Eganazpi panderojolearekin erromerian
Joxemari Urbieta Egaņazpi panderojolearen ibilbidean oinarrituta, liburua idatzi du Gorka Erostarbe Zumarragakoak eta Euskal Herriko Trikiti Elkarteak argitaratu du. Liburuaren aurkezpena Zestoako Kultur etxean egin zen, bertan trikitilariek alaitu zuten ekintza eta gustura sentitu nintzela esan beharra daukat.
Egaņazpi Aizarnakoa izanik ezaguna zen niretzako, aurkezpenera joan gabe ezin gelditu beraz. Liburua eskuratzeko aukera izan nuen bertan eta panderojole bezala egin zuen ibilbidea hobeto ezagutu ahal izango dut orain. Badirudi Gorka Erostarbek asko hitz egin duela familiakoekin liburua hau idazteko, pasarte ugari azaldu baitzuen aurkezpenean.
Aizarnan jaio eta bertan urte asko bizitakoa izanik, gogoan ditut bere seme-alabekin herriko plazan partekatutako garaiak; baita erromeri egunetan bere pandero hotsarekin herria alaitutako egunak ere. Zer esanik ez Santa Engraziako bentan egin zituen saioak, udako igande arratsaldeetan bereziki.
Sakabi eta Egaņazpiren trikiti doinuak irratian entzuteko ere irrikan egoten ginen, Segura edo Arrate irratian egunero piezaren bat entzuteko aukera egoten baitzen. Niretzako gustukoenak berauen trikitiak izaten ziren, halanola Ehiztarien Gozamena Zure Urtebetetzea eta beste hainbat pieza. Zumarragako trikitia eta bikote hau gailentzen ziren irratian garai hartan, orain bezalako aukerarik ez baitzegoen.
Bailarako erromeri askotara joaten ginen garaiak ziren, eta trikitia izaten zen nagusi. Sakabi eta Egaņazpi famatuak zirenez, berauek izaten ziren bailarako festa gehienetan zalantzarik gabe. Guk geuk ere berauekin gozatzen genituen igande arratsaldeak.
Herri txikietan erromeriek zuten giroa dantzalekuek ordezkatu zuten ordea, eta gu ere giro horretan berehala erori ginen. Konjuntoak deitzen genien eta hauen doinu zaratatsua, gehi leku itxietan dantzan egiteko aukera iritsi zenean, berehala utzi genituen erromeriak alde batera. Ondorengo urteetan Jazz Berri dantza lekuan sartuta igaro genituen hainbat igande arratsalde.
Hari honekin jarraitu eta aurkezpenean Mikel Arregi alkateak kontatu zuen pasartea gustatu zitzaidan, Egaņazpi ezagutu zuenekoa alegia. Txitxarro dantzalekutik etxerakoan jende multzo handi bat omen zegoen Santuaran atarian. Zerbait alaia bazegoela ikusi eta bertan gelditzea erabaki omen zuten. Hor ezagutu omen zuen Egaņazpi panderojole famatua.
Txitxarrokoa eta Santuaran atariko giroa nabarmen desberdinak zirela ikusiko zuen. Baina biak zeuden Euskal Herrian errotuta, eta aniztasun honen azterketa egin zuen aurkezpenean.
Niri zaila egiten zait lerro hauetan pasarte honi buruz egin zuen azterketa azaltzea, oso mamitsua zelako. Baina gustatu zitzaidan eta hitzaldia jasotzeko saiakera egin nuen. Aitortu behar dut jendez betetako gela hauetan, mikrofono laguntzailerik gabe zaila egin zitzaidala ahotsa egoki jasotzea. Bozgorailua erabili eta nahiko ondo entzutea lortu dut dena den. Nahi duenak behean du aukera hitzaldi hau entzuteko.
Amaitzeko esan behar Aizarnako panderojole honek egin zuen ibilbidea liburu batean jasota izateak balio erantsi bat ematen diola Aizarnari. Historiaren zati bat izanik merezi du irakurtzea.
Jon Egiguren