Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Ieregitarren erlojuak Aizarnan

Ieregitarrek erlojugintzan duten historia aztertzen gogor ari da Xabier Alvarez azken denboraldian, ez dut uste batere lan erraza hartu duenik, baina duen konstantzia ikusi eta helmugara egoki iritsiko delakoan nago. Bera ere Ieregitar sendikoa denez normala iruditzen zait, jatorria duen familiaren historia jaso eta erakustera eman nahi izatea.

Nik Aizarnako bi erlojuen irudi eta aztarnak jasotzerakoan ezagutu nuen gizon hau, eta ez nekien Zumaian motor dieselak egiten zituzten Ieregitarrak eta erlojuzaleak famili berakoak zirenik, Xabierrek baieztatu zidan arte.

Aizarnan baditugu bi erloju zahar, Santa Engrazi ermitakoa eta Elizako dorrean dagoena. Biek dute oraindik ezaugarri agiria eta biek erakusten dute Ieregitarrak eginak direla. . Webgune honetako artikuluen atalean bada lehen ere bi erloju hauen gain eman nituen iritziak, bertan esaten nuen erloju hauek altxor bat zirela Aizarnarako eta gorde beharrekoak zirela etorkizunerako. Orain sendotu egiten dira iritzi hauek Xabierrek azaldu eta jaso dituenak irakurri ondoren.

Berria egunkariak argitaratu berri ditu Xabierrek egin dituen lanen zati batzuk eta berak eman dituen azalpenetan ikus liteke Ieregitarrek egindako erloju dezente topatu dituela inguruko herrietan. Hauen artean Zestoakoa,Aizarnakoa eta Santa Engrazikoa daude.

Aizarnan dorrean dagoena 1883. urtekoa dugu eta Zestoakoa 1879. urtekoa, beraz, lau urteren aldea besterik ez dute biek. Zestoakoak martxan jarraitu duela orain arte esaten du eta Aizarnakoak ere ez ditu urte asko geldirik, beraz urte pila handi bat egin dituzte lanean.

Orain Aizarnakoak motor elektriko txiki batekin egiten ditu bere lanak, baina ordularia martxan dago, kanpai eta guzti, nahiz eta tresneri zaharra baztertua duen.

Ieregitarren erloju eta famili honen historia azaltzen duen idatzia irakur liteke behean eta Aizarnakoak ere hor sartzen direnez merezi du gainbegirada bat egitea.

Jon Egiguren

. .

=========================================================================

=========================================================================

. .

Berria egunkariak argitaratua---2013-04-21

Ieregi erlojuen taupadak

Erlojugile garrantzitsuen familia izan da ieregitarrena; herri askotako elizetako erlojuak egin zituzten, eta batzuek oraindik martxan jarraitzen dute. Aizarnan Santangraziko ermitako erlojua konpondu berri dute.

Ilargi Agirre Aizarna

Aizarnako Santagrazi elizako erlojua konpontzen dabiltza, tximista batek jo ondoren ordua eman ezinda geratu baitzen. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Elgoibarko Marigorta eta Gasteizko Murua

Erlojuen inguruan ikertzen pasatu ditu azkenengo hilabeteak, baina eskumuturrean ez du erlojurik. «Sakelako telefonoan begiratzen dut ordua». Xabier Alvarezen senideak erlojugileak izan dira belaunaldi askotan, eta familiako arrastoa jarraitzen hasi da orain.

Ieregitarrak XIX. mendetik elizetako erlojuak egiteagatik egin ziren ezagun. Euskal Herriko herri batzuetan funtzionatzen jarraitzen dute oraindik erloju horiek. Konpondu, eta berreskuratu egin dituzte beste zenbait. Azkena, Aizarnako Santangrazi ermitakoa (Gipuzkoa). Tximista batek jota ordurik eman ezinda geratu baitzen azaroan.

«Gisa honetako erlojuak kanpaikadak emateko pentsatuta zeuden hasieratik. Orain, orduro ematen ditu», dio Alvarezek. 1914an egindako erlojua da Santangrazikoa, eta mekanika konplexu eta zehatza dauka. «Garai batean erlojuari bi egunetik behin giltza eman behar zitzaion ordua emateko. Nire aitona igotzen zen hutsik egin gabe baserritik; izan elurra edo izan eguzkia», esan du Jose Mari Azpeitiak. Santangraziko bentan bizi da Azpeitia, eta bentatik muinoaren gainean dagoen ermitara igotzeko bidexka hark txukundu du. Gaur egun, motor elektriko batek ematen dio giltza erlojuari, eta material elektriko hori erre zuen tximistak. «Goian eta behean jarritako motor elektrikoarekin jasotzen da orain kontrapisua», esan du Alvarezek harri bat seinalatuz.

Kanpaien garrantzia izugarrizkoa zen duela mende bat. Erlojurik ez zuten herritarrek, eta elizan minutuak eta orduak adierazten zituen biribilkia ez zen urrutitik ikusten. Eliza askotan biribilkirik ere ez zegoen. Hori dela eta, kanpaien hotsek markatzen zuten denbora, eta gidatzen zuten herri baten egunerokoa. Kanpaiekin esnatzen ziren, eta lo hartzen zuten. Kanpaia geratuta denbora geratzen zen. «Ospea ematen zion herriari erlojua izateak. Gaur egungo ikuspuntutik zaila da ulertzea, agian, baina gauzarik sinpleena, hitzorduak egiteko halako ordutan geratuko gara esateko beharrezkoa zen». Alvarez istorio batekin oroitu da. Orion (Gipuzkoa) goizeko seietako kanpai hotsarekin hasten omen zen eguna; herritarrak esnatu eta ordu horretan joaten omen ziren lanera. Egun batean, apaizak nahastu eta ordubete lehenago jo zuen kanpaia, eta jende asko geltokian egon omen zen trena noiz iritsiko zain. «Azkenean trena iritsi zenean konturatu ziren kanpaikadak gaizki eman izango zirela».

«Orduak bakarrik ez, inguruko gertaera garrantzitsuak ere kanpai bidez komunikatzen ziren. Hil kanpaiak ere jotzen ziren, eta suteren bat piztu bazen ere etortzen zen aitona abisua pasatzera», adierazi du Azpeitiak. Mendiaren goialdean, leku egokian kokatuta dago Santangraziko ermita. Beheko muino osora zabaltzen dira kanpai hotsak, eta handia da oso kanpaia ermitaren tamainarekin konparatuta. «Esaten da ahari batek igo zuela kanpaia goraino. Aharia utzi zuten etxekoek ezin zuten ikusi, zelatatzen ibiliz gero hiru belaunaldi itsututa hilko baitziren», kontatu du Azpeitiak. Ermitaren barrualdean erlojua babesten duen egurrezko etxola bat dago. Gustura dabiltza gora eta behera Alvarez eta Azpeitia. Ingeniarien gisara ematen dituzte erlojuaren funtzionamenduaren inguruko azalpenak. Pasioa nabari zaie. «Erlojua erregulatzeko sistema bat dauka. Penduluak zenbat eta ibilbide txikiagoa izan, azkarrago ibiltzen da erlojua, eta alderantziz».

Tximistarekin izan dituzte orain arte arazoak. Tximistorratza jarri zuten duela urte batzuk, baina inoiz baino tximista gehiagok jotzen zuten ermitan. Tximistorratza kendua dute orain. «Tximistaren indarra erabiltzen ikasiko bagenu, nuklear guztiak soberan leudeke», dio Azpeitiak.

Garai batean auzokoen bilgune izan zen Santangrazi. Erromeria egiten zen igandero behean dagoen ostatuan. Bentako etxeko andreak ezagutu zituen urrezko garai haiek. «Nik hemen jarraituko dut bizitzen hasta la muerte», dio Benita Rementeriak bisitariei ongietorri alaia eginez. 80 urte ditu, baina erlojuaren orratzek ez diotela eragin ematen du. Oroimen izugarri ona du. Alvarezen senideen berri ederki asko du. «Gaztea nintzenean dena zen bekatua, eta orain zahartu naizenean guztia da libre. Lapurra izatea ere bai». Memoria zein ongi mantentzen duen ikaragarria dela esan dio Alvarezek, eta bitxikeria bat kontatu du: «Nire 93 urteko izebari Santangraziko kanpaien grabazioa jarri nion, eta nongoak ziren asmatu zuen».

Iruńean,Zestoan,Aranon...

Santangrazikoaz gain, beste hainbat herritako elizetan ere ieregitarren erlojuak daude. Herriz herri irteerak eginez ari da ikertzen Alvarez, Begońa Arruti emaztearen laguntzarekin; artxiboetan arakatu, eta lekuz leku testigantzak jasotzen. Erlojuaren historia ikertzearekin batera familiaren historian sartu da Alvarez. Ordenagailuan duen zuhaitz genealogikoa amaiezina da. Jose Francisco Ieregi da familiako lehendabiziko erlojugilea. Leitzan jaio zen, 1760an, eta arotza zen hasiera batean. Egurrezko erloju bat egin zuen, eta azoka batean burdinarekin lanean hasteko gomendatu zioten erraztasuna zuela ikusita. «Beteluko elizarako erlojua izan zen jaso zuen lehenengo eskaera». Bazuen berezitasun bat erloju hark. Arratsaldeko hiruretan 33 kanpai jotzen zituen egunero, Jesusen heriotza gogora ekarriz.

Oso pieza preziatuak ziren erlojuak, denbora asko eta eskulangileen lana eskatzen zutenak. Ieregitarren erloju guztietan zenbaki bat ageri da; egindako zenbatgarrena den adierazten duena. Alvarezen ikerketen arabera, gaur egun mantentzen den Ieregi erlojurik zaharrena 1827koa da. 1849an Iruńeko udaletxean jarri zuten. «Ez dakigu zergatik pasatu zen hainbeste denbora. Susmoa daukat aurretik San Lorentzo elizan egon ote zen», dio Alvarezek. Zestoako elizakoak ere baditu urteak. «1879koa da, eta ez da geratu geroztik. Konponketaren bat eginda dago, baina martxan jarraitzen du».

Ońatiko Urrexolakoa eta Orion eraikitakoa ere aurkitu ditu Alvarezek, 1884koak biak. Eta Urrestillakoa. «Normalean orduak eta erdiak adierazten zituzten kanpaiekin, baina Urrestillakoak, lau eta erdietan, adibidez, erdiak jotzen ditu lehendabizi, eta lau kanpaikada gero, ordua zein den gogorarazteko». Ońatiko San Miguel elizakoa iruditzen zaio ederrena, nolanahi ere. Makineria handia eta mekanika konplexua duelako. Erloju gehienak udaletxeak erosten zituen arren, Ońatiko hori indiano batek erosi zuen. «4.850 pezeta ordaindu zituen. Siemprecapas ezizenez deitzen zioten».

Zuhaitz genealogikoan behera eginez, iritsi da birraitonarengana Alvarez: Benito Ieregirengana. Betelutik Aginara joan zen, eta handik Zumaiara. Hamahiru seme-alaba izan zituen. «Zaldi azkarra izan beharko zuen. Harrigarria baita leku batetik bestera nola mugitu zen, garai hartako komunikazioak eskasak izango zirela jakinda». Benito Ieregiren anaiak Aranon dauka erlojua egina.

Benito Ieregik bere seme Caristo Ieregirekin batera sortu zuen Yeregi y Compańia enpresa Zumaian, 1907 inguruan, eta ekoizpena dibertsifikatu zuten. Erlojuak ez ezik, lanabesak eta motorrak ere hasi ziren ekoizten pixkanaka. «Zehaztasuneko mekanika erlojugileek kontrolatzen zuten garai hartan. Espainian egin zen lehendabiziko eztanda motorra Yeregi y Compańiak egin zuen». Eztanda motor horiek itsasontzietarako erabiltzen ziren.

Gaur egun, Zumaiako senide batzuen etxe atarian erloju zahar bat dute jarria. «Ez dabil martxan. Kontua da osabak sukaldeko erloju bat hartu zuela, pilekin erabiltzen den horietako bat, eta erloju zaharraren gainean jarri ziola. Jendea begira geratzen da harrituta, eta oso ondo dabilela esaten dizu», dio irribarrez Alvarezek.

Elgoibarko Marigorta eta Gasteizko Murua Erlojugileen tradizio handia egon da Euskal Herrian. Elgoibarko marigortatarrak eta Gasteizko Murua familia izan dira ospe gehien lortu dutenak.

I. Agirre

Eguzkiak eta hondarrak adierazten zuten ordua mekanika agertu aurretik. Gurpilekin egindako erlojuak agertu ziren denborak aurrera egin ahala, eta dorreetan jarritako erloju publikoak zabaldu ziren Europa osoan XIV eta XV. mendeetan. Burdinez ekoitzita zeuden, baina ez ziren batere fidagarriak. 1581ean Galileok penduluaren mugimendu erregularraren eta aldizkakoaren oinarria asmatu zuenean bihurtu ziren erlojuak zehatzak. Eta, pixkanaka, erlojugileen lanbidea sona hartzen hasi zen. Baita Euskal Herrian bertan ere. Ieregi ez zen izan sektoreko enpresa bakarra. Elgoibarko (Gipuzkoa) Marigorta eta Gasteizko Murua familiak izan dira erlojugile entzutetsuenetako batzuk.

Elgoibarko marigortatarren kasuan, familiako sei belaunaldi izan ziren erlojugile 1520tik 1650era bitartean. Ez ziren erlojuak egitearekin bakarrik konformatu, eta elizetarako eta katedraletarako burdin sareak ere eraiki zituzten. Urretxu, Lekeitio eta Eltziegoko elizetan utzi zuten euren arrastoa.

Gasteizko ia erlojurik gehienak Murua enpresarenak dira. Izen ugari izan dituzte: Lecea y Murua, Hijos de Murua eta Viuda de Murua. 1860tik 1973ra Gasteizko Bilbo plazan izan zuten egoitza, eta kanpaien plaza gisa ezagutzen zuten gasteiztarrek. Hiritik kanpora ere atera ziren. Zarauzko dorreko erlojua eta Tuterako katedralekoa, adibidez, haiek egindakoak dira. Ozeanoak ere zeharkatu zituzten, eta Hego Ameriketaraino iritsi ziren: Ekuadorrera, Kolonbiara eta Paraguaira.

Joan artikuluen zerrenda osora>