Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

GLORIA AGIRRERI ELKARRIZKETA

Gloria Agirre Egiguren Aizarnako Puertekoan jaio zen 1945ean. Lehen ikasketak auzoko eskolan egin zituen eta bertan bizi izan zen, pelotari gisa Madrilera joan zen arte.

Guka telebistak, Dabilen Harriari eskaintzen dioen atalean egin dion elkarrizketa hartu dut oinarri lerro hauek idazteko. Aizarnakoa izanik eta pilotaren munduan oso ezaguna denez, aitortza hau guztiz merezia duela esango nuke.

Lehen ere baditut orri honetan berari egindako elkarrizketa batzuk jasota, eta oraingoa beste bat gehiago izango da, bere pelotari bizitzako pasarteak kontatuz. Pelotari gisa bizi izandakoak gogora ekartzen ditu, eta, egun, Zestoako erresidentzian bizi denez, bertako egoiliarrek jasotzen duten arreta egokia ere goraipatzen du.

Berak dio pilotarako geneak jaiotzetik dituela, pelotari familia batean jaio zelako. Nik, ordea, esango nuke familian bizitakoak, inguruneak eta zaletasunak batera osatzen dutela pilotaria. Txikitatik izan zuen pilotarako zaletasuna. Garai haietan, herri txikietan emakumeak oso gutxitan ikusten ziren pilotan jokatzen; hala ere, Gloria haurra zela Aizarnan eta Zestoan aritzen zen pilotan. Gaur egun hori ez da batere arraroa, baina garai hartan salbuespena zela esan daiteke.

Txikitan Aizarnan ezagutu nuen, neska gaztea zela Madrilera joan zen arte. Urte asko eman zituen han, eta berak bizi izan zuen pilota mundua amaitu zenean, bere sortetxera itzuli zen. Hemen tertulia asko egin ditut berarekin, eta sortetxea sute batek kiskali ondoren jaitsi zen Zestoako erresidentziara. Oraindik ere, noizean behin, solasaldiak egiten ditut berarekin, eta ez nuke nahi bizi naizen bitartean bere adiskidetasunari uko egin beharrik izatea.

Nire lerro hauek ez dute bere bizitza osoa irudikatzen, baina, behean argitaratzen dudan Gukaren elkarrizketa ikustea gomendatuko nuke, haren bizitzako gora-beherak eta bizipenak hobeto ezagutzeko.

Hemen ikusi dezakezu elkarrizketa osorik

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>