Erlojuaren ehungarren urteurrena
Santa Engrazia ermitan dagoen erlojuak, Aizarna bailarako biztanleei orduak aditzera ematen ehun urte beteko ditu aurten. Hau dela eta omenaldi bezala aipamen txiki bat egin gabe ezin dugu utzi urtemuga pasatzen. Altxor berezi honek ez duelako hitz egiten, bestela esango luke “nik baino urte gutxiagotan lan egin duten Aizarnarrak jaso dituzte goraipamen handiagoak”.
Ehun urte hauetan gauza asko ikusi eta entzungo zituen mekanismo zoragarri honek. Batek daki zenbat kanpai jo dituen, zenbat meza lagundu eta zenbat amodiozko elkarrizketa entzun. Hauetaz gain hitz egiteko arazoak dituzten haurren amek, Santari eskainitako errezoen lekuko ere izan da urte hauetan.
Atseden aldiak ere izan ditu urte hauetan, erreumaren erasoak direla eta, baina sendagile onak bisitatu zuten eta ebakuntza egoki bat egin ondoren, lanean ari zaigu gaur egun ere.
Lanean ari da eta bizirik dagoen seinale. Izen abizenak nola agerian dituen badakigu erloju honen gurasoak Yeregitarrak direla, urte askotan erlojugintzan adituak. Hau jartzen du bertan: "YEREGUI Y CIA CONSTRUCCIONES ZUMAYA. AŃO 1914"
Familia honen nondik norakoak jasotzen ari den Xabier Alvarez Yereguik Aizarnan emandako hitzaldian argitu zuenez, erloju honek anaia asko ditu Euskal Herrian, baina denen artean hau omen da gazteena. Urte muga honen ondoren ez baita ikusten Yereguitarrek egindako erlojurik, motor dieselak egitera transformatu zutelako beren lantegia.
Baita ere badakigu Zumaian jaio zela, eta Santa Engrazia ermitan bataiatu. Seguru bataio honetan Aizarnako jende askok hartu zuela parte, baina aspaldiko kontuak direnez ahoz aho iritsi zaizkigunak aipatu behar, agiri zehatzik ez dugulako.
Bentan bizi den Jose Mari Azpeitiaren esanetan, bere aitona ibili omen zen bataio lanetan, garraiatzen eta abar. Garraiatzeaz gain beste zeregin gehiagotan ere lagundu beharra izango zuen seguruenik. Aitonak hemezortzi urte zituen hau martxan jarri zenean eta bere esanetan teknikariekin asko ikasi omen zuen erlojuaren mekanismoa zaintzen.
Ondorengo urte pila batean berau arduratu zen erlojua zaindu eta harriak jasotzeaz, bi egunetik behin jasotzen omen zituen harriak, nahiz euria, haizea edo elurra egin eta ondo koipetu ere bai ardatz eta engrane guztiak beti distiratsu egon zitezen.
Oso zuzen egiten omen zuen bere lana, baina zerbait bazuen erlojuak, laster omen zen bateren bat bentan, zer pasatzen ote zen jakiteko. Kanpai hots hauek oso beharrezkoak ziren nonbait bailarako zereginak antolatzeko garaian.
Nabaria da erloju honen bizitzako zati handi bat, benta honetako familiaren esku egon dela eta gehien bat Jose Mari Azpeitia Odriozolaren esku, gaur egun bentan bizi den Jose Mari Azpeitiaren aitona.
Merezimendu osoarekin, baina esker ona ere jaso zuen Jose Mari Azpeitia Odriozolak 1975.urtean erloju zaintzan egin zituen lanengatik. Argazkian ikusten dugu bentako balkoian oroigarriak eskuan dituela, berari eskainitako plaka eta erloju dotore bat jaso zituen Aizarna eta Zestoako alkateen eskutik. Nahiz parrokiari dagokion elizan egon , esan behar erlojua ez dela elizarena, herriarena baizik.
Erloju honek garai zaharrak nota onarekin gainditu dituela esan beharra dago. Bestalde, urte askotan lan egin ondoren, tontorreko hezetasunak erreuma ezarri zion mekanismo osoan.
BERRIKUNTZAK ETA GARAI BERRIAK
Ermita zahar honek bizirik irauteko berrikuntza ugari izango zituen seguruenik eta eskuratu dudan margo batean ikusten dudanez, kanpaiari eusten dion dorretxoak ere bai. Angel Piralak 1907. urtean margotu zuen ermita hau eta hemen ikusten denez dorretxoak ez dauka gaur egun duen itxura. Margoa denez ez da baliagarri egiaztatzeko baina nire ustetan seguru itxura hau zuela urte horretan.
Egiaztatua dagoena da ermita 1975. urtean eta auzo lanean berriztatu zutela. Eta honen ondoren erlojuari ere ebakuntza egin ziotela. Sendagile talde ona ibili zen eta hauen arduradun Erramun Etxaide "Legoia" izan zen. Lan bikaina egin zutela esateko bisita egin besterik ez dago tontorrera.
Transplanteak ere egin zizkioten eta organo berri hauekin lanean hasi zen berriro, erreuma Altzola aldera bidali eta gero. Lanean hasi eta orduak zuzen adierazi ditu ondorengo urteetan, hau gutxi balitz berak bakarrik eta automatiko jasotzen ditu orain harriak. Bi egunetik behin jasotzera joan beharrik gabe.
Ondorengo urteetan "Legoia" bera izan da erloju honen zaintzailea. Galtzada zaharrean egin ditu gora behera ugari ermitarako bidean, orain adina dela eta bentan bizi den Jose Mari Azpeitiari eman dio lekukoa.
Aizarnak dituen ezaugarri nagusiak dira Santa Engraziako ermita eta bertan kokatzen den erlojua. Eskerrak eman gabe ezin amaitu gaur egun duten itxura egokia izateko lan egin duten guztiei.
Ikusi dugu gizaldi oso batean egin duela lan gure erlojuak. Beste gizaldi bat egingo ote du? Hurrengo belaunaldiak apaingarri bezala ikusiko du ermitan edo erakusketaren batean? Etorkizunak esango du.
Jon Egiguren
Danbolin aldizkariak argitaratua