Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Eskertza Inaki Azkuneri

Iñaki Azkunek Zestoako  hiriaren alde egin duen lanengatik, eskertza egin diote Udaletxeko Areto Nagusian. Aitortza honetara berak ez zuen etortzerik izan osasun arazoengatik, eta bere familikoak jaso zituzten aitortza honen oroigarriak txalo artean.

Neuk ere aitortza honetara ez nuen joaterik izan familiako zereginak medio. Bestelakoan gustura hurbilduko nintzen bertara, berak egindako fabore txiki bat  eskertzeko baineukan. Dena den,  orain lerro hauetan bidaliko dizkiot  nire eskerrik beroenak  jaso nuen mesedeagatik eta Zestoa eta Aizarnari egin dion lan zoragarriagatik, zer esanik ez.

Ez nituen  hartu-eman handiak izan berarekin, baina izan nituenak interesgarriak  izan ziren niretzako. Baita ere esan beharra daukat  berak argitaratutako liburuak asko erabili ditudala Aizarnara begira dagoen webgune honetan.

Gogoan dut  berarekin izan nuen solasaldi batean nola Aizarnako historiaren kontuak aztertu genituen eta Egañatarrenak  batik bat. Berak bazekien  Aizarnako historia ezagutzeko nuen zaletasuna, eta arlo honetarako egin zidan hain zuzen lehen aipaturiko laguntza.

Badakit  berak gauzatutako lana egiteko artxibategi asko pasako zituela eta hauetako batean Aizarnaren  aipamena aurkitu zuen Donostiako San Bartolome komentuan. Aipamen hau 1303. urtekoa dugu, errota bat erosi eta ondoren idatzi zuten egiaztagiri batekoa. Lope Martinez d·Aycarna lekuko bezala agertzen da agiri honetan. Garai haietan eta lekuko bazen Donostia aldean, esan liteke abizen hau zerbait zabaldua egongo zela Gipuzkoan. Beraz gure bailara  edo hiri txiki hau aspaldikoa dela ezin ukatu.

Luze joan gabe hasi nadin eskerrak emateko argudioa zein den azaltzen, lehen   aipaturiko  dokumentu hau osorik eskura eman zidanekoa baita.  Bera arduratu zen telefono dei bat egiteaz eta elkartzeko ordua jartzeaz. Elkarrizketa luze baten  ondoren bera arduratu zen dokumentu hau nire eskuetan jartzeaz.

Banuen aurretik ere Aizarnaren lehen aipamen bat 1212. urtekoa; berak aurkitutakoa urte batzuk geroagokoa zen, baina esan beharra daukat gustura hartu nuela agiria hala ere.

Dokumentu hau berehala jarri nuen Aizarna.com webguneko lehen atalean.  Gaur egun ere bertan jarraitzen du nahi duenak irakurri. Jakinduria eta dokumentu zaharrak dituenak  jendeari erakutsi ezean ez dute ezertarako balio, usteldu egiten dira eta  hurrengo belaunaldiek ez dute berauen berririk izaten. 

Lehen aipatu bezala eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen  Iñaki Azkuneri nirekin izan zuen detaile polit honengatik. 

Jon Egiguren

------------------

Joan artikuluen zerrenda osora>