atera beharko dituztela diote.
AITZBARNA kultur elkartea eta parrokia ezin ados jarrita, epaitegiraino iritsi zen Aizarnako auzia. Herriko kultur elkartea orain 38 urte sortu zen elizak utzitako lokalean, baina eraikina uzteko agindua eman berri du Prudentzio Auzmendi erretoreak. Espero zuten bezala, epaileak parrokiaren aldeko epaia eman du, baina Aizarnako kultur elkarteko kideek ez dute amore emango eta adostasun batera iristeko proposamena luzatzen dute.
"Harraska edo fregadera aldatu genuen elkartean eta horren aitzakian sartu zuen salaketa, baimenik gabe lanak egiteagatik. Eraikina parrokiarena izanik, espero genuen epaia gure aldekoa ez izatea, horregatik ez genuen parte hartu bertan. Guk ikusten duguna zera da, herritar gehienak kultur etxea bertan kokatzearen aldekoak direla. Baina uste dugu parrokiak ez dakiela benetan zer egin nahi duen eraikinean ere...", agertu dute Aitzbarna elkarteko kideek.
Izan ere, Prudentzio Auzmendi erretoreak etxebizitzak egiteko proiektua agertu zuen hasiera batetan: "Planteamendu horren baitan, behe solairua berarentzat izango zen eta gainontzekoak, saltzeko. Gaur egun, beste asmo batzuk dituela uste dugu", diote kultur elkartekoek.
Aizarnako parrokiak jabetzan duen eraikinean, ordea, aizarnatarrek zer esana dutela pentsatzen dute herritarrek: "Seguru gaude herritarrak izan zirela eraikina egin zutenak; era berean, Aizarnako eraikuntzarik onena da eta etxebizitzak egiteko beste eraikin batzuk badira".
Proiektu guztiak mahai gainean jarri eta "denen artean" erabaki bat hartzea da biztanleen nahia.
Erretoreak eskola zaharreko eraikina eskaini dio elkarteari, baina bertako kideek ezezkoa eman diote.
Parrokiak proposamen batzuk eskaini dizkie Aitzbarna elkarteko kideei. Batetik, eskola zaharreko eraikinera pasatzea eta, bestetik, gaur egungo eraikuntzako albo batean kokatzen den ikuilu zaharrera igarotzea: "Baina ezetz esan diegu, ez baitugu onartzen Aizarnako lekurik onenean etxebizitza pribatuak egiteko agertu duen asmoa.
Ikusi egin behar da zer nolako eraikuntza den, jendea harrituta gelditzen da. Gainera, Aizarnako bihotza da. Planteamendu guztiak mahai gainean jarri eta alde guztientzat hoberena dena adostea eskatzen dugu", azaltzen dute.
Zestoako Udala
Bitartekaritza lanak
Arazoa puri-purian dago Aizarnan eta Prudentzio Auzmendi erretorearekin harremana "gogorra" dela onartzen dute herritarrek. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkaria apaizarekin jarri da harremanetan baina honek ez du adierazpenik egin nahi izan. Gauzak honela, Aitzbarna kultur elkarteak Zestoako Udalera jo du Udalbatzarrari babesa eskatzeko, elkartekoekin lan talde bat osatu eta Gotzaindegiarekin ahalik eta azkarrena bildu eta urte beteko epea eskatu behin betiko irtenbidea bilatu aurretik.
"Itxitasuna ikusi dugu parrokiaren aldetik hitz egiteko orduan eta Udalaren eta Gotzaindegiaren arteko harremanetan egon daitekeela irtenbidea uste dugu. Talde politiko guztiek baiezkoa eman dute eta ea negoziaketan aizarnatarren nahia kontuan hartzen den, eta ahal bada, nahi hori gauzatu. Esperantzak baditugu, herritarren babesa handia da eta gutxienez, hitz egiten ari garen unean, ez gaitzatela bota", amaitu dute Aitzbarna elkarteko kideek.
"Noticias de Gipuzkoa" egunkariak argitaratua