Erlojua eta ermitaren zaharberritzea ospatzeko ekitaldia
Espresuki beretzat eginiko txoko berrian hasi da lanean berriro Santa Engraziako erloju zaharra. Berrestrukturatze lanak direla eta 10 hilabetez kanpoan egon ondoren itzuli da bere txokora. Seguru irrikitzen zegoela bere etxera itzultzeko, gizakiak erietxetik itzultzeko gogoa izaten duenean bezala.
Gertakari hau ospatzeko ekitaldi berezia zegoen antolatuta uztailaren 2an: meza, bedeinkapena, hitzaldiak, musikariak, pintxoak eta abar. Jendea ermitara igotzeko garaian eguraldiak ere lagundu zuen, esan behar eguna nahiko txukuna irten zuela. Hau egiaztatzen duen bideoari egin begirada bat behean, bertan ondo ikusten da egun horretan tontorrean zegoen giroa. Irudiak ez dira hain onak, barneko argia ermita guztietan bezala iluna delako.
Berrikuntza honetan lanean jardun direnei oroigarri bat oparitu zien alkateak eta eskertu ere bai egindako lanak. Apaizak ere eskerrak eman zituen Aizarnako Parrokiaren izenean. Honek garai bateko sermoi aspergarriak utzi eta gaur egun gizarteak dituen baloreak goraipatu zituen, nahiz sinestunak edo bestelakoak izan. XXI. gizaldiak behar dituen apaizetako bat dela esango nuke. Yeregik erlojuaren berri eman zuen eta ermitak duen itxura berria lortzeko zenbat ordu lan egin diren azaldu ere bai. German Zelaia, bailarako bertsozaleak, bertsotan azaldu zuen auzolanak duen balorea eta ermitak hartu duen balio erantsia lortzeko lan egin duten guztiei eskerrak eman ere bai.
Ekitaldia aurkezten Fernando Arzailus izan genuen. Honek gai hauetan eskarmentu handia baitu eta aipatu gabe ezin utzi tontorra alaitu zuten trikitilari, txistulari, txalapartari eta Aizarnako parrokiko korua. Aldi berean mokadu goxoak prestatzen aritu zen taldea ere bai. Ekitaldia amaitzerakoan, Fernando Arzailusen eskutik, merezitako eskerra jaso zituzten lan talde guztiek eta bertara hurbildu ziren guztiek ere bai.
Aspaldian erloju honekin egin diren lanen berri asko idatzi eta entzun dugu komunikabideetan, gehiegi behar bada. Erakusketak direla, jasotze prozesuko dokumentalaren grabaketa dela, inauguratze eguneko ekitaldia... Batek baino gehiagok esango zuen honez gero, hauek erlojua konpontzen ari dira edo propaganda egiten erlojuarekin. Pixka bat luzea egin dela esan beharra dago, baina amaitu dira lanak eta beste urte pila batean jarrai dezala isil-isilik, ordua adierazteko kanpai hotsekin bakarrik.
Beti ere nire ikuspegitik jakina, kanpai hots hauek gustuko izango direlakoan nago bailaran. Betidanik ermita ezagutu eta entzun dituztenentzako batik bat, eta ermitak jaso duen balio erantsia datozen belaunaldiak ezagutu ahal izateko alegia. Denok dakigu ermita honen jabegoa elizak duela, baina elizarena edo publikoa izan, Aizarnak duen historia luze bat darama barruan eta zaintzea merezi duena.
Mendi tontor honek duen xarma ermita dagoelako bakarrik ez luke izan behar, lagundu egiten du jakina eta erlojua ikusteko aukerarekin gehiago oraindik. Seguru gure arbasoek eraikuntza hau ez zutela egin jainkoarekin bakarrik pentsatuta. Beraz, fededuna izan edo ez, denok daukagu eskubidea eraikuntza eta tontor honetaz gozatzeko.
Jon Egiguren