Kobazulo berri baten aurkikuntza Aizarnan
Antxieta arkeologi taldeak, kobazulo berri bat aurkitu du Aizarnan, Lizasoeta Txiki baserriko Fidel Goenagaren arrastoari jarraituz. Arrasto hau Fidelek bere aitonari entzundakoa dugu, Atsoagureta lur sailean zulo bat itxi zuela eta honen berri jakinarazi diote Antxieta taldeari.
Albiste honen berri jakin ondoren, hurbildu dira Antxieta taldekoak eta kokapena aurkitu ondoren, berriro ireki dute sarrera barrura sartzeko. Lehen miaketak egin eta berriro itxi egin dute, baina oraingoan burdinezko ate sendo batekin, segurtasuna bermatzeko.
Ez dakit zein neurri duen kobazulo honek, ezta gizaki aztarnak dituen edo ez ere, dena den indusketak egin ondoren izango dugu emaitza hauen berri, bitartean itxaron egin behar. Taldea itxaropentsu ikusten da eta sorpresak ere izango direlakoan daude, ea egi bihurtzen diren.
Egia esan sorpresa izango litzateke urteetan zehar itxita egon den kobazulo honetan zerbaiten aztarnak aurkitzea, nahiz eta txikiak izan, altxor bat gehiago Aizarnarako. Eskerrak eman behar taldeari, bailaran egiten ari den lanengatik, merezita baitaukate.
Jon Egiguren