Igaro den urteari begira Aizarnatik (2020)
>
Igaro den 2019 urteari gainbegiratu bat egin eta azterketa txiki bat egingo diogu berari, Aizarnan utzi dizkigun pasarteei aipamen txiki bat eginaz. Eta zergatik ez munduan zeharreko egoerari begiratu, honek ere eragin zuzena baitu gure herrian.
Azpimarratzeko gertaera garrantzizkorik ez dut ikusten herrian: ekintza kulturalak, jaiak, haurren ikasturtea eta abar, normaltasun osoarekin igaro dela esango nuke, eguneroko bizitza oinarritzat hartuta behintzat.
Normaltasun osoan igaro zen martxoaren 26a ere, egun horretan egin baitziren udaletxea osatzeko bozketak eta ondorioz, Mikel Arregi “ Ertxinek” hartu zuen aginte makila legealdi honetarako. Ea herriak dituen arazoei irtenbide egoki bat emateko gai izaten den legealdi honetan, auzoek dituzten arazoei arreta berdinarekin begiratuaz, askotan gehiegi baztertzen baitira.
Aizarnako plazaren itxura dela eta, hau ez da estetika arazoa bakarrik; espaloiko harri losak dena puskatuta ikusten dira azken urteetan. Zulo hauek oinezkoentzat arazo bihurtzen dira, eta adinekoa bazara gehiago oraindik. Jakin dudanez 2020ko aurrekontuetan diru sail bat onartzekotan da udaletxea arazo hau konpontzeko, ea egi bihurtuta ikusten dugun lehenbailehen.
Aizarnako arazoak zuzenean eragiten digu, baina atzerrikoak ere baldintzatzen digu gure egunerokoa eta aipamen bat merezi dute hauek ere. Estatuko egoera politikoari begiratuz gero, azken urtean bi bozketa egin eta hala ere gobernua osatu gabe igaro dugula urtea ikusi dugu, funtzioetan dagoenarekin konformatuaz.
Era honetako gobernuak lege egonkorrak ezartzeko zailtasun handiak izaten ditu. Eta jakina, jubilatuen arazoak konponbiderik gabe, Kataluniako arazoari aurre egiteko irtenbiderik ez, eta gainera estatuaren egonkortasuna pikutan. Zer gertatu da egoera honetan? Eskuin muturrak indar gehiago hartu duela.
Erdarazko esaera batek dion bezala, “ a rio revuelto, ganancia de pescadores”. Alderdi guztiek dute ardura egoera honi irtenbidea aurkitzeko, estatua gaizki badoa guri ere eragin egiten baitigu. Lerro hauek idazterakoan egoera honekin aurkitzen gara, ea argitaratzen denerako gobernu aurrerakoi bat osatuta ikusten dugun.
Gobernuak osatu edo ez, 2019. urtean arazo batekin sentikor bihurtu gara, mundua berotzen ari dela geologoek esan digutelako. Denak ez daude ados gai honetan, batzuk munduak berarekin dituen zikloak direla esaten dute, baina gaia serioa denez kasu eginda hobe badaezpada ere. Ez dakit zerk eragin duen, baina nire gazte garaiko neguek ez dute zer ikusirik oraingo hauekin behintzat.
Garapen teknologiko handi bat lortu duela gure belaunaldiak ezin ukatu, garapen honek eguneroko bizitza asko erraztu digula ere ez, elikadura eskasiak urrundu egin ditu eta mundua eskura gelditu zaigu egun ditugun garraio eta komunikabideekin. Orain denak ez daude ados garapen honekin, mundua gehiegi kutsatzen duelako alegia, baina ni lortu dugunarekin gustura sentitzen naiz behintzat.
Orain garapen jasangarriari begira gaude eta zuzena da berau, baina gizakiak lortu duen garapen honetatik atzera pausorik ematen ez dut ikusten gizartea. Arazo honi irtenbidea aurkitu beharra daukagu, baina hau ere garapen teknologiko aurrerakoi baten bitartez lortuko dugulakoan nago. Erabiltzen dugun plastiko, erregai eta kutsadura sortzen duen guztia biodegradagarria egin edo birziklatuaz.
Mendi artean kokatuta dagoen herrixka honek, berarekin du giro osasuntsu bat, baina badirudi mundu borobil hau denok zaindu beharrekoa dela. Bestaldeko ertzean kolpatzen badugu, gure aldean ere eragina izaten duelako.
Egun batetik bestera munduaren egoera katastrofikoa dela esaten ari dira, beldurra ere sartzen du gorputzean horrelakoak entzuteak, hainbesteraino ote da? Dena den beldurrak uxatu eta jarraitu dezagun gustura bizitzen mundu honetan, horretara etorri baikinen. Hori bai, ahalik egokien zainduaz ordea.
Ea Aizarnak urte oparo bat izaten duen sartu berria den 2020. urtean, eta denon nahiak betetzeko baliagarri izaten den.
Jon Egiguren