Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Karlista eta Liberalen arteko liskarrak.

Karlista eta liberalen artean izan diren liskarrak eragin handia izan zuten Euskal Herriko gizartean. Bi pentsaera kontrajarri zeuden aurrez aurre eta elkarren artean zituzten desadostasunak guda bidez erabaki zituzten.

Guda hauen berri asko ezagutzeko aukera handirik ez dugu izan. Biztanle arruntak garenok behintzat gertaera hauei buruz informazio gutxi jasotakoak garela pentsatzen dut, batek daki motiboa zein izan den.

Pentsaera hauen oinarriak ezagutzeko liburuetan idatzita dagoena irakurtzeak laguntzen du zerbait, baina hala ere ez da erraza egiten garai haietako gizartearen pentsaera ezagutzera iristea.

Guda hauek Aizarna bailaran izan duten eragina orrian dagoen artikulu batean azaldu nuen. Zerbait gehiago ezagutzen ere saiatu naiz, baina ez dut aurrerapausu handirik eman. Apaizak egindako aipamen bat ezik, esaten zuenez El Cura Santa Cruz gerrillariak lo egiten zuen eserlekua erretore etxean zegoen. Baina pentsatzen dut ahoz-aho iritsitako esaldia izango dela, hau egiaztatzeko ez baitut proba zehatzik aurkitzen.

Zestoarekin izan zuen desadostasuna zela eta Aizarnak bere Udaletxea izan zuen 1821etik 1828ra arte. Egoera politiko honek gizartearen zatiketa ekarri zuen, eta baliteke Aizarnara ere iristea, lau urte besterik ez ziren falta gerra karlista hasteko eta.

Garai haiek zerbait gehiago ezagutzeko baditugu bi museo: bat Ormaiztegin, Zumalakarregi museoa deitzen dioguna eta bestea Lizarran, hau ireki berria dugu. Hemen Nafarroako gertaerak eta pertsonaiak azaltzen dira gehienbat, baina beste lurraldetako ezaugarri ugari ere badira bertan: jantziak, argazkiak, dokumentuak, armak, indarrean zeuden tokiko txanponak eta abar.

Nik Lizarrakoa ikusi berria dut eta esan behar asko laguntzen dutela bi museo hauek garai haietako Euskal Herriko pentsaera eta gizartea ezagutzen, bertara bisita bat egitea aholkatzen dut, bi guda hauetako gertaerak eta pertsonaiak ezagutu eta iritzi bat egiten laguntzeko.

Argazkiak ateratzeko zailtasun batzuk badira museo hautan, baina bat edo beste atera nituen eta idatziarekin batera azalduko ditut interesgarriagoa izaten laguntzeko.

Jon Egiguren

-------------------------------------------------------------------------------------- --------------------------------------------------------------------------------------

Soldaduen Jantziak

Fusilatuen oroipen bat

Montejurra mendia eta Lizarra

Isabel II ETA Carlos VII Espainiako tronoaren lehian

Joan artikuluen zerrenda osora>