Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Erdoiztako San Isidro jaia 2026

Beste urte batez gozatzeko aukera izan dudala esan behar dut, Erdoiztako San Isidro egunean antolatutako jai egunarekin. Gainera, uste dut orrialde honetan aipamen bat egitea ere merezi duela. Aurten ez nuen egitaraua hedabideetan irakurri; nire errua izango zen seguruenik, baina badaezpada bertara hurbildu nintzen, eta zalantzak berehala uxatu nituen han ikusitako jendetza ikusita.

Askotan egin izan dut Etumetatik Erdoiztarako ibilaldia, baina egun honetan, besteetan ez bezala, jai giro eder batekin egin nuen topo. Giro horretaz gozatzea eta nire argazki zaletasunaren bidez une horiek irudikatzea izaten dut helburu askotan, eta jai honek ez du besteek baino gutxiago merezi.

Hurbildu eta San Isidrori eskainitako ermita bisitatzera egin nituen lehen pausoak. Bertan meza ematen ari ziren, eta jende ugari zegoen gainera. Hirukote batek kantuz alaitu zuen ospakizuna, eta benetan atsegina izan zela esan beharra daukat. Azpimarratzekoa da ermita egun honetan duen apaindura, baina urte osoan ere norbait arduratzen dela ematen du, eraikinak duen itxura zaindua ikusita.

Irten bezain pronto hasi ziren trikitilariak jotzen, tartean bertsolariak lagun zituztela. Hori guztia mokadutxo eta edariaz gozatzen genuen bitartean entzun ahal izan genuen. Eguraldiak euria egingo zuela zirudien, baina euriaren ordez negu gordineko haize hotza zebilen. Eskerrak hamaiketakoari; bestela, nork berotuko zuen gorputza!

Aizkolarientzako egurrak prestatuta zeuden plazatxoan, baina haiek ikusteko pixka bat itxaron behar izan genuen. Zorionez, denok jakin genuen atzerapenaren arrazoia: emakumeen itzulia Etumetatik pasatzen zen, eta kirolari batek ezin izan zuen errepidea zeharkatu. Eskarmentu handiko aizkolariak zirenez, laster moztu zituzten egurrak eta ederki gozatu genuen haiei begira.

Aipatu gabe ezin dut utzi Iñaxi Gurrutxagari egindako omenaldia. Erdoiztan jaioa, bertan ezkondua eta auzoarekin bizitza osoan lotura estua izan duen emakumea baita. Urte askotan auzoan lan bikaina egindakoa da, bai jaien antolaketan eta baita ermitaren zaintzan ere. Benetan merezitako aitortza dela ezin da ukatu.

Meza eman zuenak ere aipamen berezia egin zien egindako lanei, eta txalo zaparrada handia jaso zuen bertan. Elizan jasotakoa handia izan bazen, ez zen txikiagoa izan argazkian ikus daitekeen bezala lore sorta jaso zuenean. Zorionak ematea besterik ez zait gelditzen, auzoaren alde egindako lan guztiagatik.

Erdoiztako ekitaldiak amaitu ondoren, jai egunak Granada jatetxean egindako bazkariarekin jarraitu zuen ilunabarrera arte. Benetan egun polita izan zen; ea datorren urtean ere berdin gozatzeko aukera izaten dugun. Antolatzaileak zoriondu beharra dago.

Argazki hauek ez dute egun osoa erabat irudikatzen, baina niretzat garrantzitsuenak direnak argitaratzen ditut behean. Gozatu berauekin.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>