GABONAK ETA AIZARNA
Abenduan sartu eta berehala datozkigu Eguberriak, ilusioz eta pozez beteta ospatzen ditugun egunak.
Aizarnako plaza erabiltzen duten haurrei begirada bat bota besterik ez dago hau egiaztatzeko, urtean zehar erabilitako jostailuak alde batera utzi eta berriak erabiltzeko urte garaia da beraientzat.
Haurrei aurpegian antzematen zaie, gabon jaiak ari direla ospatzen, eta helduak ere agerian dugu egun hauek duten berezitasuna: famili giroa, janari eta edari bereziak dastatzeko egunak eta oporrak ere badute alaitasun honekin zerikusia.
Etxeak,tabernak, janari dendak eta elizak bereziki hornitzen ditugu egun hauen inguruan, zuhaitz argidunak edo jaiotzak jarriz. Udaletxeak ere zerbait hornitzen baditu herriko kaleak, nabariago litzateke egun hauek Aizarnan duten xarma. Nik dakidala behintzat, orain artean ez baita kalerik inoiz hornitu Aizarnan.
Egun hauen jatorria Erromatarren garaitik datorkigu,”Adviento”edo guk Abendua deitzen diogun hil honetan jai bereziak ospatzen baizituzten neguak duen solstizio honen inguruan. Eguzki berri edo Egun berriak dira guretzako, antzinakoek urte berri baten hasiera ospatzen zuten, eta ondoren erlijio katolikoak ere urte garai hau hartu zuen Jesusen jaiotza ospatzeko.
Gizarteak era batera edo bestera antzinatik ospatzen du urte garai hau, eta gero ere hala jarraituko dugulakoan nago. Amaitzeko, aldizkari honen bitartez Aizarnako guztiei jai zoriontsuak opa dizkizuet, eta bide batez hastera doan urte berri honek lagun diezagula Aizarna eta Aizarnarrak ditugun helburuak lortzen.
Jon Egiguren