Igaro den urteari begira ( 2015)
Urte berrian sartu ondoren, joan denari gainbegirada bat egitea egokia dela i ruditzen zait. Baliagarria egiten zaigun ohitura dela esango nuke gainera.
Igaro dugun honetan denok egin izango dugu akatsen bat edo beste, beraz, hausnarketa batek seguru lagunduko digula harri berean bi aldiz ez erortzen. Bakoitzak bere buruarekin gogoeta egin ondoren, Aizarnakoak garenok herriari buruzkoa ere seguru egiten dugula eta nik ere horrela egingo dut lerro hauetan.
Eguneroko bizimoduan ez dut beste urteetatik desberdintasunik sumatu, urtea normaltasun osoan igaro dela esango nuke. Elizkizunek egoera berdinean jarraitu dute, haurren heziketak ez du aldaketarik izan, giro atsegina ere ikusi da kalean, kultur etxeak gainera eman ditu lehen pausoak, eta elkarteak erabilpen jendetsua izan duela esan behar.
Normaltasun honen barruan badira, hala ere, azpimarratzeko moduko kasu bat edo beste. Hasteko, Gloria Agirreri egindako omenaldia eta horrekin batera berari eskainitako plaka ezartzea pilotalekuko horma batean.
Bestalde, meategiei buruz egindako erakusketa daukagu. Erakusketa zabala berau, argazkiak, tresnak eta datu ugari ezagutzeko aukera izan baikenuen erakusketa egun hartan. Museo txiki bat osatzeko moduko erakustaldia niretzat, Aizarnaren iragana ezagutarazteko bideari bultzada polita egin diona gainera.
Zerrendan sartu gabe ezin utzi elizako koruak errekuperatu dituen hiru Gabon-kanta zaharrak. Aizarnan konposatu omen ziren kanta hauek, eta garai batean hortxe bakarrik kantatzen omen ziren Eguberrietan. Baztertuta eta ahaztuta zeuden Gabon- kanta hauek, orain errekuperatu ondoren berriro abestu dituzte aurtengo Eguberrietan eta aurrerantz ere jarraituko dutelakoan nago. Aizarnako historia osatzen laguntzen duen lan bikaina egin dutela esango nuke.
Goikoez gain hau ere azpimarratzekoa litzateke: abenduaren 20an Madrilen Kongresua osatzeko egin zen bozketan, alderdi berri bat aurkeztu izana. Podemos / Ahal dugu, lehen aldiz aurkeztu zen bozketara eta 46 bozka lortu zituen. Emaitza polita lehen aldia izateko.
Hauexek dira, laburrean, urteari egin diodan analisian mahai gainean ipini ditudan gertaera aipagarrienak.
Helburuak beti lortzen dira pausoz-pauso, eta harri berean bi aldiz erori gabe jarraitzen badugu seguru errazago lortuko ditugula geureak. Urte denek erakusten dute zerbait bizitza honetan eta igaro dugun honetatik ere seguru jaso dugula esperientzia berriren bat eguneroko bizitzan lagunduko diguna.
Igaro denari agur bat, datorrenari zerbait eskatu behar eta Aizarnar guztien osasuna eskatu diogu. Eta nola ez, elkarbizitza sendotu eta aurrera pauso zuzenak ematen lagundu degigula.
Ongi etorri 2016. urteari.
Jon Egiguren