Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aitzbarna Kultur Elkarteari begira. ( 6 )

---------------------------------------------------------------- Aitzbarna Kultur Elkarteak apaiz etxean jarraituko du mementoz

Atzo bidali behar zituzten apaiz etxetik baina, notifikazio akats batengatik, berriz hasi beharko dute prozedura

Atzo goizeko 10:30ean Aizarnako apaiz etxean bildu ziren Aitzbarna Kultur Elkarteko kideak. Izan ere, joan den uztailaren 9an egindako epaiketan atzoko egunez ordu horretan apaiz etxea hustu beharko zutela erabaki zuen epaileak, Prudentzio Azurmendi erretoreari arrazoia emanez.

Dirudienez, ezagutzen ez den arrazoiengatik, Elkarteari ez zitzaion sententziaren notifikazio ofizialik iritsi eta, hortaz, «indefentsio juridiko egoeran» gelditu ziren. Hala, ez zegoen etxea hustutzeko agindu ofizialik. Dena den, Aitzbarnakoek atzo bertan jakin zuten gorabehera honen berri.

Kasu horietan, beharrezkoa izaten da prozeduran atzera egin eta notifikazio prozesua berriro hastea. Horregatik, epaitegiak data berri bat jarri, eta Elkateari ofizialki jakinarazi bitartean apaiz etxean jarraitzeko baimena dute Aitzbarnakoek.

Arazoa epaitegiraino

Azken urteotan Aitzbarna Kultur Elkarteak apaiz etxean erabili duen lokalaren jabea Aizarnako parrokia da. Bertako erretore Prudentzio Azurmendik elkarteari lokal hori uzteko eskatu dio behin eta berriz. Bere eskaera hori betetzen ez zela ikusita, azkenean, epaiketara jotzeko bidea hautatu zuen erretoreak.

Epaileak arrazoia eman zion erretoreari, baina herritarrak haserre daude aspalditik: «Herrian dagoen eraikuntzarik dotoreenetakoak herriarentzat izan beharko luke; azken finean, jabea parrokia izanik ere, bere garaian, herritarrek eraikitakoa delako. Ez du zentzurik esku pribatuetan gelditzea, are gutxiago, inongo beharrik ikusten ez dugun planteamenduekin. Ez dugu nahi hor etxebizitza pribatuak egin eta herria lokal hori gabe gelditzea», adierazi zuten elkartekoek Azpeitiko epaitegi atarian joan den uztailaren 9an.

Irtenbide bezala, eskola zaharreko lokalak hartzeko iradoki zieten Elkartekoei baina, hauen iritziz, «apaiz etxeak herriarentzako izan behar du, historian zehar eta gaur egun ematen zaion erabileragatik eta eraikinak duen balioagatik».

Adierazi dutenez, gainera, «arazo honetatik inork ez du ezer ere ateratzen, Azurmendik ezingo baitu denboraldi batean ezer egin etxe honekin eta gu kalean gelditzen baikara».

Mozioa udalbatzarrera

Ostegun honetako Zestoako Udalbatzarrean jorratzeko mozioa aurkeztu dute Aitzbarnakoek, «denontzat konponbide onena bilatu nahian». Udalbatzari hiru eskaera zehatz egin dizkiote: Aitzbarna Kultur Elkarteari, bertako auzotarrekin egiten duen lanagatik ageriko babesa ematea; alkatea buru dela, zinegotzi eta elkartekideekin lantalde bat osatzea Gotzaindegiko arduradunekin ahal den azkarren bildu ahal izateko; eta Aizarnako Birgaitze Plan Berezia (PERI) nola dagoen kontuan hartuta, Gotzaindegiari urtebeteko epea eskatzea behin betiko irtenbidea bilatu artean eta, aldi berean, irtenarazte agindua ez gauzatzea.

Elkarretaratzea protesta bide

Joan den igande eguerdian bi elkarretatratze egin zituzten Aitzbarna Elkarteko kideek eliza atarian, meza aurretik eta ondoren. 60 bat lagun bildu zn bertan, Elkartea ez ixteko eskatzeko eta konponbidera deitzeko.

Hitza egunkarian argitaratua

Olatz Prat

Joan artikuluen zerrenda osora>