Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Iazko urteari begirada bat Aizarnatik

Urte berrian sartu garenez, igaro dugun honi azterketa txiki bat egingo diogu, utzi dituen emaitzak nolako hobekuntza ekarri digun herrira ikusi ahal izateko.

Egon diren ekintzei begiratu aurretik, urtean zehar egin duen eguraldiari begirada bat egingo diogu. Adituek ezohizkoa izan dela esan dute,negurik ia ez dugu sumatu, udaberria nahiko tristea igaro dugu, udan berorik ez dugu sentitu eta udazkenean eguna joan eta eguna etorri euria izan dugu nagusi.

Baina urteari beste alderdi batetik begiratzen badiogu, ikusiko dugu aipatzea merezi duten ekintzak ere baditugula, biztanle kopuru txikia izan arren, mugitzen ari den herria delako Aizarna.

Lehen aipatzekoa eskola berriaren inaugurazioa dugu. Guraso elkarteak antolatutako egun honetara jende ugari hurbildu zen eraikuntza polit hau ikustera, Aizarnako argazki zaharren bilduma egoki bat ere ikusteko aukerarekin. Ekintza hau guraso elkarteak antolatu zuen, eta ez da bakarra, urtean zehar gehiago ere baditu antolatuak herriaren onerako. Eskerrak eman behar herritar guztiok egin eta egiten ari diren lanagatik.

Eskola berria eraiki eta zaharra hustu denean,elizako batzordeak proposamen berri bat ezagutarazi digu elkartearen batzarrean: gaur egun erabiltzen dugun solairua elizaren beharretarako behar dutela eta elkartea beheko solairuan edo eskola zaharrean eraiki beharko genuela jakinarazi digute. Eztabaida ugari eta ekintza ugari egin ondoren, orain arte bezala erabiltzen jarraitzen dugu solairu hau, beste aukera hoberik bideratzen ez den artean.

Etxebizitza berriak ere aurten amaitu dira, eta dagoeneko badira bikote berriak bertan bizitzen. Hauek eta beren haurrak, herrian beste giro bat sortuko dutelakoan nago, biztanleria zerbait gehitzeak ere onura ekarriko dio herrixka honi.

Errepideaz gain, komunikazio aldetik begiratuta, onura asko iritsi dira Aizarnara. Baina hala ere, antena mugikorren arazoak direla eta herri osoa telebistarik gabe eta inkomunikatuta ikusi dugu, biztanleak errudunak balira bezala.

Matxura edo ekintza bat? ondorioa antenak zerbitzutik kanpora, eta konpontzerako orduan arazoak lur jabearekin. Jarraian kaleak margotuta ikusi ditugu ekintza hau bideratu zutenen aurka. Auziei konponbidea aurkitzeko auzitegiak dauzkagu, baina bakoitzak bere aldetik justizia ezartzen hasten bagara, arrazoia ez da nagusitzen, indarra baizik.

Elizako erretaularen zaharberritzea ere aurten amaitu dute, pipiak jota zegoen egur zaharra dena saneatu eta kolore distiratsuekin margotzean berria dela ematen du. Beste gizaldi batean ez du zer eginik pipiak gure eliza zaharreko erretaula honetan.

Eguneroko bizitzak eman duenetik aparte, ekintza edo gertaera hauek izan dira igaro den urtean bereiztu direnak. Urriak behar bada, baina gora doan herria izanik, utzi ditzagun txarrak alde batera, eta hartu alderdi onak eskarmentu bezala etorkizunerako.

Urte berri on bat igaro

Jon Egiguren

Danbolin aldizkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>