Karlisten guda garaiko kartak. ( 1875 )
Casa Zabala artxibategian gorderik dauden eskutitzetan dago idatzita hemen kontatzen dudan guztia.Aizarnatik bidaliak dira, Roman Aizpuruk sinatzen ditu 1875.urtean, inguruko herrietan gertatzen diren gehiegikeriak salatzen ditu.
Badirudi Roman Aizpuru Aizarnako kapilaua zela urte hauetan, bigarren guda karlisten garaiak dira. Karta hauek diotenez alkate denek ez zituzten arauak berdin ulertzen edo ez zituzten ulertu nahi eta Ramon Zabalari idazten dio laguntza eske, foru aldundiarekin bitartekari egin dezan.
Ramon Zabala, "Conde de Villafuertes" ospetsuaren semea zen, famili honek ondare handiak zituen Gipuzkoan eta Aizarnan ere bai: Altzolaras jauregia,honi zegozkion baserriak, burdinolak eta abar. Alderdi karlistako militantea zen, aldundiko lehendakari izatera ere iritsi zen 1880.urtean.
Karta hauek nahiko luzeak dira eta irakurtzeko nahiko astunak gainera, baina hauek duten esanahi guztia pixka bat laburtuta azalduko dut, nire idazteko erara moldatuta.
Jai eguneko ilunabarrean eta herriko plazan elkartzen omen ziren neska mutilak beraien hartu-emanak sustatzeko, giroa alaitzeko txistu eta danbolin hotsak lagun zituztela. Kleroak hau ez zuen ondo ikusten nonbait eta galarazteko eskatzen du, gehiegikeriak egiten laguntzen duela esanaz. Suak eta dantzak errezoen ondoren galarazi eta egunez egin behar zirela esaten dute, begirune handiarekin gainera, neskak alde batean eta mutilak bestean, ukitu gabe alegia, sexurako grinarik sortu ez dadin. Eta arau hauek betetze ez dituen alkateei, kargu hartzeko eskatzen die Gipuzkoako agintari militarrei.
Zein herritan egiten diren gehiegikeri hauek jakinarazteko eskatzen dio diputatuak eta begira non gertatzen ziren gehiegikeri hauek, Kapilauan esanetan.
Zestoako Amabirjinetan, hiru egunez bederatzik arte iraun omen zuen festak musika eta guzti. Lehen egunean berriz plazakoa amaitu ondoren, udaletxean jarraitu omen zuen danbolinak. Kalejirak berriz hamaika eta erdik arte gutxienez, bikarioan ataria ere ez omen zuten errespetatu (bera jokaera honekin irainduta sentitu zela esaten du).
Neska gazte talde batek, esku dantza ere egin omen zuten errezoen ondoren, suaren inguruan eta alkatea ere bertan zela. Hau ikusi eta bikarioak isiltzeko esan omen zien musikariei, alkateak berriz jarraitzeko,berak agintzen zuela herrian esanez eta errezatu nahi zuenak joan zedila elizara erantzun omen zuen.
Zestoakoak igaro eta berehala Lasturren jaiak, hemen errezoen ondoren kalean ezerez, baina taberna batean goiz aldera arte jarraitu omen zuen parrandak musika eta guzti gainera. "Hau liberalismo hutsa da praktikan!" azpimarratzen du idatzian.
Aizarnan ez du kexurik, badirudi hemen txintxo portatzen ginela.
Hauek bi herri hauei dagokionez, .Probintzian gertatzen ari denarekin ez dago gustura, idatzian agertzen duenez. Honela dio: gaur egun egiten diren dantza eta fandangoak oso arriskutsuak dira, guk urte guztian predikatzen lortu duguna gazteekin, bi edo hiru egunetan pikutara joateko arriskua dago.
Guda garaiak ziren eta badirudi soldaduak inguruan zebiltzala, Getariko linea aipatzen du hemen eta kalte handiak egiten ari direla baserritarrei esaten du, sagardi,patata,baba eta mahastietan. Gainera kanpotik etorri diren soldadu erdaldunak, jainkoa askotan iraintzen omen dute (orain arte biraoetatik garbi zegoen probintzia kutsatzeko arriskuan jarriaz).
Gaizki ulertze hauek bideratzeko, Diputazioak beste karta bat bidaltzeko proposatzen du idatzian. Alkateei bakarrik ez, parrokoei ere bai, pulpituan irakurtzeko baimenarekin gainera eta arauak betetzen ez dituen alkateen berri, berehala agintariei jakinarazteko aholkuarekin, hau egiteak Probintzi osora onura ekarriko duelakoan.
Honela amaitzen du karta: "Hemen duzu Zabala jauna nik pribatuan nire buruzagiei eskatzen dieten guztia. Espero dut zuk duzun elizkoitasunarekin bitartekari egingo duzula Aldundiarekin, guk nahi dugun helburua lortzeko. Ni Liberalen artetik irtendako apaiz arrunta bat naiz, gaur egun herri honetako ardurarekin eta barkatu ezagutu gabe idazteko izan dudan ausardia".
Roman Aizpuruk sinatzen du idatzia
Jon Egiguren