Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Guda garaiko pasadizoa Aizarnan

Aizarnan gertatu zen pasadizo bat kontatzen du Fernando Arzallusek, Danbolin aldizkariko 150garren alean. Esan behar nik beti gustura irakurtzen ditudala honelako pasadizoak eta Aizarnan gertatuak badira gehiago oraindik. Irakurri bakarrik ez, gero iritzi edo azterketa txiki bat egin ondoren, artikuluen zerrendan jasotzen ditut, auzoaren historia osatzen laguntzen dutelako.

Franko eta bere jarraitzaileak Errepublikaren aurka altxa eta berehala gertatu zen pasadizo hau, bi hilabete besterik ez dira ikusten honek ematen dituen datan arabera.

Lotsagabe xamarra izango zela iruditzen zait Barandailla karlista hau, errepublika sisteman arautzen zen herri txiki honetara etorri eta egin zuena egiteko.

Guda garai zen, baina artean seguru ez zegoela liskarren usainik ere Aizarnan, edo bestela armatuta ibiliko zen karlista hau, nahi zituenak egiten.

Barkamena ere eskatzen du erakusten duen argazkia ez duelako egokia ikusten, baina itxura hau askotan ikusi diogu Aizarnako kontzejuari eta ohituta gaude adin pixka bat dugunak behintzat.

Kontzejuko itxurari begiratzen hasi eta nik argazkian ikusten dena ezagutu dut gehien bat eta azken urteetan ikurriña. Seguru nago balkoi horrek beste ikur gehiago ere ikusi dituela zintzilik. Karlistena ere seguru ikusi duela, errepublikanoa zer esanik ez, denok ezagutu dugun frankorena urte pila batean eta orain ikurriña. Aurrera begira batek daki zer ikusteko dagoen.

Gertakizun hau ez da ikaragarria guda baterako, telebistan irudi beldurgarriagoak ikusi ditugu eta oraindik ez da errudunik ikusten. Guda honetan alde batekoak bakarrik jaso dute errekonozimendua eta errepublikaren alde hil zirenak ez dira oroimen historikoan ere jaso.

Dena den, guda batek gizartea suntsitu besterik ez du egiten eta indarra nagusitzen da arrazoia alde batera utzita. Urrutian ere ez dut ikusi nahi, baina zoritxarrez gehiegi ikusten dut oraindik..

Irakurri behean, Aizarnako historia ezagutzen laguntzen duen gertakizuna.

Jon Egiguren

======================================================================== ========================================================================

Danbolin aldizkaian argitaratua

OILOEN MODUAN AZTARKA.

Ezer baino lehen, barka diezaidatela aizarnarrek baino ez dut aurkitu irudi aproposagorik hemen idaztera noana ilustratzeko. 1936ko Irailean 21etik aurrera, Fraco "xaharra" hil zen arte, horixe zen inposatutako estetika: gorria eta horia, eta "avechuchoa"

Irailaren 21ean, ordea, artean Errepublikaren koloreak zeuzkan artean Aizarnako estankoko kartelak. Dionisio Azkue margolariak kontatu omen zion erreketeen etorrera Jose Artetxe azpeitiarrari. Benedikto Barandalla karlista ezaguna omen zuten buru" Egin zuen lehendabiziko gauza izan zen estankoko kartela kenduaraztea, kolore errepublikanoak zeuzkalako ; gero, plaza zeharkatu zuen neska bati, manga motzetan zioalako, tapatzeko agindu zion eta, berehala, foruen aldeko diskurtso bat egin zuen, eta euskeraz bibaka aritu zen Jainkoa, Foruak, Gipuzkoa Espainia eta Alfonso Karlos erregearen alde.

Handik aurrerako giroa jakinekoa da: garaiko egunkari batek dioen bezala " izun eta multak ugari. Nekazariari ezarri dizkiete geienbat, Euzko-Nekazaritzako bazkide diralako bakar-bakarrik. Ezker kutsuko ta abertzaleai ere ederrik ezarri diote". Eta aurrerago dio: Atxilotu ta izuna ezarri ondoren, Castila·ra bialdu zituzten. Aizarnakoa eta Arrona·txaunburua ta Zestoa·ko beste abade bat.

Giro horren adierazle da argazkian gure kontzeju-etxean duen itxura desatsegina.

Orain, ia larogei urtepasa ondoren, Barandillaren harrokeriak hausi nahian edo, gorria eta horia inposatu nahi dizkigute berriro. Avechuchoa ere bai?, agian. Gero "demokrazia" hitza darabilte ahoan kabitu ezinik".

Fernando Arzallus

Joan artikuluen zerrenda osora>