Ekaitzen ondorioak eta konjuruak
Ekaitzak berarekin ditu tximista eta trumoi hotsak. Hauen eragina bortitza izaten da askotan, bai eraikuntza bai animalia edo gizakien artean. Atzera asko joan gabe begiratu besterik ez dago Zestoako dorrean ekaitzak egin zuenari; nork esan tximista bat kupula osoa botatzeko gai izango zenik. Hori eta gehiago egiteko indarrak ere izango ditu seguruenik.
Ekaitzaren kalteak beti ez dira tximistarenak izaten. Batzutan haize, euri eta harri jasa bortitzak ere izaten dira ekaitzarekin, landa eremuetako uzta guztiak zipilduaz. Soro eta zelaietan gurutzeak jartzen ziren eraso hauek saihesteko. San Juan egunean bedeinkatutako lore eta erramu eguneko hostoak erre ere egiten ziren. Eta gainera, kandela bedeinkatua pizten zen sukaldeetan. Gure etxean hala egin ohi zen behintzat.
Hauek gutxi izanik, herriko apaizak ere konjurua egiten zuen “zumitaioan”. Ez dakit naturak dituen indar hauek nork kudeatzen dituen, baina beti zerura begira egindako eskaerak izaten ziren. Fedea mendiak mugitzeko gai dela esan ohi da, eta konjuru hauek ere fedearekin egindakoak direnez, baliteke emaitza onak izatea, nahiz eta datarik ez dugun emaitzak balioztatu ahal izateko.
Gaztetatik entzun izan dut Altzolako baserritar batek egiten zuen konjurua ekaitzetik baserria babestu nahian. Honek ere zerura begira egiten omen zuen, eta honela dio konjuruak: Kargatu Izarraitzen,deskargatu Ernion, guarda Altzola, y endemas Semeola. Bitxia benetan.
Dena den, tximistaren kalteak aipatu eta ezin alde batera utzi Santa Engrazia ermitak jasan dituenak, bati-bat kanpaia finkatzen duen dorretxoarenak. Nik neuk ezagutu ditut bat edo beste, eta iraganean auskalo zenbat jasan dituen. Dorretxo horretan finkatuta duen kobrezko kanpai erraldoia izango da errudun seguruenik, honek tximista erakartzeko gaitasun handia baitu.
Kalterik handiena behar bada 1828. urtean jasan izango zuen ermita honek. Oñatiko artxiboetan Joxemari Zuntzunegik aurkitutako agirien arabera, garai batean serora-etxea omen zuen ermitak, eta urte horretan bertan tximista batek etxea suntsitu omen zuen, ermita zaina hil zuelarik bertan.
Aspaldian konjuru kontuak galduta dira nonbait eta ez dakit honen eragina den hala ez, baina azken abenduko ekaitzak ere egin ditu kalteak Santa Engrazia bailaran. Baserri bat baino gehiago izan dira tximistaren eraginez atariko kontagailu eta kaxa elektrikoak dena puskatuta utzi dituenak. Etxe barruan susto galantak hartutakoak ere izan dira. Hauekin batera gehitu egin behar ermitako erlojuaren tresneria elektrikoari egindako kalteak, horren eraginez momentuz isilik dago kanpaia.
Tximistak sortzen dituen kalteak ez dira Santa Engrazia bailarara mugatzen, denok izango ditugu telebista edo tresnaren bat kaltetuta etxean seguruenik. Urte batzuk badira, baina ikusita nago zuhaitz azpi batean zeuden hiru behi tximistak erreta ere. Irudi hura tristea zen benetan.
Tximistari begira sarean dauden eztabaida-lekuetan garbi ikusten da metalak duen gaitasuna tximista erakartzeko. Dena den badira beste arrazoi batzuk ere, eta hauetako bat kareharriarena da. Kare harriz osatutako arkaitz tontorrak tximista erakartzeko gaitasun handiagoa omen dute, beste harri mota batzuekin konparatuta. Hauek irakurri eta tontor honek txartel denak dituela esango nuke tximista erakartzeko.
Egun ermita hau tximista orratz batek babesten du, baina argindar horniduratik sartzen dena oso zaila egiten da babestea. Goian aipatu dugun abenduko ekaitzak kaltetu du erloju honen tresneri elektrikoa eta seguruenik ez da azkenekoa izango. Auzolanean badoaz konponketak eta espero kuku kantuarekin batera kanpai hau ere kantatzen hastea.
Ikusten dugunez, gogor eraso du ermita hau tximistak, baina oraindik zutik jarraitzen du, biztanle asko saiatu baitira lan horretan. Merezi duelako izango da seguruenik.
Tontor hau energiaz beteta dago, tximista horrela erakartzeko gai denez eta energiaz beteta dagoenez merezi du ibilaldi bat eginez bertara igotzea. Egonaldi txiki bat egin, paisaiarekin gozatu, energia positiboaz kargatu eta seguru “karma” honek bizitza estresagarri honen oreka lortzen lagunduko digula.
Hauek laburbilduta tontor honek tximistarekin duen istorioa eta hauek ezagututa, ekaitz bortitzaren orduetan tontorra alde batera uztea hobe.
Jon Egiguren