Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Amabirjin jaiak, 2002

AIZARNAKO AMA BIRJINAK

Urtero bezala, ospatu ditugu Ama Birginak Aizarnan, eta esan beharra dago bezperako afaritik hasi eta bi egunetan zehar ez dela alaitasunik falta izan herrian.

Bezperako herri afarira, jende ugari hurbildu zen, gero eta estimazio handiagoa lortzen ari baita ohizko afaria, nahiz eta menuan astoa ez sartu (garai batean ohi zen bezala). Sarrerak lortzeak ere, gero eta zailtasun handiagoak ditu herriko jendearentzat. Gaur dugun sarrera kopurua gehitzea egokia izan liteke behar bada. Afari ondorena berriz, Gelatxok oso ondo alaitu zuen.

Egunean ez genuen ikuskizun faltarik izan: eguerdian pilotariak, arratsaldean herri kirolak eta Errota, Karter, eta Martittak, oso egoki alaitu zuten arratsaldea. Bertsolariak entzuteko aukera ere ez da falta izan.

Bigarren egunean oilasko biltzea. Dantza honen jatorria, oilaskoak eta ardoa biltzen aritzea izan da, kantak dioen bezala, herrira hurbildutako gazteak jaietan jarraitu ahal izateko. Nahiz eta gaur egun, ardo eta janaririk ez falta izan jaietan, ohitura honek jarraitu egiten du.

Krisi aldiak ere izan ditu ekintza honek urte batzuetan, gazte falta handia dagoelako herrian. Baina gaur egun errotuta dagoela esan dezakegu. Eta honen jarraian, erromeria izan genuen goiz aldera arte.

Jubilatuak ere hamaiketakoa eginez elkartu ziren, urtean zehar izandako gora-beherak elkarri kontatuaz. Jose A. Letamendia, Venezuelan 50 urtez Kristautasuna zabaltzen ari den jesuita ere ikusteko aukera izan dugu beraien artean. Herri zahar hau ez dauka ahaztuta oraindik.

Jaietan zehar argazki erakusketa bat ere izan dugu ikusgai, Begoña Bergarak azaldu diguna hain zuzen ere. Aizarnako baserrien argazkiak zeuden erakusgai, “100 urtetik honuntza herriarekin lotura izan dutenak”. Oso bilduma polita, herriak dituen baserriak ezagutu ahal izateko.

Esan genezake 2002garren urteko jaiak, alaiak eta politak izan direla, behar haina arrakasta ere izan dutela, nahiz eta Aizarnak, jaiak ospatzeko dituen egunak ez egokiak izan jendea hurbiltzeko.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>