KARLISTEN GUDAKO GORA BEHERAK AIZARNAN
Karlista eta liberalen arteko gudak baditu gertakizun ugari Euskal Herrian, eta Aizarna bailarak ere baditu pasadizo batzuk kontatzeko modukoak.
Kontatuko ditudan gertaera hauek,Frantzisko Apalategik bilduak dira eta gero liburu batean argitaratuak. Berak kontatzen duanez, bilduma horretarako ez omen zuen mikeleterik topatzen bailaran, baina karlistak nonahi.
Halako batean jakin zuen Urdanetan bizi zela mikelete izandako bat eta bertara joan zen elkarrizketa egitera.Mikelete hau Leonardo Lizaso zen, aizarnarra, eta berak kontatu omen zizkion pasadizo hauek.
Nola sartu zen mikelete gehienak karlistak ziren tokian galdetu eta honela erantzun zion:”Gure nagusia Manuel Olaskoaga zen , liberala, diputatua eta Zestoako alkatea gainera, eta gu ere bere aldera eraman gintuen”.
Mikelete honek dionez, Olaskoagak zer zetorren baomen zekien, eta honela kontatu omen zien Leonardori eta bere aitari.” Begira Txanton, Gobernuak karlistak gudan altxatzea nahi du eta indarra hartzen ere utziko die, baina nahi duenean ito egingo ditu.indar gehiago du eta .Gero akabo gure foruak, kintak... Castillako legeak izango dira oraindik, nahiz eta guk ez ikusi.”.
Lehengo karlistak Santa Cruz-enak omen ziren Aizarnan eta garai hartan harro xamar omen zebiltzan gainera. Etumetako Zaku liberalen espioia zela salatu zuten eta salatu bakarrik ez, larunbat gau batean fusilatu ere bai, Bixigu baserriko atarian pago bati lotuta.
Kaperotxipi, Aizarnako maixua izandakoa beraiekin omen zebilen gudan eta badirudi herrria ondo ezagutzen zuela eta Aizpuru baserrikoei honelako mehatxua bota omen zien: ”Zuen bizia gure baionetaren muturrean utzi duzue”.
Leonardo Lizasok dionez: “Guri berriz, nagusia liberala genuela eta haren aldekoak ginela esaten ziguten auzokoak, “hurrengo txanda zuena da”esaten ziguten . Hala ezin zitekeela bizi eta nire anaiarekin Tolosa aldera joatea erabaki genuen.
Etxetik irteterakoan arreba lepoan lotu zitzaidan negarrez, baina hura askatu eta hala irten nintzen nire jaiotetxetik”.
Iruretar Simon Irure baserrikoak ere baditu gertaera batzuk kontatuak:”Ni tertzioetan ibili nintzen , nire ama alarguna baitzen. Zestoako Don Luis Etxaide (Gezalako ostatukoa) genuen kapitaina. Igande eta jai guztietan etortzen ginen kalera instrukzioa egitera eta gero fusil zahar giratorioak bakoitzak bere etxera eramaten zitúen.”
Apalategi, liburuaren egilea Simoni galdezka:
Guda jantziekin istruzioa?
Ez, ez genuen guda jantzirik.
Ez zenuten behin ere su egin?
Bai, Meagetan, bizkaitar konpainia bati laguntzera eraman gintuzten, eta gure fusil giratorioak bide gutxira botatzen zituztela balak eta gorantz botatzeko esaten ziguten. Gero liberalek Garate gainean kanoiak jarri zituzten eta granadak botatzen hasi ziren eta Orduan Indamendin gorantz joan ginen.
Hauek dira bi aizarnarrek guda honi buruz aita Frantzisko Apalategiri kontatuak.
JON EGIGUREN
Danbolin aldizkariak argitaratua