Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Igaro den urteari begira. ( 2013)

Abenduan ohikoa dut igaro den urteari begirada bat egin eta gertatu diren gora-beherak aipatu eta ezagutzera ematea. Ohikoa ez dena aurtengo eguraldia izan da. Udaberri euritsua eta honek eragin dituen lur jauziak bide bazterretan, udara ahula eta motza, ia konturatu ere ez gara egin berarekin, udazkenean berriz hego haizea nagusitu beharrean bisutsa nagusitu zaigu. Honen eragina nabaritu da Aizarnako baratza edo soroetan, begiratu besterik ez zegoen, ekoizpen txikia eta ahula izan dutela jabetzeko. Urte arraro xamarra benetan!

Eguraldiaren eraginak ez ditu zapuztu hala ere Aizarnan herri bezala aurrera pausoak emateko dagoen ilusio eta esperantza, eta hau da gehien balio duena. Nik hala uste dut behintzat.

Eman diren pauso batzuk azaldu dituzte lehen ere udaletxeko arduradunek. Dena den berauen aipamen bat egingo dugu urte amaierako ale honetan. Aipatzekoa da taldean konposta egiteko jarri duten aukera, lixiba tokia aldiz berriztatu eta dotorea ikusten da orain. Kaskoak dituen farola edo argitasun arloan onurak ikusi ditugu, egoera txarrean zeuden baserri bideak ere egokitu dituzte eta bertako produktuak ezagutzera emateko saiakerak ere egin dira artisau azoka berezia antolatuta.

Kultura mailan ere hainbat ekintza antolatu dira, halanola ingelesa, trikitia, edo gimnasia beste batzuen artean. Auzotarrak ez daudela eserita erakusten du honek. Azpimarratzekoa niretzako, guraso elkartearen eskutik haurrek atera duten egutegia, badirudi ikastolako haurrak ere ez daudela jolaserako bakarrik. Hala behar du gainera, mugitzen ikusten den eskola lotan ez dagoen seinale.

Kirol arloan ere badira azpimarra daitezkeen balentriak: Pazko jaien barruan marka berri bat jartzen ikusi genuen Jagoba Otaegi. Kintopeko harrijasotzaile honek 152 kiloko harriarekin lortu zuen balentria eta hor gelditzen da, ahal duenak hautsi. Balentriak aipatu eta Benantxio Iruretarenak aitortzeko, bere izaeraren gisa omenaldi xumea jaso baitzuen heriotzaren urtemugan. Horrez gain festa giroak ere ez du atzera egin, bizipoz pixka bat izateko egun politak ere ospatu ditugu tristurak uxatu eta alaitasuna nagusitzen laguntzeko.

Esaerak dion bezala "Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik" Elkarte berria eraikitzeko lanak aurten hasi dira. Lehen solairuan elkartea eta bigarrenean kulturgintzarako gelak. Leku polit eta erakargarria izango delakoan nago, ea egi bihurtzen den.

Pilotalekua, eskola berria eta orain kultur etxea. Eraikuntza honekin Aizarnak pauso berri bat emango du helburu dituen hornidurak osatzeko bidean. Horrez gain erakargarriagoa egiten lagunduko du Aizarnarren eguneroko bizitza.

Eguraldiaren arloan ez dugu urte egokia izan, krisiak ere ez zuen asko lagunduko, hala ere aurtengoa bikaina izan dela esan beharra daukagu eta datorrenean ere berdin jarraitzeko ez dezagun esperantzarik galdu.

Eguberri zoriontsuak igaro eta urte berri on.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>