Igaro den 2010. urteari begira
Urte berrian sartu bezain azkar urriak duen malda igotzea tokatzen da. Hau ondo gainditzen badugu gainontzekoak oso erraz pasatzen omen dira, hala opatzen diet behintzat irakurle guztiei. Baina igaro denak zer onura edo kalte utzi dizkigun jakiteko azterketa bat egitea ere oso egokia iruditzen zait, bestela urtea joan eta urtea etorri, bizitzak duen zentzuaz ez gara behar bezala ohartzen.
Aurtengoan ere lehenen aztertzeko alderdia osasuna izango da, hau ez badugu izan beste gehienak alferrikakoak izaten dira eta. Jarraian lanarekin izan dugun egoera, familia, lagunak, herriko giroa, gizarteak izan dituen arazoak eta abar.
Nork bere bere buruarekin lortutako emaitza adiskideei bakarrik kontatzen diogu, baina herriari, politikariei, eta gizartearen arazoei egindako hausnarketa asko eztabaidatzen da lagun artean. Hala behar du gainera, hitz egin eta hala ere askotan zaila izaten baita adostasuna lortzea. Konponbidea ikuspegi desberdinetatik ikusten dugulako izan ohi da hori horrela.
Nire buruarekin egin dudan hausnarketak ez du maila handia eman, baina gainditzeko haina bai. Lanari utzi diodan urtea izan da gainera, eta honek ere nahiko zapore gozoa utzi dit lankideek nirekin izan duten jarrera ikusi ondoren.
Aizarnan bizi izan dugunari berriz ez naiz ausartzen nota ematen, ez ohiko kurtsoa izan dugulako eta kanpotik irakasle bat ekartzen badugu horretarako, ez dut uste inork ere gaindituko genukeenik neu lehen naizela.
Urte oso bat elkarterik gabe eta konponbiderik ematen ez gara hasi oraindik. Parrokiarena den eraikuntzarekin ez dugu akordiorik lortu eta udaletxearena den hiru solairuko eraikuntza hor dago batere etekinik atera gabe. Nik behar bada garrantzi handiegia emango diot eraikuntza honi, baina Aizarnako historiaren zati handi bat gordetzen da bertan. Gure arbasoek bertan egiten zituzten udalbatzak eta bilkurak, hemen ikasi dugu Aizarnan jaio garen gehienok. Plazaren erdian kokatuta dago balkoi ederra bertara begira duela, eraikuntza hau publiko ez izateak tristura pixka bat sortzen dit niri behintzat.
Orokorrean Euskal Herriko gizarteari begiratu eta nota ematerakoan nik behintzat bikain emango nioke bakea lortzeko bidean egin diren aurrera pausoak ikusi ondoren. Pauso berdinak ematen badira, aurten bakea lortuta dagoela esango nuke. Hau dena gizarteak egin duen aurrerapenari esker. Hala bada ongi etorri egoera berriari.
Jon Egiguren