Igaro dugun 2011.urteari begira
Urte guztiek dute eragina herri baten bizitzan, eta Aizarna ez dugu salbuespena; beraz egin diezaiegun berrikuste bat urtean zehar bizi izan ditugun gertaera, ekintza eta albiste guztiei.Abendua garai egokia da igaro dugun urte honek utzi dizkigun onura edo kalteak hausnartzeko. Hori egiten bada, bi aldiz harri berean estrapozu egiteko askoz aukera gutxiago izaten da eta.
Lehenbizi aipatu beharrekoa, ETAren erabakia dugu; inolako zalantzarik gabe, benetan poztu gaituen albistea izan da hori. Seguru nago izango duela bere eragina gure eguneroko elkar bizitzan. Halaber, ezin dugu utzi aipatu gabe bakea lortzeko bide honetan Jesus Egiguren Aizarnarrak egindako ahaleginak. Espero dut Ibili luze eta zail horiek igaro ondoren gizarteak aintzatespen garbi bat egitea politikari horri, eta hark historian bere lekua izatea.
Prontxio apaizak, bestalde aurten utzi ditu auzoko apaiz lanak, eta gazte moderno batek ordezkatu du. Aspaldiko argazkietan bakarrik ikusten dira apaiz gazteak Aizarnan, baina orain badugu aukera egiazkoa ikusteko ere. Elkarteko arazoaren ondorioak agerian eta fedea ahul dagoen garaian iritsi da, baina apaiz gazte horiek hobeto moldatzen direnez gaur gizartera, iritsiko dira egun atseginagoak herrira. Ongi etorri auzora!
Jaietan ikusi genituen lepo zapiek "Elkartea zabalik Herria bizirik" zuten goiburu, baina nahiz elkartearen eraikuntza itxita egon, herria bizirik jarraitzen duenaren ezaugarri izan ziren haiek, jaien antolakuntza ikusita. Hala behar du gainera; horrelako oztopo batengatik ezin du gazteak kikildu eta ekintza kulturalak eta jaiak antolatzeari uko egin. Herria bizirik ikusi nahi badugu, arazoak gainditzen jakin beharra daukagu.Arazo horri irtenbidea aurkitzeko leku faltarik ez du Aizarnak, eta aukeratu ditugun agintariek arazo hau esku artean dutenez, itxaropen osoa dut luzaro baino lehen emaitzak ikusteko.
Urte osoan egunero belarrira errepikatu diguten krisiak zer ondorio utzi dituen aipatu gabe ere ezin dugu urtea pasatzen utzi. Erakunde guztiak diru murrizketak ezarri dituzten urtea izanik, gurean ere austeridadea izan da nagusi. Nik dakidanez ez zegoen plangintza berririk aurreikusita auzorako, eta neurri horiek ez dute eragin zuzenik izan Aizarnan.
Poltxikoan nabaritu dugu ederki asko; hark bai erasan digula eguneroko bizitzan. Krisia dela eta, lurraldean dauzkagun lantokiak lan murrizketa ugari ezarri dituzte, eta, langabezia ugaldu egin denez, gehiengo batek sufritu du egoera honen eragina.. Langile arrunt batek ez dakit zer zerikusi duen krisi honekin, baina bera ari da jasaten erasorik gogorrenak.
Krisiak eta arazoak alde batera utzi, eta ospatu ditzagun Eguberri jaiak ahalik eta alaitsuen . Kontsumo murrizketak ez dezala zapuztu gure gozamena, eta urtea indarberrituta has dezagun.Tropelean ikastolatik kantuan irteten duten haur eta gurasoen kantak, eliza zaintzaileek jartzen diguten Jaiotza, kalean eta tabernatan ikusten diren apaingarri bereziak- argi eta guzti-, Gabonetako otarren zozketak, oparien zain dauden haurren aurpegi alaiak eta Olentzerok herrira sartzerakoan eskolako leihotik egiten digun agurra nahikoa dira urte garai honek duen xarma sentitzeko. Beraz, Eguberri zoriontsuak igaro ditzagun guztiok, eta urte berria oparoagoa izateko itxaropenik ez dezagun galdu, Aizarnak bizirik jarraitzen du eta.Urte berri on.
Danbolin aldizkarian argitaratua
Jon Egiguren