Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako kirola aztertzen

KIROLEI BURUZ AIZARNATIK (1 zatia)

Aizarnarrak kirolean izan dugun zaletasuna eta eman dugun maila erakutsi nahian hasi naiz lerro bat edo beste idazten. Ez dakit nire datuak nahikoa zabalak eta zehatzak izango diren gai hau ondo lantzeko, baina saituko naiz ahal dudanik garbien eta zuzenen gaia bideratzen.

Denok dakigu antzinara asko joan gabe, kirola praktitzea ez zela oso erraza ez gure herrian eta ez erbestean, lanak egunaren ordu gehienak kentzen zituelako eta eraikuntzak ere falta zirelako kirola praktikatzeko. Baina zailtasun haundiak izan arren, denak gainditu eta kirolean bere maila erakutsi dutenak izan dira herrian.

Herrian gehien batek bere bizibide baserri eta menditik izan duenez, honek sortu dituen kirolak (herri kirolak) izango zuen, beharbada, arrakastarik haundiena, eta baita kirol honek berarekin daramatzan apustu, neurketa eta ikuskizunek ere. Herri kirolei buruz antropologo batek honela dio zita batean: “harritzekoa euskaldunak kirolean hartu zuen bidea, bere lanbidea gogorra eta neketsua izanik kirol patxadatsua ez hartu izana atseden aldietarako”. badirudi euskaldunaren fisikoa indarrak eta esfuerzoak ez nekatzeko egina dela .

Hasiera emateko, aipatu ditzagun idi-demak. Kirol honekin lotuta egon da jende multzo bat herrian eta “SAN ISIDRO” egunean ematen zuten bere erakusketa herrian zeuden idi pare onenak erakutsiaz eta urtean zehar hartutako erdoiak ondo urratuaz plazan zegoen harriari. Santu hau baserritarren zaindaria izanik egun honetan ospakizun haundia izaten zuten: kirolean aritu harriarekin, bazkaria, eta erromeria ilun nabarrean eguna bukatzeko. Gainera zaragitik ardoa doainik plaza erdian, nahi zuenarentzat egun osoan.

Aizarnakoek beste herrietako txapelketetan ere badituzte sailkapen onak lortuak, eta zenbait oroigarri ekarri ere bai herrira. Adibidez, “BERRIZKO” sariketan lehenengo saria lortu zuen “EREIO BERRIKO” Angel Peńaren idiak 1968an. Gizon honen zaletasuna haundia zen kirol honetan, eta emaitza ere ez da oso txikia. “BERRIZKO” lehenengo saria ez da hain erreza lortzen eta gutxiago garai haietan .

Zestoako “SAN JOSE”tako sariketan ere lehenengo saria lortu zuen “BEKOLAKO” idi pareak. Zein urtetan lortu zuen ezin izan dut zehaztu baino hala egiaztatu didate kirol honetan adituak. “BERGARA” baserriko Robertoren idi pareak ere beti maila ona erakusten zuen parte artzen zuen sariketa guztietan. ”ERIO ZAHARREKO” eta “AIZARNA BATEKO” idi pareak ere urte batean oso maila ona erakutsi zuten lehenago aipatu dugun sariketan.parte hartuaz ,

Kirol honen jarraitzaileak ez dira beti erakusketetan eta sariketetan bakarrik ibiliak izan, beste herri kirolak bezalaxe honek ere izan ditu bere gora beherak, saltsak eta norgehiagokak herrian. Nahiz eta ez hain urte gutxi eduki, ez ditut gogoratzen apustu edo norgehigoka asko herrian. Hala ere, badira norgehiagoka batzuk egin zituztenak herrian kirol hau praktikatzen zutenen artean, hala zehaztu didate behintzak ni baino zaharragoak diren zaletuek gai honi buruz informatze lanetan jardun naizenean.

Aipatzekoa da “ZABALEKO”idi pareak “ILLURDAN”barreneko idi parearen ahurka egindako norgehiagoka, 60 bat urte omen dira gutxi gora-behera norgehiagoka hau gertatu zela, eta trebetasun maila ona erakutsi omen zuten .Gertuago dago “PALDAZURIKO” idi pareak” EGAŃA-AZPIKO” behi parearen aurka egindako norgehiagoka eta baita ere “ALDALURKO” idi bakarrak “ETXAIKO”behi bakarraren aurka egindakoa ere. Herritarrak beste ingurukoen aurka egindako norgehiagoka gehiago egon arren, denak ezin ditugu hemen aipatu.

Izango dira aipatu gabe gelditu diren norgehiagoka eta sari gehiago lortuak herrian, baita kirol honen jarraitzale gehiago ere. Hala ere, badirudi azaldutako laburpenak nahiko erakusten duela herrian kirol honek izan duen irudi edo arrakasta. Harrakastarik haundiena, hala ere, gutxi gora-behera orain dela 40 urte lortu zuen kirol honek herrira gaur plazan degun harria ekarri ondoren. Harri honek 48 bat urte ditu eta 2000 bat kiloko pisua. Gaur egun badirudi ez dela kirol honen jarraitzale asko herrian, harri honek urte mordo bat baitarama geldirik eta ixilik. Arrazoia garbia da: gaur egun ez da herriko baserrietan idi parerik garai batean bezela lurra goldatzeko, eta lanik gehienak mekanizatuak direnez kirol honek beherakada nabarmena izan du. Hala ere, herri gehienetan kirol honetarako plazak badaude oraindik.

Gaur egun beste herri askok bezela Aizarnak ere badu bere plaza kirol honetarako, eta harria ere bai nahi duenak erabilli. Kirolerako ez da erabiltzen, eta paisaiaren parte bat bezala hartua daukagu. Umeek jostailu bat bezala daukate, gazteek berriz indarrak neurtzeko erabiltzen dute eta kirol honen jarraitzaileek edo zaletuek, berriz, erliki bat bezala daukate trapezoide haundi hori. Bere kokapena jolaslekuan du orain, eta ez berari dagokion plazan. Nahiz batean edo bestean kokatu, guk Aizarnarrok, beraren ondoan jolastu eta ezagutu dugunok, beti barruan eramango dugun ezaugarri bat dugu gure plazako “PROA HARRIA”. Badira bai begira egoteko ere eskultura itsusiagoak eta gutxiago landutakoak!

Harriarekin lotuta badugu gaur egun pil-pilean dagoen beste kirol bat: harri jasotzea, hain zuzen ere. Gai honetan informatze lanetan jardunagatik ezin izan dut emaitza handirik lortu. Badirudi kirol honek ez duela eragin haundirik izan herrian. Denok dakigu, kirol honen inguruan zaletasun haundia egon dela, eta herriko jaialdi eta ikuskizunetan praktikan jarri ere izan dute herritar batzuek . Baina sariketak eta norgehigokak aipatzerakoan, ezin izan dut emaitzarik lortu.

Herri kirolen barruan badugu hirugarren bat ere, aizkora alegia. Kirol hau oso bizirik iraun duena dugu, herrian ez da inoiz aizkora ikuskizunik falta izan. Eta aizkolari herritarren bat edo beste ere aritu izan da ikuskizunetan. Hemen “AIXTINDARRAK” aipatu behar ditugu, Benito Txapartegi eta Luis bere anaia hain zuzen ere. Hauek plazan askotan eman izan dituzte saioak, eta norgehiagokaren bat edo beste ere egin izan dute, zaletuen artean oso ezagunak izatera iritsiz. Oraindik ere “TXAPARTEGI”-tarrak badute txapelketetan parte hartuaz gogor jarraitzen duen aizkolari bat. Familia honek jarrai dezala aizkorarekin duen lotura mantentzen. “SAKA” anaiak ere kirol hau beti eraman dute barruan, eta asko bizi izan dute gainera. Plaza askotan eman izan dituzte bere saioak aizkolari bezala, eta herriko jaietan ere zer esanik ez. Laguntzaile lanak egiten ere askotan ikusi ditugu .

Honaino iritsi eta gero ezin utzi aipatu gabe “ANOXO” aizkolaria. Honek ere bere gazte garaian baditu saio ugari erakutsiak eta norgehiagokaren bat ere bai herrian. Honek ere benetan bizi izan ditu kirol honek izan dituen gora-beherak herrian, eta plazara irten eta kikildu beharrean hazi egiten zela esan ohi da.

Herriko jaietan aizkoran parte hartu izan duten gehiago ere badira, nahiz eta ez izan maila berean. Hala nola “SOAIL BERRI”, “EZENARRO” eta abar.

Aspaldiko urteak laga eta denboran gertuago dago“SANTA ENGRAZIKO” Jose Mari. Honek kirol honetan duen grina nabarmena da. Herriko jaietan hainbat saio antolatu izan ditu, eta baita parte hartu ere, “Txapartegi” gaztea,”Listoraitza” edo “Karter” lagun dituelarik. Ama Birjinetako jaietan urte asko daramatza kirol honetan antolaketa lanak egiten, erakusketa lanak egiten, eta enbor ugari mozten ere bai. Gaur egun gazteak preparatzen oso zaletua dugu .

Gainbegirada bat egiten badugu, kirol honek izan du gure herrian nahiko mugimendu eta bizitzeko arnasa. Aurrera begira ordea, izango ote dugu orain artekoen lekukoa hartzeko ausardiarik? Edo motosierrak eta mekanizazioak baztertuko du kirol hau ere idi-demak bezala?eta “Proa harria”-ren ondoan eskulturararen bat izango ote dugu kirol honen ezaugarri bezela herriko plazan?

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>