Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Irakaskuntza Aizarnan

Zestoako auzoek duten garrantziari leku gehiago ematea erabaki dute aldizkarian, nik ahal dudan neurrian Aizarnakoak egurastu nahi ditut eta lehen idatzia auzoko hezkuntza aztertzea izango da.

Auzo hau nahiko isolatua egon da atzera begiratzen badugu, baina badirudi ez dela oztopo izan bailarako biztanleen heziketan. Auzoa isolatuta eta biztanleak sakabanatuta, egunero bide luzeak egin behar oinez, haize zakar eta euriak jasanez eskolarako bidean.

Etxeratu orduko lanean ere lagundu egin behar eta derrigorrezko heziketa amaitu ondoren mailarik lortu ez baduzu, gau eskolara. Eskola hauek ere asko lagundu zuten auzoaren hezkuntza osatzen, bestela ez da erraza ulertzen eskolatu gabeko kopurua hain txikia izatea bailaran.

Hau lortzeko landa eremuko bizimodua arazo bat izaten zen askotan. Etxean zeuden esku denak ere gutxiegi ziren urte garai batzuetan, eta haurren eskuak ere ondo etortzen ziren etxeko eginbeharretarako. Egoera honek hezkuntza formalak duen garrantziari jaramonik ez egitea sustatu dezake. Aizarnan ordea ikuspegi aurrerakoia zuten, heziketak duen garrantziari lehentasuna emanaz.

Nik hogeigarren gizaldi erditik orain artekoa bizi eta ezagutu dut, baina gaztea nintzela izan dut hartu-eman ugari adineko biztanleekin ere. Denei heziketa egokia sumatu nien gizaldiaren hasieran jaiotakoak izateko, eta hau ez da lortzen eskola egoki bat antolatuta ez duen herrian.

Eskola honetan laurogei bat umek hezkuntza formala jaso zuten garaiak izan dira. Kopuru majoa bi irakaslerentzako. Hala ere, derrigorrezko ziurtagiria denak lortzen zuten eta bada zerbait hogeigarren gizaldirako. Emaitza onak lortu dituen eskola izan dugu auzoan, garaiak kontuan hartzen baditugu. Nik nota eman behar eta bederatzi eta erdi emango nioke.

Bestalde, hogei eta batgarren gizaldiak hezkuntzan erronka handiagoa eskatzen du. Horretarako eraikuntza berri bat daukagu, kolore distiratsuekin margotuta berau. Barruan nahiko leku lasaiak ikusten dira, jangela eta guzti. Eskola emateko baliabideak ere gizaldi honetara prestatuak ditu, ez du zer ikusirik lehengo zaharrarekin. Gaur egun hogei bat haur dabiltza Aizarnako eskolan, hasi bi urtetik eta hamabira bitartekoak (Lehen Hezkuntzako 6. maila amaitu arte). Hiru irakasle lanaldi osoan eta bi lanaldi erdian ari dira momentuan. Erlijioak ere badu bere tokia, astean ordu beterako etortzen baita irakaslea, eta guraso elkarte bat ere badu laguntzeko beti prest dagoena. Bazkaldu nahi duenak berriz ez du inora irten beharrik, dena prestatuta ekartzen diete eta jangela dotorean jarri besterik ez dute. Gizaldi honetako erronkari aurre egiteko prest dagoela ematen du gure eskola txiki hau.

Derrigorrezko zikloa amaitzera irten egin behar kanpora, baina dudarik gabe hemen hartutako zimenduak asko balioko diete emaitzak jasotzerakoan. Nik ezingo diot garai berri honetako emaitzari notarik jarri, baina zaharrak lortu duena hobetuko duelakoan nago.

Jon Egiguren

Danbolin aldizkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>