Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

HERRIKO ELKARTEAZ...2

Aitzbarna elkarteak bere proposamena etxez-etxe zabaldu berria du eta bere proposamena babestu nahi duten guztiek sinatzeko aukera dute.

Ekintza honekin elkarteak duen egitasmoaz, herritarrak zer pentsatzen duten jakitzea da bere helburua.

Irakurri eta Aizarnar guztiak saiatu gaitezen arazo hau ahal degun egokien bideratzen.

Jon Egiguren

--------------------------------------------------------------------------------------

AITZBARNA KULTUR ELKARTEAREN IRITZIA ERRETORE ETXEAREN INGURUAN

2007ko irailaren 8an eguerdiko 12etan Aitzbarna elkartean egindako bileran Prontxiok Erretore etxeko obren proiektuaren berri ematen du.

Proiektua honela izango dela dio:

Erretore etxea goitik behera hustuko da barrutik. Beheko solairuan apaiz etxea eta Parrokiako beharretarako hainbat gela egingo dira. Lehenengo solairuan bi etxe bizitza, bat handia eta bestea apartamentu bat.

Goiko solairuan, aurrekoaren berdina, baina altuera gehiago emango zaio etxeari. Elkarteari sotoa eskaintzen dio, dohainik, eta kanpo aldera terraza bat jartzeko aukerarekin, nahiz eta zehaztu gabe egon terraza hori estalia izango den hala ez. Jendearen galderei erantzunaz gaineratzen du:

Parrokiako juntak hartutako erabaki bat da Gotzaitegiaren oniritziarekin.

Aizarnan etxe falta ikusten delako egin da planteamendu hau. Elkarteak bere eskriturak izatea ere posible litzateke.

Gaiaren inguruan eztabaidatu ondoren Prontxiok egindako planteamendua aho batez baztertzen da. Elkartearen kokapen berria ez da onartzen eta horrez gain eraikin osoari eman nahi zaion erabilerarekin jendea ez dago ados. Erretore etxeak herriarentzat herriko ondare beharko lukeela da guztion iritzia.

"Erretore etxea” herriko “kultur etxe” bihurtzea litzateke gure ustez irtenbiderik egokiena, horretarako ondorengo argudioetan oinarritzen gara:

Etxe bizitzen beharra beste modu batzuetara konpon daitekeela uste dugu. Erretore etxea Parrokiarena da. Gu ez gara inor, gaur egun parrokiaren partaide nor den eta nor ez den esaten hasteko, baina garbi dugu garai batean Aizarnar guztiak zirela partaideak eta”Parrokiarena” dela esateak “herriarena” dela esatera garamatza zentzu horretan. Beraz uste dugu “herriak” baduela zer esanik erabaki honetan.

Herriko ondare arkitektoniko garrantzitsuenetakoa da eta pena litzateke bere zatirik handiena esku pribatuetan uztea.

Aizarnak edozein herriren antzera “kultur etxe” baten beharra du, haur, gazte, heldu, jubilatu eta erakunde ezberdinen beharrei erantzun ahal izateko . Hainbat herritan guk esaten dugunaren antzeko irtenbideak eman zaizkie elizak zituen eraikinei. Aizarnan ere horrelako irtenbide bat eman ahal izatea litzateke gure ustez egokiena eta pentsatzen dugu apaizaren eta Eliz Barrutiko juntaren iritziak garrantzi handia duela horrelako helburu bat lortzeko garaian.

Gure ustez, Udalak ere badu zer esanik guzti honetan, “Kultur etxearen” planteamendua bere gain hartu beharko bailuke.

Gaiaren garrantzia ikusirik batzorde bat sortu zen eta zenbait pauso eman dira, hala nola: Parrokiko juntarekin bilera bat egin da gure iritzia jakinaraziz eta beraien planteamendua berraztertu dezatela eskatuz.

Udalari idatzi bat zuzendu diogu. Alkate eta zinegotzi batekin bildu gara informazioa emanaz eta beraien inplikazioa eskatuz.

Hauen iritziz oso zaila litzateke Aizarnan Udalak bi etxeren mantenua bere gain hartzea “eskola etxea” eta “Erretore Etxea”), beraz baten alde apustu egin beharko genukeela diote. Begi onez ikusten dute, herriak horrela nahiko balu, Erretore Etxea “Kultur Etxe” bihurtzea eta prest agertu dira harremanetarako.

Eskolako Guraso Elkarteari gure iritziaren berri eman diogu.

Orain Aizarnar guztion iritzia jakin nahi dugu, etorkizunean hain garrantzitsua izan daitekeen erabaki bat defendatzerakoan. Prest gaude ikuspegi ezberdinak entzuteko eta aztertzeko eta elkarrizketaren bidez herriarentzat egokiena litzatekeen irtenbidea lortu asmoz lan egiteko.

Aizarna, 2007ko urria.

Joan artikuluen zerrenda osora>