Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

AIZARNAKO AMABIRJIÑAK 2007

Aurten ere ospatu ditugu abuztuko Amabirjinak, nahiz eta urte oro egitarauan ekintza berak errepikatzen direla eman, urte bakoitzean daukagu sorpresaren bat ikusteko aukera.

Aurtengoan herriko bi gazte izan dira sorpresa eman digutenak. Bata 13 urte besterik ez dituen Jagoba, 8 arroako hiru harri mota ezberdinekin eman zigun ikuskizun polita. Bestea, Txapartegi aizkolariaren semea. Bere adinerako nahiko egoki aditu zen aitaren aurka, ofizio honetan jarraitzen badu aitaren maila hartzeko ez du denbora asko itxaron beharrik izango.

Batek bere aita eta besteak Izeta, biak ere maisu egokiak dituzte kirolean aurrera egiteko, ea noraino iristen zaizkigun Aizarnako bi gazte hauek.

Beti bezala hasiera oso ezaguna dugun afariarekin eman genien jaiei, herritarrekin eta herriarekin lotura duten Aizarna zaleekin bete ziren mahai guztiak eta ondoren alaitasuna izan zen nagusi goiz aldera arte.

Egunean eta meza ondoren pilotariak, ohiturari jarraituaz Azpeitiko ilunpe elkarteko pilotari gazteak elkarren aurka. Esan behar benetan saio egokia ikusteko aukera izan zutela pilotazaleak.

Ez dago beti profesionalari begira egon beharrik, pilota partidu politak ikusteko honelako pilotari gazteak ere ematen dituzte jaialdi borobilak, eta horietako bat Aizarnan eman zuten Amabirjin egunean.

Garai batean balkoi batetik bestera egiten zuten bertsotan Aizarnan, baina aurtengoan taberna batetik bestera ibili ziren bertso poteoa deitzen diogun honetan, nahiz eta saio politak eman tabernako zaratak ez du asko laguntzen bertsoak entzuteko orduan.

Jaiak amaitzera doazen egunean betikoa, “oilasko biltzea”. Aurtengoan eguraldiak ez du asko lagundu baserriz-baserri ibiltzeko, baina sasoiak oztopo asko gainditzen dituenez eguraldia ez zen eragozpena izan trikiti soinuarekin zagi-dantza eginez atez-ate herria alaitzeko orduan.

Aurten bi erakusketa ikusteko aukera izan dugu jaien barruan: bat moto zaharrena herriko plazan. Haiek ikustean jende askori ekarri dizkio burura beraiekin egindako ibilera gogorrak lanera joateko orduan, eta niri berriz urte gutxiren barruan zer aldaketa egin duen teknologiak etorri zitzaidan burura.

Bestea Aizarnako jaiei buruzko argazki erakusketa bat hiru egunean zehar eskolako aretoan. Hemen ere argazkiak beti errepikatu egiten direla ematen du baina urtero egoten da berrikuntzaren bat ikusteko modua, eta aurpegietako espresioari begiratu ezkero zer esanik ez.

Jaiak herritarren gozamenerako dira, erbestean bizi direnak herrira hurbiltzeko ere bai eta Aizarnarekin duten lotura sendotzeko ere baliagarriak dira. Jarrai dezagun ba orain arte bezala ospatzen Aizarnako Amabirjinak.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>