Erromeri kontuak Aizarnan
Errautsak Auspotzen, izenburua duen proiektua martxan dagoela irakurri dut hedabideetan. Urola erdiko trikitilarien berri emango duen proiektua da berau, gainbegiratu bat egin Aizarnari eta ikusi dut proiektu honetarako trikiti eta pandero jole ugari baditugula.
Jakin dudanez proiektu honetan trikitia jotzen zuten edo dutenak bakarrik sartzen omen dira, 60ko hamarkada aurretik jaiotakoak eta soinu handia edo pianoaren teklatua erabili zutenak ez omen dira sartzen. Trikitia zer den ondo ezagutzen ez dugunontzat penagarria, hauek ere hamaika erromeri alaitu baitzituzten Aizarnan.
Jose Joakin Zubizarreta “Sorozabal”, Jose Manuel Zumeta “Arretxe”, Julian Elorza “Katre”, eta baliteke gehiago ere izatea. Nik dakidanez hiru soinu jole hauek, soinu handia erabili zuten. Trikitilarien zerrendan ezin dira jaso, baina aintzespen bat hemendik beraientzat, hauek ere, berdin merezia dute eta.
Infernuko hauspoa deitzen diogun tresna hau, 1890eko urte inguruan ezagutu dugu Euskal Herrian. Norteko trenbidea egitera etorri ziren Italiarrak ekarri omen zuten Alpeetatik. Geroztik, jarraitzaile ugari izan ditu tresna honek eta makina bat bazter alaitu ere bai berarekin.
Trikiti kontuekin jarraituaz, Santa Engraziko benta ataritik pasatzean, nire garunak jasota dituen oroitzapenak berrikusten ditut askotan; gazte garaiko erromeri edo trikiti giroak dira berauek. Oroipen garbia ez izan arren, zakarrontzira bota gabe ditu nonbait, buruan daramadan ordenagailu kaxkar honek. Udako igande eta jai egunetan ospatzen ziren erromeria hauek, arratsalde alai ugari igaro genituen bertan eta hau izango da arrazoia ahaztuta ez izateko.
Aristerrazuko erromeriak bezalako osperik ez zuten izango, baina benta honetakoak ere oso ezagunak izatera iritsi ziren. Eremu zabaleko jendea hurbiltzen baitzen bertara, adibide bat emateko: Bedama, Aizarna, Akoa, Txillarramendi, Altzola eta abar. Etxe honetako terraza eta zuhaitzak hitz egingo balute, zenbat bitxikeria kontatuko ote lituzkete.
Bitxikeriak aipatzen jarraitu eta ohitura batekin gogoratzen naiz gehien bat: bentara sartu eta berehala ardo botila osoa ateratzen zen gonbidatzeko, gero basoa hartu eta denei banaka-banaka tragoa eskaintzeko. Baso bakarra eta denak tragoa bertatik, gaur egungo “eskrupulorik” ez zegoen nonbait. Egun ez nuke pentsatu nahi, sagardotegi batean denak baso batetik txotx egitea nola litzateken.
Gaur egun bitxikeria, baina orduan nahiko serioa zen gaia, Elizak infernuko hauspoarekin parekatu zuen tresna hau. Bekatu bideak irekitzen zituela esaten zuen, arrazoia, erbestetik etorritako dantza lotuak egiten zirelako berarekin.
Elizak bakarrik ez, Udaletxe eta Gobernuak ere, ez zuten ondo ikusten dantza hau erromerietan. Debekuak ezartzera ere iritsi ziren, eta hemen ere debekuen mamuak ez dut uste urruti ibili zirenik.
Jose Joakin Zubizarreta “Sorozabal” ezagutu nuen gehien bat erromeri honetan soinu jole. Honek soinu handia erabili zuen, baina trikitiak bezain egoki alaitu zituen erromeri hauek.
Proiektu honi begira hasi eta amaitu ere hala egingo dut. Aizarnak zerrenda luzea du proiektu honetarako eta ospe handia lortzera iritsi zirenak tartean. Proiektua amaitzean ezagutuko ditugu berauek eta seguru gure herri txiki honek maila egokia erakutsiko duela ekintza honetan.
Jon Egiguren