Konfinamendu garaiko gogoetak
Ez ditut zenbatu, baina batek daki konfinamendu garaian zenbat bira egin ditudan alde batera eta bestera etxeko pasiloan. Ez ditu 100 metro baina beste aukerarik ezean dagoenarekin konformatu behar.
Osasuna nirekin nuen eta hau garrantzitsuena, beldurrak ere bisitatzen ninduen noizean behin, baina azkar uxatu egin behar, bestela hau ere zomorro ikusezina bezain etsaia baita osasunarentzako. Beldurra badakit ez dela lagungarria, baina erietxeetan ikusi ditugun irudiak ikusi eta sentimendua duen nori ez dio barruak buelta ematen.
Dena den tristurak ez nau zapuztu, beti izan naiz itxaropentsu, garai hobeak berehala etorriko direlakoan. Harantz eta honantz pasiloan eta bitartean burua seme-alaben egoerari begira, gehi etxekoak. Eta bati-bat haurrak buruan, itxialdia nola daramaten pentsatzen.
Hainbeste ordu etxean eta ordenagailu aurrean ere gehiegi seguruenik. Zenbat gezur, zenbat albiste manipulatuta sarean, eta egoera honetan denak berauei begira. Gauza ederra da adierazpen askatasuna, baina jendea engainatzeko sortzen diren albiste hauek, ez dakit tokirik behar luketen komunikabideetan.
Telebistari ere zerbait begiratu egin behar, Koronabirusaren egoera jakin nahian eta goizetik iluntzera tristura bakarrik sentiarazten zuen, bazirudien beste albisterik ez zegoela munduan. Tertulietan egunero pertsona berak gai denak aztertzen, badirudi tekniko edo aditurik ez dagoela gai bakoitzari dagokionik.
Lehen aipatu bezala, gai anitz asko eta pertsona berak egunero albisteak aztertzen eta gehienak alderdi kutsu handiarekin, kate denak berdintsuak dira niretzako arlo horretan. Egun telebistak ez dakit objektiboki informatzen duen, niri haurtzaroko doktrina ekartzen dit burura, erre ke erre, sinesten ez duzuna ere buruan itsatsi nahian.
Egun, denetariko albisteak ditugu eskuragarri eta denak alderdikeri kutsuarekin iristen zaizkigu, diruak eragin handiegia duela esango nuke komunikabideetan. Hala ere berauekin ohitu beharra daukagu, aldaketarik ez baitut ikusten hurbilean.
Manipulatutako albisteekin ez doktrinatzeko bakoitzak bere irizpide sendo bat izatea da egokiena eta hau lantzen badugu zailago izango dute gizakia artalde bat balitz bezala erabili ahal izatea.
Pasiloko joan etorri hauetan, burua ikusi dun guztia aztertzen ari da eta esan behar ez dudala egokia ikusi alderdi batzuen jokabidea. Nik uste, izurrite garaian ideologian gainetik biztanleen osasuna dela lehenetsi beharrekoa; bazirudien alderdi batzuk azoka batean zeudela, bere botoei zenek etekin hobea atera nahian. Aipatu gabe ezin utzi, izurrite garaian osasuna lehenetsi beharrean gobernuaren porrota bultzatzen saiatu direnak ere, eta ez dut siglarik jarriko.
Ez zen berehala iritsi, pasilloko joan etorriekin amaitzeko eguna, lortu bezain azkar zapaldu nituen bide bazterrak eta nire buruak hartu zuen lasaitu ederra. Izurriteak ekarri dizkigun arazoak arinagoak ziren kaletik begiratuta, nahiz ez ahaztu ikusezina den zomorro hau gure artean dagoela oraindik.
Argi izpiak ikusten hasi gara tunel barruko iluntasunetik eta irtengo dugu amets gaizto honetatik ere, bidean ikusezina den zomorro honek jaten ez bagaitu behintzat. Dena den bete ditzagun agintariak ezartzen dizkiguten arauak, denon onerako baitira , bestela albokoa jartzen dugu arriskuan eta inork ez du eskubiderik horretarako.
Amaitzeko eskerrak eman behar erietxe eta zahar egoitzetan baldintza gogorretan lan egin duten guztiei. Izurrite garai honetan garbi ikusi dugu osasun sare publiko egoki batek zenbat laguntzen dioen gizarteari. Osasunaren zainketa diruaren arabera ezin dugu bereizi, denon eskubidea delako, horregatik gobernuak ez du zuhur jokatu behar osasunaren arloan, baliorik handiena bera baita bizitza honetan.
Jon Egiguren