Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Igaro den urteari begira ( 2014)

Amaitzen den urteari gainbegirada bat egitea beti izan dut gustokoa, norbanakoaz gain zer onura ekarri dituen herrira jaso nahian, ondoren lerro batzuk idatzi eta orri honetan azaltzen ditut irakurri nahi duenarentzat Urte zaila izan dela ere denok dakigu, baina denek dute bere alderdi ona ere eta hau ondo aprobetxatzen badugu, urte guztiak positibotzat hartuko ditugulakoan nago.

Urte honek utzi dituen alderdi onak aipatzerakoan, lehenbizi aipatu beharrekoa kultur-etxe berriarena da eta honekin batera eraiki den elkartearena. Aizarnak behar zuen eraikuntza berri bat martxan jartzea lorpen zoragarria da herri txiki honentzako eta sendo irauteko behar zuen pauso bat dela esango nuke gainera, erabilera egokia egiten badugu behintzat.

Hondakinak birziklatzeko arloan ere berrikuntzak ikusi ditugu herrian eta leku berezi bat jarri dute hirian kudeaketa hau suspertu nahian. Esan beharra dago ontziak lehen zeuden egoeran baino egokiago daudela orain, estalpe txiki honen barruan.

Ekintza publikoen arloak aipatu ditugu orain arte, baina pribatuan ere ikusi dira aurrera pausoak eta hauetako bat arrautza ekologikoarena da. Ertxineko izenarekin arrautza ekologikoak ekoizteko eraikin bat martxan ikusiko dugu aurrerantzean Aizarnan. Ekologiko arlo honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu gizartean, kimikarik gabeko elikaduraz lortzen direlako produktu hauek. Ea etekin egoki batekin aurrera irteten duen ekintza honek.

Aizarnan eta urtean zehar izan den emankortasunean ez dut aldaketarik sumatu, landa-guneko industriak direlako gehien bat, baina inguruko herrietan badira beste industria motak ere eta hauetan lan egiten duten Aizarnarrak izango ziren gehien kaltetuak. Adibide bat emateko Arroan behean zegoen TS fundizioa ixten ikusi dugu eta ezingo dugu positibotzat hartu. Urteak utzi digun harri-losa bat bezala hartuko dugu berau.

Osinbeltzeko harrobiak ere zer esan handiak ekarri ditu herrira, hemen eraiki nahi den zabortegi geldoen kokapena dela eta. Bi alderdi nagusiek, Gipuzkoako zaborren kudeaketan bi eredu dituzte eta honen eragina da guztia. Dena den niri ez zait asko gustatzen zabortegi bat Aizarnaren atarian ikustea, nahiz eta zabor geldoarena izan.

Iritzi bat eman behar eta nik teknikoen eskutan utziko nuke gai hau, gehiegi politizatuta dagoelako batik bat, denok nahi dugu ahal den gehien birziklatzea eta teknikoak ez badira ados jartzen, herriak erabaki dezala zein eredu duen gustukoena.

Urteak utzi dizkigun onurak eta kalteak neurtzea ez da erraza, ikuspegi asko izango direlako berarengan, baina goian aipatu dudan bezala beti alderdi ona hartzea da egokiena, honek askoz gehiago laguntzen duelako aurrera joaten eta hau da egin behar duguna.

Igaro den urteari begiratu eta positiboa izan dela esango nuke, ea aurtengoa hobea izaten laguntzen duen gorantz doan egoera ekonomiko honek. Eta ez dadila Aizarnako inor honen hobekuntzarik jaso gabe gelditu, baita ere osasun faltarik ez dezala izan honekin gozatzeko.

Amaitzeko esan behar Aizarnan oso giro polita izan dela urtean zehar eta jende multzo asko ikusi dela taberna, elkarte eta jatetxeetan. Honek ere asko laguntzen du herri txiki bateko bizitzan eta alderdi honetatik begiratuta oso positiboa izan dela esan beharra dago. Beti nire ikuspegitik, jakina.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>