Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Jesus Mari Mujikari elkarrizketa.

Jesus Mari Mugika irakasle Aizarnarrari, Danbolin aldizkariak egin dion elkarrizketa irakurtzeko arreta berezia jarri dudala esan beharra daukat, baita beste egunkari edo aldizkarietan egindakoei ere.

Arreta berezi hau Aizarnakoa delako izango da seguruenik eta gaztetatik ezagutzen dudalako ere bai, kultura arloan nahiko ezaguna dugunez eta herritarra izanik nola ez jarraitu honek azaltzen dituen iritziak irakurtzen.

Elkarrizketa honetan irakurtzen dudanez erlijioarekin lotuta ikusten dut bizitzako zati bat eta unibertsitatean etika eta filosofiako irakasle beste zatia, beraz prestakuntza egokia gizarte honek arlo hauetan dituen arazoei erantzuteko.

Bakezalea eta bakea lortzen ahalegindu den gizona da niretzako, bakean elkarbizitza bermatzeko hitzaldiak ematen ere ahalegintzen da. Beraz, aktibo jarraitzen du oraindik eta jarrai dezala gainera, helburu garrantzitsua baita gure herriarentzako.

Bere bizitzaren gain Jon Artanok egindako galderei erantzuten dio gehienbat, baina iritziak ere badira elkarrizketa honetan eta nik bi azpimarratuko ditut nire maila xumean: 1- “Askoz inportanteagoa da autodeterminazio pertsonala herriarena baino" esaten duenekoa, eta nik ere pentsaera horrekin bat egiten dut. 2- Azken esaldian sinesmenaren gain esaten duena ez dut ondo ulertzen, sinesmena ez diola inork ziurtatu esaten duena, nik uste bainuen ziurtatu beharrik ez duela sinesmenak.

Iritzi pertsonalak alde batera utzi eta benetan irakurtzea merezi duen artikulua dela esango dut, beraz aldizkarian irakurtzerik izan ez duenak, hemen du aukera iritzi pertsonal eta guzti.

Jon Egiguren

============================================================================== ==============================================================================

Jesus Mari Mujikari elkarrizketa

DANBOLIN ALDIZKARIAK ARGITARATUA.

Nolakoa zen Aizarna zu umea zinenean?

Orduan iruditzen zitzaidan herri nahikoa handia, 700en bat biztanle izango zituen, gehiago igual. Gure etxea kale-baserria zen baina taberna eta estankoa ere bai: koadrilako zigarro hornitzailea neu nintzen! Eliz-giroa ere handia eta nik azkar ezagutu nuen, anaia aurretik bezalaxe, akolito sartu nintzen-eta.

Eta eskolan?

Maisu erdaldun bat genuen, noski; guk berriz erdararaz zero. Angel Lopez Corcuera, vallisoletanoa, gerran ibilia. Eta gerran sufritutakoa: herrena zuen eta aurpegian ere bazituen seinaleak. Egia da gerrikoarekin-eta eskutan jotzen gintuela, baina gerora ere tratua izan nuen berekin eta uste dut gizon ona zela. Iruditzen zait egundoko meritua zuela, pentsa zer zen hura: Berrogeitaka mutilkozkor, 4 urtetik eta 14ra artekoak, elkarrekin. Ikasle zaharrenek irakasten ziguten gazteenoi irakurtzen.

Seminariora joateak bizitza aldatu zizun. Etxean erabaki al zuten?

Ez, ez, inondik inora. Nola izan zen? Ez dakit ba, ikastea gustatzen zitzaidan, apaizarekin harreman ona nuen... Hala ere ni txikia eta aluba nintzen eta izeba batek esaten zidan astebete ez nuela egingo seminarioan.

Aizarnatik irten zinen egunarekin akordatzen al zara?

Akordatuko ez naiz ba! Azaroaren 2rako deitu gintuzten eta lehenagotik tristatzen hasita nengoen. Iritsi zen eguna eta, astoan maleta hartuta, ama eta biok joan ginen oinez Zestoara kalbariotik [galtzadatik]. Gero trenez Zumaiara, handik Debara, eta Debatik Saturraranera autobusez. 11 urtetxo nituen.

Zer moduz han?

Berehalaxe egokitu nintzen. 90-bat lagun ginen, eta horietatik 75-80 euskaldun garbiak, nahiz eta den-dena erdaraz ikasten genuen.

Estudio eta jolas artean lagun minak egin zituen Mujikak Saturraranen eta Donostian. Horietako bat zen Joxe Mari Korta arroarra. Kortaren omenezko Bidetik fundazioko bozeramailea da.

Nola erne zen euskaltzaletasuna zugan?

Zortea izan nuen. Aizarnan jaiotzeagatik lehendabizi. Eta gero ama eta izeba oso bertsozaleak ziren*. Nik ez dakit zenbat bertso ikasi nituen 6-7 urterako! Orain ere Markesaren alaba osoa kantatuko nizuke, eta Otañoren Argentinakoak, eta Bilintxenak...

♫ Horra sei bertso kale garbitzaileari ♪

...gure etxean libururik ez zen, baina Saturraranen mutil batzuek etxetik eramandako euskarazko liburu batzuk baziren. Nik aurrena irakurri nuena izan zen Hamabost egun Urgainen. Hartu eta ra! leitu nuen hasieratik bukaerara, gustura. Hori ere eskertu behar diot seminarioari: irakurzaletasuna eman izana. Saturraranen, nahiz eta erdal giro betean sartu, kontzientzia bagenuen: lagun batzuek beti euskaraz egiten genuen eta apunteak ere euskaraz hartzen genituen. Gero gainera, nik 16-17 urte neuzkala, Juan Mari Lekuona poeta eta Joxe Mari Aranalde-eta, Jexux Altuna-eta, etorri ziren irakasle jarduteko eta euskaltzaletasuna azaltzen hasi zen.

Seminarioa eta kaleko bizitza desberdinak izango ziren...

Bai baina, ez zaitez nahastu, seminarioa ez da komentua. Guk edozein barnetegitako oporrak genituen: Gabonak eta udako hiru hilabeteak. Nik ez diot sekula aizarnar izateari utzi, hemengo jendearekin ibiltzen nintzen! Seminarioan ere, 67-68rako, aldaketa handiak bizi genituen. Ordurako libertate maila bat bagenuen eta batzuek erabaki genuen langile-jendea ezagutzeko kanpora atera behar genuela. Orduan ikasketak utzi eta lanean hasi ginen. Ni peontzan hasi nintzen Koipe enpresan, Donostian, olio partitzen. Garai mugituak ziren. Pardines hil zuten [ETAk erahildako lehen pertsonaz izan zen Jose Pardines guardia zibila]. Egunero joaten ginen polizia nazionalaren ekonomatora eta broman jarduten ginen hango gazte-jendearekin. Gogoratzen naiz nola egun batean denak serio eta formatuta topatu genituen. 68ko abuztuaren 2a zen, lagun batek esan zidan zer gertatzen zen: ‘Meliton Manzanas hil ditek’.

Meliton Manzanas ezaguna al zen?

Bai, bai. Bagenekien zein zen eta zertara dedikatzen zen. Ordurako kanpoko estudianteekin harremana genuen, gainera baziren apaizgai izandakoak batzuk Guardia Zibilaren koartelera eraman eta torturatutakoak.

Ikasketekin jarraitzea nola erabaki zenuen?

Urtebete lanean egin eta gero ez nuen parrokia batera joan nahi besterik gabe. Sinesmena eta arrazoiaren arteko lotura, sinesmena eta filosofiaren artekoa zen interesatzen zitzaidana. Horretan nahi nuen sakondu.

Nondik interes hori?

Nire bizitzan pasa dudan hilabete gogorrenean piztu zitzaidan, aitona hilzorian genuela. Dena batera aplikatu zen. Greba bat egin genuelako seminariotik kanporatu gintuzten bolada baterako. Zigorra betetzera Aizarnara abiatu aurretik, filosofiako irakasle batek galdetu zidan: ‘Zer irakurri behar duk etxean?’ eta nik: ‘Gustura irakurriko nuke Nietzsche’. Nietzsche kristautasunak eduki duen arerio gogorrena da. Hala ere irakasle hark Nietzscheren lanak biltzen dituzten hiru liburuki hartu eta esan zidan: ‘Hau nahi al duk? Hartu eta irakurri orduan’. Hark barruntatuko zuen tratua pasa behar nuela, baina eman egin zizkidan hala ere. Eta eskertua nago, hemen norberak erabaki behar du eta zer izan behar duen. Etorri nintzen etxera eta aitonaren azken egunak berarekin pasa nituen. Pentsatu zer izan zen niretzat: Nietzscheren testuak –Moralaren genealogia eta Antikristoa eta Hala mintzo zen Zaratustra– oso gogorrak dira, niri ordura arte irakatsi zidatena, nire sinesmena, erasaten zuten liburu haiek bete-betean, eta denak irentsi nituen. Eta egoera horretan nengoela alboan aitona neukan, azkenetan, hiru bat urte lehenago hil zitzaion emazteari, gure amamari, ‘laster hor nauzu’ esanaz behin eta berriz. Gure aitonak segurantzi osoa zeukan andrearekin elkartuko zela zeruan. Eta ni ondoan Nietzsche irakurtzen... Dardarizo latzak! 18 urte neuzkan eta orduan erabaki nuen ikasi egin behar nuela arrazoia, filosofia eta sinesmena nola elkartu daitezkeen. Sinestea arrazoizkoa izan al daitekeen.

Erabaki irmoa...

Bai, karrera amaitzean lagun batek eta biok pentsatu genuen Alemaniara joan behar genuela estudiatzen segitzera. Elizak ez zigun inolako eragozpenik jarri baina problema, jakina, dirua zen. Joxe Azurmendi, euskal pentsalari handia, Münster-en zegoen. Ez genuen elkar ezagutzen baina karta bat idatzi genion, nor ginen eta hara zertara joan nahi genuen esanaz. Segituan erantzun zigun laguntza eskainiz. Frantziskotarren egoitza batean zegoen bera eta guri ere gela bana eman ziguten. Ikaragarri hiri polita da Münster eta Alemaniako unibertsitaterik onenetakoa dago han. Gero lantxo batzuetan ateratako lau sosekin moldatu ginen.

Zein lantxo ziren horiek?

Espainol asko zegoen han lanera joandakoa, eta haien seme-alabei eskolak ematen larunbatetan: Lengua castellana, Historia de España...

Alemanierarik ba al zenekien?

Hitzerdirik ere ez. Baina unibertsitatean ikasi nahi zuten atzerritarrentzat propio pentsatutako ikastaro batean sartu ginen. Alemaniarrek oso ondo tratatzen gintuzten, beti laguntzeko prest. Urte erdiz prestatuta gainditu genuen alemaneko azterketa.

Hileroko 22. eguneko telefono konferentzia

  1. 09.22 Jexux Mari Mujikaren jaiotza data. 1946.08.22 Alfons Schumacheren jaiotza data. «Alemanian egindako lagunik onenetakoa Alfons. Fenomenoa. Hilero, sinfalta, 22an elkarri deitzen diogu gaueko hamarrak aldera. Zer moduz bizi garen eta familiak zer moduz ditugun kontatzen diogu elkarri. Nik Reala zer moduz dabilen kontatzen diot eta berak Aachen taldearen partea ematen dit».

Alemaniatik bueltan irakaskuntzan hasi zinen. Eta politikan ere sartu zinen...

Bai. Franco hil berritan oso garai bizia zen, eta alderdi bat sortu genuen: ESEI, Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra. Ezkertiar eta abertzaleak ginen, baina ETArekin ez genuen zerikusirik izan nahi. 82ko hauteskundeetara aurkeztea erabaki genuen, baina emaitza onik lortzen ez bagenuen erretiratzekotan. Oso boto gutxi atera genituen, zehatz esanda: 3554 boto. Biharamunean goizeko zortzietan unibertsitatera joan klasea ematera eta lekutako katxondeoa: denak txalo jotzen kar, kar, kar. Nik orduan utzi nuen politika, emaitzengatik eta irakaskuntzan ikaragarri gustura ari nintzelako.

40 urtez nerabeei eta unibertsitariei filosofia eta etika ikasgaiak ematen jardun zara Santo Tomas lizeoan eta EUTGn. Nolakoak ziren zure eskolak?

Apunterik gabe eman izan ditut Lizeoan etikako klaseak. Niretzat oinarrizko edukiak ziren tolerantzia zer den azaltzea, askatasuna zer den... eta beraiei beti libertatea eman hitz egiteko. ETAko buru egin den jendea izan dut ikasle, gaur ezker abertzalean punta-puntan dabilen jendea ere bai. Beste alderdietakoak ere bai, noski, eta enpresariak, kazetariak... Indarkeria, esaterako, elkarrizketa gai zen ikasgelan, etikaren ikuspegitik derrigorra iruditzen zaidalako. Atentaturen bat bazen landu egingo genuen. Mikel Zabalza* azaldu zenean ere beste gaiak utzi eta horretaz eskatu nizkien iritziak ikasleei.

Eta urte hauetan asko aldatu dira esaten zirenak. 80ko hamarkadaren hasieran ETAren alde askoz errazago hitz egiten zen kontra baino. Sarritan, nik hizketagaia atera, eta inork ere ez zuen atentatuaren kontrakorik esaten. Nik orduan esaten nien: ‘Diferente pentsatzen duenak hitz egin behar du. Errespetuz, baina hitz egin. Pentsatzen duena esaten ez duen herri batek ez du ezertarako balio’.

ETAren indarkeriaz ari bagara, jende askok bereizten ditu hasierako jarduna eta geroagokoa, zuk beti berdin pentsatu al duzu?

Ez dut beti-beti berdin pentsatu, keba. Ni garbi ikusten hasi nintzen Franco hil ondorengo urte horietan, demokrazia-edo hori etorri zenean. Bizitzan izaten dira sekula ahazten ez diren gertaerak. Horietako bat kontatuko dizut. Ikasturte amaierako afaria genuen guraso eta irakasleok. 78a edo 79 izango zen. Afalostean Hernanira joan ginen, sanjoanak zirelako. Jendea Carrero Blancoren atentatuaz ezagun egin zen kanta hori kantatzen hasi zen, badakizu: Carrero Blanco almirante Naval... jertseak airera jaurtiaz, eta tipo horretara. Gure arteko guraso batzuk ere, broma giro hartan, kantura batu ziren, eta gizon bat eta biok geratu ginen taldera bildu gabe, eserita. Seme-alabak lizeora bidaltzen zituen gizon hark, euskaraz ez zekien arren. Eta esan zidan: «Un pueblo que festeja la muerte nunca se la podra quitar de encima». Gero esan zidan berak ez zekiela Carrerorena egin beharra zegoen edo ez, ez zela eztabaida horretan sartuko, baina inondik inora onartu ezin zuena atentatua ospatzea zela. Inpresioa egin zidan, eta pentsatu nuen: ez dik arrazoi faltarik.

Apaiz ohiaren fedea

«Bizitzan ikasi beharra dago ideiengatik (edo sinesmenengatik) sufritzea hobe dela sufriaraztea baino. Elizak, desgraziz, asko egin du hori: sufritu arazi, desberdin pentsatzen dutenei».

Irakaskuntzako 40 urteotan zer ikasi duzu?

Gauza asko. Adibidez norbere zalantzak eta ezjakintasuna natural azaltzea eskertu egiten duela jendeak. Ikasleek: ‘Zuk zer esango zenuke?’, eta nik sarritan ‘ez dakit’ erantzuten nien.

Zeren gainean ez dakizu erantzuten?

Gauza askotan gertatu zait: eutanasia, abortua, sexu askatasuna. Telebistako lau titular entzunda ezin dezake pertsonak iritzia, di-da, taxutu; mundua hori baino askoz konplexuagoa da.

Zure ikasleak zertan aldatu dira?

Gauza batzuetan onera. Bizikidetzan eta elkarrekiko errespetuan adibidez, desberdintasuna onartzen eta indarkeriarekiko jarreratan ere bai. Bestalde gaurko gazteak iruditzen zaizkit, jeneralean, lehengoak baino ahulagoak, esanekoagoak, eta frustrazioa gainditzeko gaitasun txikiagokoak. Baina, tira, ezin da orokortu denetik dago eta. Nik esperantza daukat.

Zerk ematen dizu esperantza?

ETAk armak utzi izana eta ezker abertzalearen bilakaera ikaragarrizko pausuak dira. Eta kalean ere gero eta errespetu gehiago ikusten dut. Lehenago hemen beldurraren isiltasuna zen nagusi, eta hori gainditzen ari gara, nahiz eta oraindik jende gehiegi isilik gelditzen den. Jakina da horrelako aldaketak ez direla kolpera izaten. Gainera aurrera egiten ari da beste isiltasun bat: Errespetuaren isiltasuna... [isildu eginda une batez]. Horrela esaten diot nik kulparik gabe sufritu duenaren aurrean, begiruneagatik, egiten den isiltasunari. Horretan lana egin beharra dugu. Adibidez ETAkideak heroi eta eredu gisara aurkeztea hainbeste biktima dauden lurraldean mingarri izan daiteke. Besterik da senitartekoak eta lagunak poztea preso zegoena etorri delako, eta harrera egitea, eta afaria, hori normala iruditzen zait. Giza sentimendu berezkoa da urteetan kartzelan izan denaren askatasunagatik poztea.

Euskaldun jendea bi familia politikotan banatzen da.

Bai, eta biek gaitz bera dute: kaleko jendeak ez du kritikatzen sekula bere aukerako taldea eta horregatik partiduek alderdikeriaz jokatu dezakete. Ba al dakizu noiz aldatuko diren? Beheko jendeak botoa eman diogun alderdia kritikatzeko beldurra galtzen dugunean. Niretzat askoz ere inportanteagoa da autodeterminazio pertsonala herriarena baino. Ni Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen alde nago, baina ez dit ezertarako ere balio bakoitzak bere kabuz pentsatzen, eta elkar errespetatzen, ikasten ez badugu. Eta hemen hutsune handia dugu nortasunean, besteak beste eman diguten hezkuntzagatik.

Eta zergatik falta zaigu prestaketa hori?

Hezkuntzari ez diogulako behar adina ahalegin eskaintzen. Nagusiki telebistak edukatzen du. Eliza pertsona esanekoak sortzen saiatu izan da. Eta eskola ere... tristea da baina, txiki-txikitatik, lanerako bakarrik prestatzen gaitu sarri.

18-urte zenituen arrazoia eta sinesmenaren arteko harremanaz hausnartzen hasi zinenean, mende erdi pasa da. Argitu al zaizkizu zalantzak?

Bizitzen lagundu dit, neure konbentzimenduak izaten, baina erabateko ziurtasunik ez dit eman.

Jon Artano Izeta

Joan artikuluen zerrenda osora>