Eskola txikien jaia Aizarnan.
Eskola txikiak aldarrikatzeko urtero egiten den jaia gero eta hurbilago dugu eta aipamen txiki bat egingo diogu berari lerro hauetan. Aurten Aizarnak antolatzen duenez jaia, egun honen harira logoa ere aurkeztu berria duelako.
Aitortu beharra dago Aizarnak oinarri handi bat duela eskola txiki honekin, eskolarik ez duten auzo edo herri txikiek, zailtasun handiagoak dituzte haurrak hezitzeko garaian, mugikortasun egoki bat izan ezean behintzat.
Nire heziketa garaian biztanle multzo handiagoa zuen Aizarnak, gelan egurrarekin berotzen zuen estufa txiki bat zen erdian kea dariola, eskerrak alkandora zuriak ez genituen janzten, bestela gazta kolorea berehala hartuko zuten!
Gaur egungo eskolak haur kopuru txikiagoa du eta berogailu egokia gelan, baina hezitzeko kopuru txikia izan arren, XXI. gizaldian, ez ditugu utziko gure haurrak heziketa egoki bat jasotzeko aukerarik gabe.
Egun Aizarnan ez dugu arazorik horretan, eskola dotore bat daukalako, maila egokia duten irakasle talde batekin. Beraz arlo honetan lehen aipatu bezala oinarri handi bat daukagula ez dugu ahaztu behar.
Baita ere kontuan hartu beharrekoa, herri txiki hauetako eskolak kostu handiak dituztela, hirikoekin konparatuta. Baliabide hauei eusteko gai bagara urteetan zehar, ”txapela kentzekoa ” izango da.
Garaian garaikoak aipatu behar eta egun heziketa maila egokia daukagula agerian dago, baina iraganeko belaunaldiei begiratzen badiegu ere heziketa maila egokia jaso zutela nabaritzen dut. Alfabetatu gabeko biztanlerik ez baitut ezagutu herri honetan eta historiari pixka bat begiratzen badiogu kulturadun jende ugari atera baita Aizarnatik. Askoren ahotan entzun izan dut Aizarnako jendea diplomatikoa dela, eta esaera zahar hauek egiaren zati bat ere beti dute berekin; ez dut uste dena txantxa izango denik.
Herri zabala eta baserriak sakabanatuta izateak ez zuen erraztuko heziketa egoki bat lortzea herrian, haurren laguntza ere oso lagungarria izaten baizen baserrian. Iritzi bat ematera ausartu eta esango nuke iraganean Aizarnako gurasoek, haurren heziketa lehenetsi zutela eta lana bigarren mailan kokatu. Baliteke bide hau hartu izanak laguntzea, Aizarnan izan den alfabetatze maila lortzeko.
Amaitzeko esan behar, aurkeztu berria den logoa jasotzea nuela helburu idatzi honekin eta Aizarnako heziketari buruzko bitxikeria batzuk aipatu irakurlea entretenitu nahian. Ea lortzen dudan. Klikatu helbidean logoa ikusteko, egun berezi hau etorkizunean gogoratzeko ere baliagarri izango da eta.
Jon Egiguren