Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Erloju honek izan duen eragina nire bizitzan

Nik ez dut abilezia handirik kamara aurrean hitz-egiteko, baina erloju honekin bideo txiki bat egin, data batzuk azaldu eta berarekin izan ditudan hartu-emanak agerian jartzeko gogoa nuen Aizarnara begira dagoen orrian jasotzeko.

Askotan entzundakoa naiz mendi tontor honetako kanpaiaren taupadak, dorrean zeuden erlojuek garrantzi handia zuten nire gazte garaian, bai kaskoan bizi zen jendearentzat eta gehiago oraindik mendian edo basoan lan egiten zuenarentzat.

Ni jaio nintzen baserritik aurrez-aurre kokatuta dago ermita hau eta bertako kanpaiaren danbatekoak asko neurtu zituen nire egitekoak, lanari utzi eta etxera joateko garaian batik bat.

Badira urte batzuk erloju hau birmoldatu eta harriak automatiko jaso eta kanpaiak motor baten bitartez jotzen dituela. Oraindik gogoan dut Erramon “Legoia” zenbat aldiz pasatu zen gure baserri ataritik erlojua zaintzera. Lan bikaina egin zuten gainera erloju honekin, zainketa honi esker dago bizirik gaur egun.

Badira urte bat edo beste tximistak tresneria elektrikoa hondatu eta geldirik zegoela, orain Yeregi Elkarteak bultzatuta Lasaoko gela batean ari gara talde bat berau errekuperatzen.

Oraingo berrikuntzan, harriak berak jasotzeaz gain beste aurrerapen batzuk ere izango ditu: esaterako, erlojuaren aurreratze edo atzeratzeak automatikoki kontrolatuko ditu aurrerantz, beraz ordu fidagarria izango du hemendik aurrera.

Oraingo berrikuntzaren barruan sartzen da kristalezko kutxa batean kokatzea ere, ermitara igotzen den edonork berarekin gozatzeko aukera izan dezan. Xarma duen ondarea izanik, merezitako berrikuntza da niretzako.

Egin klik behean bideoa ikusteko

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>