Egoera baten aldaketa
ETA erakundeak armagabetzea iragarri zuenetik hamar urte igaro dira 2011ko urriaren 20an. Egun hura ondo seinalatuta gelditu da Euskal Herriko historian eta denok dakigu zer onura ekarri zituen eguneroko bizitzan.
Iragarri honetara iritsi aurretik, eguneroko bizitzan tentsio handia sentitzen zen kalean, politikari batzuk bizkartzainak zituzten, enpresarien artean urduritasuna nabaria zen eta ideologi ezberdinen arteko harremanak hotzak ziren. Ondoren asko erlaxatu ziren harreman hauek eta portaerak guztiz aldatu ere bai.
Denok dakigu erabaki hau hartu aurretik sukaldaritza asko egin zela, erakunde, alderdi politiko eta nazioarteko erakundeak barren. Bake bide hau jorratzeko garaian, Euskal Herriko politikari asko busti ziren eta garai horretan Espainian zegoen gobernua ere zer esanik ez. Honelako prozesu batek ez baitzuen botorik lortzen Madrid aldean eta Zapaterok egin zuena txalotzekoa dela esango nuke.
Euskal Herriko biztanleak ere asko lagundu zuen prozesu horretan, hainbeste urteko bortizkeria bizi ondoren gero eta kritikoagoa baitzen egoera honekin..
Ez dut gaitasun handirik politika gaiak aztertzeko, baina eguneroko bizitzan sentitutakoa denez, hauxe nire azterketa xumea, gertaera honen inguruan.
Izen asko aipatu litezke prozesu honetan lan egin dutenen artean, baina bi gizon dira gehien gailendu direnak, bata Arnaldo Otegi Elgoibarkoa eta bestea Jesus Egiguren Aizarnakoa.
Berauek izan ziren prozesu honen sortzaileak, ideologi ezberdinen arteko elkarrizketa zen eta urte batzuk bazeramatzaten harremanetan, ETAren iragarria lortzeko asmoarekin. Txillarre baserrian ekin zieten harreman hauei Aizarnatik ere pasatu ziren eta berauen esanetan tentsioak baretzeko garaian asko lagundu zieten Txillarreko nagusia den Pello Rubiok ere.
Nik Aizarnako gaiak jorratzen ditudanez eta politikari honek prozesu honetan egin dituen lanak ikusita, ezin dut aipamen txiki bat egin gabe utzi Aizarnara begira dagoen webgune honetan. Ondo dakit buru belarri busti zela prozesu honetan, baita ere zenbat sufritu duen helmugara iristeko. Lagunak ere izango zituen bidean, baina arerioak ere bai seguruenik, prozesua aurrera irten ez zedin.
Dena den, bortizkeriaren bitartez helburu politikoak lortzeko garaiak egun horretan amaitu ziren eta hau lortzeko, Aizarnakoak egin zuen lana ezinbestekoa izan zen. Beraz orain emaitza ikusita gustura sentitzeko arrazoiak ditu Aizarnako politikari honek.
Aizarnako politikari honek errekonozimendu berezia izango duelakoan nago Euskal Herriko historian. Egun historiko hau lortzeko ausardia eta ardura berezia izan zuelako alegia eta ez dut uste kaxoi bazterrean geldituko direnik egun daukagun bakea jorratzeko egin ziuen lanak.
Prozesu honetan izan duen ardura ikusita, baditu erakunde, alderdi eta udaletxeen errekonozimenduak ere eta espero dut egunen batean bere jaioterrikoarena ere berauen artean izatea.
Urtemuga honetan hedabide askok aipatu dituzte Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegiren lanak. Nik TV3 telebista Katalanak egindako elkarrizketa aukeratu dut, eta behean ezarri dut honen helbidea, nahi duenak ikus dezan.
Jon Egiguren