Elkartea dauka berriro Aizarnak
Hitza egunkariak argitaratua
Leire Etxeberria alkatea eta Ander Bergara ziegotzia elkartean, eskuan txakolin banarekin (Argazkilaria: Xabier Otamendi)
Irekita dauzka ateak berriz ere Aizarnako auzo elkarteak. Donostiako Gotzaindegiak hitzarmen bana sinatu du Aitzbarna Elkartearekin eta Zestoako Udalarekin. Hiru urte barru egongo da betiko lokala Aitzbarnaren esku. Udalak eskola zaharra berritu beharko du, eta beheko solairua elkartearentzat izango da. Lanak luzatuko balira, Gotzaindegiak beste urtebeterako ere utziko lioke Aitzbarnari egungo lokala.
Europak bideratutako diru-laguntza balituko dute eskola zaharra berritzeko. «180.000 euro kostako da eskola zaharra berritzea, eta Europatik 80.000 iritsiko dira». Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Zestoako Udalak «urtebetean lanekin hasteko konpromisoa hartu du». Datorren urteko ekainerako lanak hasita izango dira, «dena ondo badoa».
Hitzartutako egutegian zehaztutakoa baino denbora gehiagoz egoten badira Aitzbarnakoak lokal zaharrean, eguneko ehun euro ordaindu beharko dituzte. Horrez gain, gai horren bueltan «bost aizarnar epaitegiko zitazioaren zain» daudela ere gogoratu du Bergarak.
Hitzarmenean dioenez, Gotziandegiak horri dagokionean atzera egin. «Salaketa ezin dute kendu, baina ados jarri direla adieraziko die epaileari», azaldu du zinegotziak.
Bilerak, azarotik
Azarotik ekainera bitartean, Zestoako Udala —Bildu zein EAJko ordezkariak— bost aldiz bildu da ere Gotzaindegiarekin. Hala gogoratu du Bergarak. «Azaroan egin genuen aurrenengo bilera, eta bosgarren bileran sinatu genuen hitzarmena», azaldu du zinegotziak. «Aurrenengo bileran esan ziguten lokal horretan ez zela elkarterik egongo», azaldu du. «Ez ginela berriro sartuko zirudien hasieran», gehitu du Etxeberriak.
Aizarnarrekin ere hainbat bilera egin dute udal ordezkariek, eta bi, zehazki, horrekin lotutakoak. Hala nabarmendu du Bergarak.
Emaitzarekin «nahiko gustura» daude. «Ez da erraza izan», aitortu du Bergarak, eta argi dauka ez dela «denen gustukoa izango», baina beraiek ahal duten «ondoen» egiten saiatu direla. «Azkenean lortu dugu irekitzea, eta auziari irtenbide bat ematea», azaldu du alkateak. «Lokala ez da herriarentzat izango. Ezinezkoa izango zela ikusi genuen hasieratik. Lortu dugunarekin nahiko gustura gaude, hau berriro ez zela irekiko ematen baitzuen hasieran».
Aurreko agintalditik
Bai Etxeberriak, bai Bergarak, aurreko agintaldian sortutako arazoa delagogoratu dute. «Aurreko egintaldikoek lan asko egin zuten arazoa konpondu ahal izateko», nabarmendu du alkateak. «Egoera okerragoa zen, gainera. Guk giroa baretuta zegoela eutsi diogu arazoari. Aurrekoek egindako lanaren fruituari esker egin ditugu kudeaketak».
Eskola Zaharrean irekiko dute hurrengo elkartea (Argazkilaria: Xabier Otamendi.
Hitza egunkariak argitaratua
Joan artikuluen zerrenda osora>