Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Europako Legebiltzarra osatzeko bozketa

Euskal Legebiltzarrerako hauteskundeak egin berriak ditugu eta hauek utzi dizkiguten zeresanak isiltzerako Europako bozkak iritsi zaizkigu. Bozkatzea herritar bakoitzak duen betebeharra dela esango nuke, naiz eta azken aldian politikoen arteko liskarrek ez duten asko laguntzen horretan. Dena den, demokraziak duen oinarria izanik, kexatzeko arrazoirik ez daukagu inolaz ere.

Ekainaren 9an Europako legebiltzarra osatzeko bozketak egin ditugu Euskal Herrian, eta Espainian ere egun berean egiten dira hauek. Estatuen ordezkaritzat bezala onartzen dira Eurodiputatu hauek eta bost urteko legealdia du legebiltzarrak, 751 Eurodiputatu eta hauetatik 61 Espainiak aukeratuak.

Europar Batasunean sartzeko atxikimendua 1985. urtean sinatu zuen Espainiak, bitartean urrun sentitzen ginen elkarte honetatik. Sinatu aurretik bide luze bat ere zeharkatu behar izan genuen, diktadura garaiko legedia aldatzea exijitzen baitzuen.

Egun, ekonomiari eta askatasunari buruzko lege asko Europako legebiltzarrak onartzen dizkigu. Ez du denen gustura egingo, baina Europan egon nahi badugu onetsi beharra daukagu.

Frankismo garaia ezagutu dugunok, badakigu Europako legedia etsaitzat hartzen zuela erregimen honek; alderdi guztiak legez kanpokoak ziren, berak osatutako mugimendua izan ezik. Aldaketa hauek ezagutu ditugunok badakigu askatasunean asko irabazi dugula, ekonomiari emandako bultzada ezin ukatu bestalde.

Europako Elkartea osatu zenetik urte asko pasa dira, txiki bat izatetik egun 27 estatuk osatzen dute berau. Erakunde honetako estatu guztien ahaleginak egun daukagun demokrazia eta elkarbizitza bermatzea izan behar du helburu.

Gaur egun Europak gure egunerokotasunean duen eragina ezin ukatu, berak ezartzen dizkigu elikadura gehi arrantza kuotak esaterako. Beraz egunerokoan badu nolabaiteko eragina, batik-bat erosketak egiterakoan.

Nahiz eta eragin hau hor egon, hauteskunde hauei zeharka begiratzen diogula onartu behar dugu. Baina garrantzia badutela esango nuke, aurrera begira Europak hartuko duen bidea legebiltzar honek asko baldintzatuko baitu.

Beraz babestu ditzagun Europako Erakunde hauek, azken aldi honetan deuseztatzeko ahaleginetan dabiltzan ultra eskuindar hauek baztertuaz.

Ohiturari jarraituz behean argitaratzen ditut Aizarnako mahaian jaso diren bozkak, Zestoa osoan jaso direnekin batera.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>