Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Isabel de Valois Espainiako erregina Gipuzkoa zeharkatzen

Aspaldi gertatu ziren kontuak dira hemen aipatzen ditudanak, 1565. urtekoak hain zuzen ere. Urte honetan Gipuzkoa zeharkatu zuen Felipe II Erregearen emazte zen Isabel de Valois Erreginak.

Irakurri ditut bidaia honen gorabeherak, eta ikusten dudanez, Gipuzkoa osoa mugitu zuen bidaia honek, nahiz eta Goierri aldetik zeharkatu.

Bidaia honen helburua bere ama Katalina de Medici Erregina bisitatzea zen Baionan. Urte hauetan Frantzian agintean zegoen erregin hau. Beraz, ama alabak elkartu egin ziren lehen aipatu dugun urtean eta Baionako hirian.

Bisita honen berri lehen ere banuen, oso gainetik begiratuta jakina. Baina orain bidaia hau antolatzeko egin ziren bilera eta lanak irakurri ondoren, hauexek aipatuko ditut jarraian. Data eta bidaia honen pasarteak Gipuzkoako Junta Jeneralak argitaratuta dituen artxiboko liburuetatik jaso ditut. Gipuzkoarrak garenontzat baliagarri izango delakoan. Espainiako Erreinuak Gipuzkoan zuen korrejidoreari karta bidez ohartarazi zion bidaia honen berri, eta honek, Gipuzkoako agintari nagusiei. Ondoren berehala hasi ziren agintariak bilerak egiten bidaia antolatzeko.

Karta honetan eskatzen zuen harrera ona egitea probintziek, eta pasa behar zuten bideak egokituta egotea. Gizon armatuak egotea bide ertzetan eta gelditu behar zuten herriak ondo hornitzea: ogi, ardo, haragi, arrain, garagar, lasto, botika eta abarrrekin. Karta honen berri jakin bezain azkar hasi ziren Gipuzkoako Junta eta udaletxeak prestaketa lanetan. Lehenetako bat Bidaniako San Bartolome elizan egin zuten eta herri guztietako delegatuak ikusten dira bertan. Zestoatik Martin Ochoa de Ariztondo bertaratu zen.

Komisarioak ere izendatu zituzten lurralde bakoitzean lanak antolatzeko eta Urola Kostarako Yoanes de Iriarte izendatu zuten. Komisario hauek Juntak edo Diputazioen aginduak betetzen zituzten, halanola, gizon armatuak osatu, janariak bildu eta antzekoak

Komisarioak berehala hasi ziren udaletxe bakoitzak zituen ondare eta animalien zerrenda jasotzen. Ondoren debekatu egin zuten animaliak itsasotik ateratzea. Hau egiten zuenari zigorra ezartzen zioten eta inhabilitatu betirako. Hiri bakoitzak zituen produktuak Komisarioei ezkutatzen saiatuko ote ziren beldur ziren nonbait.

Erreginak zekarren taldea janariekin ondo hornitzeko Probintziak ez zuen nahiko baliabide. Nafarroatik ekartzeko saiakerak ikusten dira, eta janarien salneurriak ere izoztu egin zituzten eskari handi honek dena puztuko zuelakoan.

Ardiak eta abar ekartzeko aginduak ikusten dira eta horretarako mugak irekitzeko eskatzen die Erregeari, animalien zirkulazioa galarazia zegoen nonbait. Burgos eta Gasteiztik ekartzea bereziki galarazi zuten, izurritean zeudelako.

Herri bakoitzak agindutako gizon armadunak osatu behar zituen, sarraskiak saihestu gehi bideak zaintzeko. Gizon prestuak eta itxura onarekin behar zuten izan gainera. Arkabuzarekin armatuta eta jantzi egokiekin hornituta osatu behar ziren. Zestoak 30 gizon antolatu eta bidali behar zituen agindutako tokira, Aizarnakoak barnean izango ziren jakina.

Hamabi diputatu izendatu zituzten Erregina Gipuzkoan San Adrianetik sartu eta Frantziako lurretara iritsi arte bidaia antolatzeko. Baita ere lau gizon sendo aukeratu behar zituzten sorbaldan kaiola hartu eta Erregina Zegamara jaisteko. Zaldi gurdian jaisteko bide arriskutsua edo aldapatsua izango zen nonbait.

Erreginari ongi etorria San Adriango mugan egin zioten, diputatu eta jauntxo batzuek, ondoren herrietako diputatuak eskumuinak emateko, Segura eta Villafranca artean zegoen zabalgo batean antolatu zuten. Erreginak karrozatik jaitsi, esku larruak kendu eta bakoitzari luzatu zion bere eskua musu emateko, eta ikusten denez Gipuzkoako ordezkari asko zegoen bertan. Zestoatik Bicente De Hecenarro alkatea ikusten dut ordezkari. Erregearen agindu batek, Probintziak 600 gizon armatu prestatzeko agindua bidali omen zuen. Berauentzako soldata ere bidaliko zuela esaten zuen. Baina Erregeari bidalitako erantzun bat irakurtzen dut esanaz, soldatarik bidali gabe ere Probintzia gai zela nahiko gizon armatu osatzeko bidaia honetarako. Erregeak karta hau irakurri bazuen ez zuen diru gehiegi bidaliko.

Hondarribi eta Donostiaren artean tirabiraren bat zegoela ematen du. Irakurtzen dudanez bi herri hauetako gizon armatuak ez nahasteko agintzen dute, sarraskiren bat sortzeko arriskua zegoela eta.

Hondarribi Nafarren gotorleku izan zenez, Nafarren aldeko kutsua izango zuten nonbait, hau dela eta bi hiriak zituzten ikurrak alde batera utzi eta probintziakoarekin irtetera behartu zituzten.

Bidaia honi buruz beste pasarte gehiago ere badira jasota, baina zehazki denen berri ematea zaila egiten da lerro hauetan, luze egingo bailitzateke. Dena den nire helburua bidaia honen berri azaltzea zen eta irakurri ditudan datuen ondoren konklusio bat atera dut, Gipuzkoako Probintziak, Castillari ohore handia zion garaiak zirela. Gipuzkoako bazter guztiak mugitu eta astindu baitzituen bidaia honek eta seguru gastuak ere probintziak ordaindu zituela.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>