Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Erlijioak izan duen eragina gizartean

Frankismoaren zentsurak galarazita zituen liburuak irakurri ondoren hasi nintzen kristautasunaren arauak zalantzan jartzen, geroztik gai honetaz irakurtzeko beti izan dut zaletasuna. Dena den gaur egun ere zalantza berak ditudala esan beharra daukat.

Askok esaten dute, kristautasunak onura handiak ekarri dizkiola gizarteari, baina bestelakoak ere entzuten dira. Antzinako kultur anitzak desegin eta zientziak atzera egiten lagundu duela esaten du adibidez Hans Harms filosofariak egunkari batean (El redil de los Dogmas, Diario Vasco, 2018-01-08).

Erromako Teodosio Enperadoreak 380.urte inguruan kristautasuna erlijio bakarra inposatu zuen bere inperioan; ondorioa jakina da, paganismoak zuen erlijio aniztasuna desagertzen joan zen. Helburua paganismoak zituen kultura anitzak baztertzea omen zen.

Erlijio bakar hau inposatzeak eragin gogorrak ekarri zituen ondorengo gizaldietan. Legedi hau ezarri aurretik badirudi aniztasun handia zegoela irakaskuntzan ere: zientzia, artea eta abar. Honen eraginez VI. gizaldian eskola erlijiosoak bakarrik gelditu ziren eta , Kristautasunari begira bakarrik erakusten zuten berauek. Bestalde hari honetatik ez zegoen inoiz ihes egiterik. Ondorioz zientzia, artea eta kulturak atzerapen handia jasan omen zuten. Hirietako eskola publikorik ezean, jakinduria guztia monasterioko elizgizonen esku gelditu zen eta liburu asko sutan erre ere bai.

Ondorengo gizaldietan zientzia oso gutxi aurreratu zen, Erdi Aroan sartu arte. Orduan hasi zen berriro mugitzen, baina oztopo handiekin hasi ere. Denok dakigu Galileo-Galilei nola zigortu zuten mundua eguzkiaren bueltan zebilela esan zuelako.

Inkisizioak legedia zorrotzak ezarri zituen garaiak ere badira, eta urrutira joan gabe ezagutzen ditugu honen eraginak: Zugarramurdiko sorginen ehiza, esaterako. Epaiketa zorrotzak izan ziren hemengo sorginkeriak zirela eta, umeen adierazpenak nahiko izaten ziren erruduntzat jotzeko. Batzuk libre geratu ziren epaiketan damutu zirela esan zutelako, baina damurik erakutsi ez zutenak sutan bizirik erre zituzten. Gogorra benetan.

Hain atzera joan gabe ere ikusi ditugu kasu bat baino gehiago ulertzen zailak direnak. Hautako bat Charles Darwinena dugu: espezieen eboluzioaren teoria atera zuenekoa alegia. Teoria honek animalien eboluzioa nola gertatzen den erakusten du eta erlijioak zentsuratu egin zuen, ahalegin guztiak egin zituen teoria hau ez argitaratzeko. Egun teoria hau onartua dago mundu zabalean.

Zientziarena gaitz-erdi, gogorragoak izan dira kristautasuna inposatzeko Aita Santuak antolatu zituen “gurutzadak”. X. gizaldi inguruan lehena, guda hauek Jerusalengo lur Santuak bereganatu eta kristautasuna ezartzea zuten helburu.

Amaitzeko esan behar, askotan egiten dugun akatsa dela, pertsona edo egoera bat kritikatzerakoan lehenik alderdi zatarrak agerian jartzea. Nik ere horixe egin dut idatzi honetan.

Badakit ordea 2000 urte dituen instituzio honek ez duela iraun inposatu dituen arau hauengatik. Erakargarria eta onurarik gabea izanez gero ez baitzen gaur egunera iritsiko. Dena den idatzi honetan denak ezin dira aipatu eta onura hauek beste baterako utziko ditut.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>