Gaurko bizikletek dituzten abantailak
Ni beti izan naiz teknologia berrien zalea eta azken urteetan bizikletak izan duen aurrerakuntza teknologikoa handia izan dela esan beharra daukat. Aurrerakuntza hauek ikusi eta berauek aipatzea dut helburu ondorengo lerro hauetan.
Bizikletan zerbait ibilitakoa naiz eta badakit errepidean eta mendian ibiltzeak zer zailtasun dituen; batik bat gailurrak lortu nahi dituzunean. Gailurra bistan eta hankak “flakiyak” jota ( “pajara” deitzen diote gaur egun), lotsagarria izaten da lagunak utzi eta behera jaitsi beharra.
Une hauetan, dituzun guztiak uzten dituzu bizikleta gainean, eta gorputzak ezinbestekoak dituen osagarriak murriztu egiten dira. Honek ez dio batere laguntzen osasunari.
Badira urte batzuk, bizikleta utzi nuela, adinak murriztu egiten baitu kirolerako gaitasuna, eta abilezia zer esanik ez. Nik bizikleta garajean zintzilikatu nuen eta oinez ibiltzen hasi nintzen, garai hartan ez baitzegoen egun dagoen abantaila hau. Urte batzuk igaro ondoren, nire adineko jendea “ txistu bizian” Aizarna zeharkatzen ikusten nuen eta esan beharra daukat inbidiak jaten ninduela hauek ikustean.
Harridura sortzen zitzaidan Santa Engrazia ermitara bizikleta gainean nola igotzen ziren ikustean ere, eta denak ez lirainak gainera. Hauek ez dute ni bezala bizikleta zintzilikatu. Nik ondo prestatutako jendea izango dek nonbait, pentsatzen nuen.
Laster konturatu nintzen bizikleta hauek bazutela zerbait berezia eta hara nola jakin nuen motor txiki bat zutela ezkutuan. Bateria bat ere bai berau energiaz hornitzeko.
Ezin ukatu teknologiak asko arindu digula eguneroko bizitza, nik hala esango nuke behintzat, eta kirolean ere zer esanik ez. Bizikletarekin mendi gailurretara edonor igo ahal izateak egiaztatzen du berau.
Lehen oinez bakarrik igotzen ziren mendi gailurrak. Gaur bizikleta hauekin lasai igotzen dituzte, eta kirola eginaz inguruetako paisaiekin gozatzea ere abantaila handia dela ezin ukatu.
Mendi gailurrak aipatu ditut, baina errepidean ere ibilaldi luzeagoak egiteko aukera ematen digute, gorputzak dituen indarrak neurtzeko aukerarekin. Kirola eginaz errepidean gozatu, eta etxera lasaiago iristeko aukera ematen digute berauek.
Mendiak zeharkatzeko, errepidean gozatzeko eta aipatu gabe ezin utzi hirirako dituzten abantailak. Gero eta bisitari gehiago ikusten dira bizikleta mota hauekin hiriak ezagutzen eta eguneroko mugikortasunean ere lagungarri bihurtu dira tresna hauek. Tresna hauek ez dute kutxatzen, beraz hirian gero eta gehiago ikusiko ditugu seguruenik. Nire iritziz bizitza luzea izango dute gure artean.
Egun herri sedentario batean bizi gara eta kirola egitea ezinbestekoa bihurtu zaigu, bestela gorputza herdoildu egiten baita burdina bezala. Goian aipatu bezala ikaragarri gustatzen zaizkit kirola egiteko garaian bizikleta hauek. Dena dela orain oinez ibiltzeko ohitura hartuta dudanez, hala jarraituko dut aurrerantz ere, kirola egiteak bizitza osasungarria lortzen laguntzen baitu.
Jon Egiguren